Hausnarketa internazionalista Greziako gertaeren aurrean
Grezian jazotakoak orain hiru urte Parisen gertatukoa dakarkigu gogora, baina oraingoan badago alderik. Greziar estatuko terrorismoak antolatuago harrapatu ditu herri sektoreak, gobernu eskuindarraren politika atzerakoien aurkako mobilizazio prozesuan murgilduta baitzeuden, eta gazte anarkistaren hilketak prozesua azeleratu eta indartu egin du.
Poliziaren bortizkeria ez da izan zoritxarreko gertaera, Europar Batasunaren inperialismoak eskatzen duen estatu errepresiboaren ondorioa baizik. Kapitalak akumulatzen jarraitzeko beharrezko duen neurrietako bat da, pribatizazioak, prekarietatea, gastu sozialen murrizketak, "terrorismoaren” aurkako legeria, eta abarrekin batera. Gainera, gogoan eduki behar dugu langileriak eta estatu gabeko nazioek ez ezik, Europa Ekialde, AbyaYala, Afrika eta Asiako herri askok ere pairatzen dutela europar inperialismoa.
Bestalde, greziarren mobilizazioak ez dira haserre protesta hutsalak izan, antolaketa maila bat egon da. Manifestazioak, unibertsitate fakultateen okupazioa, auzo batzuen liberazioa, grebak eta abar kapitalismoaren kontraesanei aurre egiteko herri sektoreen antolaketari esker ere burutu dira eta kolokan jarri dute EBko estatu bat.
Horrela, estatu hegemonikoen eta kapitalaren Europar Batasunaren aurkako mugimenduak Grezian hartutako indarra hedatu behar dugu eta sozialismorantz eta herrien Europarantz bideratu. Orain europarroi iritsi zaigu inperialismoaren kate-begi bat apurtzeko garaia, baldintza estruktural eta objetiboak egonkortzen ari dira horretarako. Marx eta Engelsen mamu komunista eta Ulises Moulinesek mamu (inter)nazionalistarekin bat egin dezagun kapitalismoa eta inperialismoa behin betiko uxatzeko.