Gora munduko indigenen borroka!

Miloika dira indigenak Mexikon, eta dozenaka beraien herriak. Nahiz eta jatorrizko herrialdea izan, edo hain zuzen ere horregatik, lehenbizi sistema inperialistak eta ondoren kapitalistak, gehien baztertu dituenak dira. Mexikoko geruza zapalduena eta behartsuena osatzen dute egun. Bi asteetan zehar errealitate honetara gerturatu eta hobeto ezagutzeko aukera eduki dugu.

Frayba, “Centro de Derechos Humanos Fray Bartolomé de Las Casas”, 1989an sortu zen, Samuel Ruiz apezpikuaren eskutik. Beraien lana Chiapas-eko giza eskubideen urraketak jaso eta aholkularitza juridikoa ematea da, batez ere herrialde indigenen aurkako giza eskubide urraketen kasuetan. Desagerpenak, torturak, lurren bidegabeko desjabetzeak, erailketak… dira eskuartean eduki ohi dituzten urraketak. Prebentzio lanean ere ibiltzen dira, horretarako giza eskubideen nazioarteko begiraleak prestatu eta komunitate indigenetara bidaltzen dituzte, hauen presentzia hutsarekin gatazken intentsitatea murrizten delako, eta giza eskubideen urraketarik gertatuz gero hauek lehen eskutik dokumentatu ahal izateko. Giza eskubideen nazioarteko begirale lan hau izan da guk bi asteetan bete dugun eginkizuna. Bi komunitate ezberdinetan egoteko aukera eduki dugu, bakoitzean astebete igaroaz.

 

Acteal-en Las Abejas-en eskutik

Lehenengo astea Acteal komunitatean igaro dugu, Las Abejas erakunde zibilarekin. 1992an sortu zen eta Acteal-en du bere kanpamendu zentrala, baina 28 komunitate ezberdinetan ditu sakabanatuak bere kideak. Urte horretan bertan Mexikoko Gobernutik laborantza-erreforma bat burutu zuten, zeinaren helburu nagusia herri-lurren (“ejido“) eta lur komunitarioen salerosketa posible egitea zelarik, ordura arte pentsaezina zena. 1910-eko Mexikoko iraultzaren ondoren (Emiliano Zapata eta Pancho Villa dira iraultza honetako lider ezagunenak), lurraren berreskurapen handia eman zen, nekazari eta indigenen eskura herri-lur moduan lur asko banatuaz (Mexikoren lurraren %50-a baino gehiago herri-lurretan banatua geratu zen).

Testuinguru honetan, eta indigenek pairatzen zuten eskubide urraketa eta jazarpenen aurrean, jendea antolatzen hasi zen eta Las Abejas eragilea sortu zuten. Hauen borroka, beraien eskubideen urraketak salatzeaz gain, Estatutik ezer onik edukiko ez dutela ondorioztatuaz, sistema autonomo bat eraikitzea da. Urteetan zehar beraien sistema forma hartzen joan da; egun klinika autonomoa dute, emakumeentzako aurrezki kutxa bat, artisautza kooperatiba eta gazte hezitzaileak, besteak beste.

Eraso ugari jasan ditu las Abejas-ek urteetan zehar, bai gobernutik eta baita paramilitarren eskutik ere. Guztietan odoltsuena 1997an jasan zuten sarraskia izan zen. Abenduaren 22 batean, Acteal-en elizan zeudela paramilitarrek (komunitateko kideak, gobernutik hauspotuta) 45 pertsona erail zituzten. Gertaera hau oso presente daukate oraindik, oroimenaren bitartez borrokarako beharra indartzeko, eta oraindik iritsi ez zaien justizia lortzeko. Pertsona batzuk atxilotuak izan ziren sarraski honen harira, baina egun kalean daude eta Gobernuak baliabide asko eman dizkie (etxe ederrak…).

Egungo egoera ez da erraza Las Abeja-eko gure lagunentzako. Gobernutik komunitateen zatiketa bilatu dute, Las Abejas bezalako komunitate ereduak ahultzeko, horretarako laguntza-programa ustelak bideratuaz. Politika honek eragina eduki du komunitate hauetan ere, eta gure lagunek eraso ugari jasaten dituzte komunitateetako “partidisten” eskutik (alderdi ofizialen jarraitzaileak). Zenbait familiek urteak daramatzate argia eta ura moztuak.

Borrokan dirauen erakundea da Las Abejas, bizitza duina eta justizia beraien komunitateetara eramateko. Besarkadarik beroena zuentzako!

 

La Realidad-en zapatisten eskutik

Bigarren astean, mundu osoan zehar oihartzun handia eduki duen zapatisten borrokara gerturatzeko aukera eduki dugu. La Realidad komunitatean izan gara, eta bertako okupazio militarra dokumentatzea izan da gure eginbeharra.

1994eko altxamendu zapatistarekin hasi zen oraindik osasun onean dagoen zapatisten borroka. Lortzen ari diren justizia eta autonomia mailen parekoa da hala ere Estatutik pairatzen duten errepresioa. Lehenengo urteetan errepresio militarra izan zen nagusi, baina azken urteetan estrategia aldaketa egin eta komunitateetan bertan zapatisten aurkako taldeak hauspotu ditu Estatuak. La Realidad komunitateko ondorengo pasarte lazgarria da honen adierazle.

2014ean La Realidad komunitateko bizilagun batzuek, eraso paramilitar batean, Galeano zapatista pentsa litekeen modurik odoltsuenean torturatu eta erail zuten. “Compañero maestro Galeano”-k protagonismo nabarmen izan zuen bai 1994ko altxamenduan baita 20 urte iraun dituen iraultzan ere. Azken urteetan La Realidad-eko hezkuntzan buru-belarri murgilduta ibili zen, eskola berri baten eraikuntza amets izanik. Baina zapatismoan eroritakoek bizirik jarraitzen dute, beraien lanek eta ametsek aurrera darraitelako. Zapatistek berriro ere hau erakutsi digute, eta ikur moduan Subcomandante Marcos-ek Subcomandante Galeano izena hartu zuen.

Zapatisten duintasuna eta erresistentzia miresgarriak badira, are eta gehiago, lortu duten antolakuntza eta autonomia maila. Mexiko bezalako Estatu batean, herrialde indigenentzako justizia, bakea eta askatasuna ez daude inondik inora ziurtatuak. Oinarrizkoak diren beharrak asetuko dituzten baliabideak beraien eskuetan edukitzea da bide bakarra. Horretarako zapatistak osasunean, hezkuntzan eta elikaduran burujabetza eraikitzen ari dira, milaka pertsona eta ehundaka komunitateen artean. Korrupzioak lekurik eduki ez dezan eta pertsona ororen ekarpenaren balioa jasotzeko, politika egiteko beste modu bat posible dela erakutsi dute, behetik eta ezkerretik, horizontalki, non asanbladen bidez erabaki kolektiboak diren oinarri.

Mundu guztiko iraultzaileon artean egun batez eskala handian lortu nahi dugun hori, zapatistek txikian posible egin dute. Biba zuek!