Guaixe-k erreportai zabala egin du sakandar brigadistekin
Elkartasuna da herrien arteko xamurtasuna.... dio kantak. Elkartasun horren adierazle dira Askapenako brigadak. Urtero dozenaka lagun abiatzen dira Euskal Herritik beste hamaika herrialdeetara, Askapena talde internazionalistarekin brigadista moduan. Borrokan dauden beste herrialde batzuekiko elkartasuna adierazi eta beraien borroka bertatik ezagutzea da haien helburuetako bat. Bestea, mundu zabalean Euskal Herriaren egoeraren berri ematea. Horregatik, brigadak joan-etorriko bidaiak dira. Bertara joan, eman eta bildu; etorri eta zabaldu. Horrela egin dute Sakanako gazteek. Uda partean brigadista moduan izan dira 4 herrialde ezberdinetan eta bertan bizi eta ikasitakoaren inguruan mintzatu dira. Zoila Berastegi eta Helena Nabarro arbizuarrak, Igor Artieda etxarriarrak eta Oihana Gallo urdiandarrak, Maputxe herria, Mexiko iparraldea, Uruguay eta Bolivia izan dute hizpide. 4 herrialde, 4 bizipen, 4 borroka.... hamaika herri eta borroka bakarra.
Maputxe herria
Zoila Berastegi-Arbizu
"Maputxea, herri borrokalaria izan da betidanik eta borrokarako duten grinarekin aurrera egingo dute."
Zoila Berastegi arbizuarra, Irati eta Alizairekin batera jatorrizko herri batean izan da uztailean; Maputxe herrian edo Wall Mapun.
Maputxe herria gaur egungo Txile eta Argntinako estatuen barruan kokatzen da eta Zoila Argentinako lurraldean dagoen Puelmapun izan da. Arbizuarrak adierazi bezala eta borroka guztiak berdinak ez izan arren, Euskal Herriaren antza omen dauka jatorrizko herri honek. Gulumapukoa Hego E.Hko egoerarekin lotzen badugu, Puel Mapukoa berriz Euskal Herriko iparraldekoarekin.
Zoilak parte hartu duen brigada honek berezkotasun nagusi bat zuen hasieratik. Hizkuntza lantzea zuten helburu eta Euskal Herrian euskararen berreskurapenean egin den lanketa eta borrokaren berri ematea izan da haien erronka nagusia.
Maputxe herriak bizi izan duen zapalkuntza izugarria da zentzu guztietan. Hizkuntzari dagokionean, mapudunguna da haien hizkuntza eta hau ez da belaunaldiz belaunaldi trasmititu. Ondorioz, gaur egun hil zorian dagoen hizkuntza da. Orain berriz, ahalegin berezia egiten ari dira mapudunguma berreskuratzeko eta berreskurapen honetan ispiritualtasunak pisuzko garrantzia omen dauka. Hizkuntza ispiritualtasunaren isla baita.
Barilochen ospatu zen "trauna"n parte hartzeko aukera izan zuten brigadistek eta hikuntzaren alorrean Euskal Herrian egin den lana ezagutarazi zuten. "Oraindik ere asko daukagu egiteko baina egindako bidearen berri eman genien"
Mapudunguna ahozko hizkuntza bat da eta belaunaldiz belaunaldi galtzen joan da. Hizkuntza honek eta ondorioz maputxe izaerak zekartzan diskriminazio erasoengatik. Orain honen berreskuparenerako lan handia egiten ari dira.
Hizkuntzaren afera lantzeaz gain beste hainbat kontu jorratu dituzte bertan eta multinazionalen zapalkuntza salatu nahi izan du Zoilak. "Kolonizazio berri bat ematen ari da multinazionalen eskutik. Benettonek esaterako milioi bat hektarea ditu Partgonian".Lurraren berreskurapenaren aferan buru belarri dabiltza baita ere.
WallMapuko Askapenako brigadistek baikor begiratzen diote etorkizunari. "Pizten eta altxatzen ari den herria da Maputxea. Herri borrokalaria izan da betidanik eta borrokarako duten grinarekin aurrera egingo dute."
Uruguay
Igor Artieda-Etxarri Aranatz
"bi lagun hauek Askapenaren zentzua irudikatzen dute: elkartasunean oinarritutako eredua dira"
Igor Artieda etxarriarrak argi zeukan Uruguayra joan nahi zuela brigadista. Nahia azkenean egi bihurtu eta abuztua bertan eman du beste bi lagunekin. Duela 14 urte gertatu zen Filtroko sarraskiaren berri zuen Igorrek berak garai hartan 19 urte zituelako eta orduko irudiak gogoan izan ditu urte luze hauetan. "Banekien han euskaldunak ongi hartuak izan garela beti eta hori egiaztatu eta ezagutu nahi nuen"
Urtero bezala, abuztuaren 24an gogoratzen den Filtorko sarraskiaren urteurrenaren prestaketan parte hartu du Askapenako brigadak eta Igorren hitzetan ezinezkoa da bertan bizi izan zutena azaltzea. "Ez dago hitzik bizi egin behar da".
1992. urtera itzuli behar da Filtroko gertakarien berri emateko. Uruguayko jatetxe bateko langile ziren 30 euskaldun atxilotu eta orduko Espainiako gobernuak hainbat estraditazio eskatu zituen. 2 urteko prozeduraren ondoren 3 euskaldunen kontrako estradizioa onartu zuen Uruguayko justiziak. Ondorioz, 3 preso hauek gose greban jarri eta estradizitatzeko eguna iristear zegoela Filtroko ospitalera eraman behar izan zituzten baldintza kaxkarretan zeudelako. 3 kide hauei elkartasuna adierazteko asmoz milaka lagun biltzen ziren Filtroko ospitale inguruan eta zorigaitzeko abuztuaren 24 batean eta modurik gordinenetan, protesta oldartu eta ondorioz 2 hildako eragin zituen Uruguayko poliziak.
Geroztik, abuztuaren 24a egun seinalatua da; Euskal Herria eta Uruguayren arteko elkartasunaren adierazle. "Azken finean bi lagun hauek Askapenaren zentzua irudikatzen dute: elkartasunean oinarritutako eredu bat." Mometu batean EHrekiko eta 3 iheslariekiko elkartasuna azkeneraino adierazi zuten; bizia emateraino.
Aurtengoan, gainera are unkigarriagoa izan da Josu Goitia bertan izan baita. Josu, Filtroko sarraskia eman zenean estraditatu zutenetako bat da eta bere kartzelaldia bete ondoren hura gogoratzeko itzuli da Uruguayra.
Egun seinalatu hau bizitzeaz gain makina bat lan egin dute Askapenako 3 kideek Uruguayn. Egun gobernuan dagoen "Frente ampliorekin", ezkerreko alderdia den Asanblea popularrekin, eta beste talde askorekin bildu dira.
E.Hko gatazka hizpide duen "Orain Euskal Herria" irrati saioan askotan parte hartu dute eta oraindik ere web orriaren bidez haien ahotsak entzuteko tartea hartzen du Igorrek. Oso lotura estua dute Ehrekin eta hori eskertzekoa da.
Momentu oso hunkigarriak bizi izan dituela argitu du Igorrek baina bat aukeratzekotan Filtroko sarraskian hildako baten amarekin izandako elkarrizketa aukeratuko luke.
Uztailaren 31n iritsi eta Norma Morroniren etxera joan ziren. Izandako elkarrizketan malkoak isurtzeko gertu ibili omen zen. Hildako baten amaren ahotik hau entzun zuenean: "Solidario izateko hori baldin bada ordaindu behar den prezioa nire seme alaba guztiak solidario izaten jarraitzea desio dut"
Mexiko iparraldea
Helena Nabarro-Arbizu
"Egoera oso gogora izan arren herri mugimendua berpizten ari da"
Helena Nabarro arbizuar gaztea Nestor eta Maiterekin batera abuztuan zehar egon da brigadista.
Mexikoko iparraldea helmuga zuen Askapenako lehen brigada izan da Helenarena eta guztiz aberasgarria izan dela baieztatu du arbizuarrak. Orain arte, Chiapas eta Oaxaca estatuak zituzten jomuga talde internazionalistako kideek eta aurten erronka berria izan dute: Mexikoko iparraldea. Historian zehar hainbat kolektibok borrokan ihardun dute bertan eta herri mugimendua nahiko sendotuta egon arren, ez dira Zapatismoa eta hegoaldeko borrokak bezain entzutetsuak izan.
Mexiko iparraldeko Chiguaga estatuan izan dira nagusiki eta bertan herri mugimendua berpizten ari dela nabarmendu dute brigadistek. Aintzindari izan diren aldetik bertan egin duten lana mugimendu hori ezagutzea eta harremanetan hastea izan da.
Juarez hiria aski ezaguna da Euskal Herrian bertako feminizidioarengatik, egunero hamaika emakume erahiltzen dituztelako. "Baina hara iristean feminizidioa beste gai bat gehiago dela konturatu ginen. Juarez hirian makina bat arazo daudelako".
Juarezeko problematika ulertzeko beharrezkoa da hiri hau zein puntu estrategikotan kokatuta dagoen jakitea. EEBBrekin mugan egoteak arazo eta ondorio larriak dakartza. Juarez eta EEBBetako El Paso hiriaren artean harresi sinboliko bat dago. Azken hau EEBBetako hiririk aberatsena, seguruena eta garbiena den bitartean eta Juarez Mexikoko hiririk arriskutsuena, kaotikoena eta zikinena da. Paisaia honek sistema kapitalistaren aurpegirik gordinena erakusten duela baiztatu du Helenak. "Miseriatik aberastasunera harresi batek bakarrik bereizten zituen".
Hilabete osoan zehar hainbat talderekin bildu da Askapenako brigada eta bertako errealitatea zuzenean ezagutzeko parada izan dute. Emakume taldeekin, "Nuestras hijas de regreso a casa" taldearekin, militarizazioaren aurkako taldeekin, lur desjabetzearen inguruko taldeekin... Hamaika talderekin, beraz, hamaika borroka ezagutzeko.
Egoera oso gogora izan arren herri mugimendua berpizten ari dela azpimarratu du arbizuarrak behin eta berriz. "Errepresioa bortitza izan arren, kolektiboak antolatzen ari dira eta mugimendu hori sendotzen ari denez, nire ustez hemendik urte batzutara borroka honek fruituak emango ditu".
Bolivia
Oihana Gallo-Urdiain
"Abuztuaren 10ean herriak ozenki esan zuen: Jallallah Bolivia".
Oihana Gallo urdiandarra, Nagore, Leire eta Iñigorekin batera, Boliviako herrialdean izan da uztaila eta abuztua bitartean eta garai historikoa bizi izan dute bertan. Askapenatik Boliviarat joan den laugarren brigada izan da Oihanarena eta, aurreko brigadetako lanari segida emanez, herrialde horretan ematen ari den aldaketa prozesua gertutik ezagutzeko parada izan dute.
Joan aurretik aski ongi zekiten zein izango zen brigadaren lanik garrantzitsuena: abuztuaren 10ean egin zen erreferendum "baliogabetzaile" horren jarraipena egitea eta honen inguruan sortu zen giroaren lekuko izatea.
2005eko abenduaren 18ko MAS-ISPren garaipen argiaren ondoren, Evo Moralesek herriak emandako boterea eskuratu zuen eta aro berri baten hasiera eman zen Bolivian. Aldaketa prozesu honetan murgilduta daude gaur egun ere eta Gobernuak lanean jarraitzen duen bitartean, oposizioak trabak besterik ez dizkio jartzen. Aldaketa prozesu honetan berebiziko garrantzia izan duena, "jatorrizko herritarrek duintasuna berreskuratu izana" dela nabarmendu du Oihanak. Hainbeste urteetako zapalkuntzaren ondoren, jatorrizko herritarrak izan direlako aldaketa honen protagonista nagusiak.
Horregatik, hastapenetik oposizioaren oldarraldia nabaria izan da eta horren lekuko izan dira Askapenako brigadistak. "Egungo gobernua deslegitimatu nahian asko dira erabiltzen dituzten azpijokoak". Testuinguru honetan kokatzen ahal dira Boliviako 4 departamendutan eman zen autonomi estatutuen auzia. "Media luna" izenez ezkutatzen diren eta baliabide natural eta ekonomiko gehien dituzten departamenduek, autonomiaren aitzakiarekin boterea eskuratzea dute helburu.
Egonaldiaren lehen egunak Santa Cruzen eman zituzten brigadakoek eta bertako eragileekin bildu ostean, Cochabambarako bidea hartu zuten. Erreferendumaren bezperetan iritsi ziren bertara eta itxaropenez beteriko asmo eta borroka grina topatu zuten bertan. Egonaldi luze honetan hartu-emana izan zuten zenbait talderekin: aldaketaren aldeko emakumeen lehen topaketetan izan ziren, nekazal mugimenduko kideekin, MAS alderdiko kideekin, Cueca kolektiboarekin, ikasle mugimenduarekin, Cesat taldearekin besteak beste. Azken hauekin Aikilen ospatu zen nekazarien egunean parte hartu zuen talde internazionalistak eta herrialde osotik etorritako jatorrizko herritarrekin batera whipalaz eta ikurrinaz koloreztatu zuten eguna.
Oihanarentzat egun oso garrantzitsua izan zen uztailaren 29a. Totora herrian izan ziren eta Lakuntzako Udalak luzatutako senidetza proposamena eraman zioten bertako alkateari. Herriak pozik hartu zuen gonbidapena eta aurrerantzean proposamen hau mamitzen joango omen dira. Baina harrotasun egun edo adibiderik argiena abuztuaren 7koa izan zen. Boliviako 36 nazionalitateek, Cochabambako kaleak hartu zituzten eguna, hain zuzen ere. Aurtengoan, herrialdeko 36 nazionalitateekin batera, Euskal Herriko ordezkariek, Askapenako brigadetako kideek, haien naziotasuna aldarrikatu eta Bolivian ematen ari den aldaketa prozesuarekiko babesa eman nahi izan zuten.
Abuztuaren 10a iritsi zen eta herriak %68arekin Evo Moralesi eta prozesuari babes osoa eman ziola baieztatu dute brigada kideek. Aurtengo Boliviako brigadak La Pazen izan zuen azken geltokia. Erreferendum osteko biharamunean, poza, itxaropena eta harrotasuna arnasten zen hiriburuan. Eta arnasaldi horrekin bueltatu ziren lau lagunak Euskal Herrira. "Kontentu eta itxaropentsu. Azken gertakariek jota utzi gaituen arren, herritarren gehiengoa aldaketaren aldekoa da eta laster ezagutuko dugu benetako Bolivia duin eta aske bat"