Henrike Arriaga eta Edu Ibaibarriaga Brigadistak

murala«Kuba ezagutzea sekula ahaztuko ez dugun esperientzia izan da»

Markina-Xemein Habana ezagutzeaz eta herrixketan egoteaz gain, lurra landu eta zoru gainean ere egin dute lo. Brigadista moduan joan dira Kubara markinarrak.

Kuban izan dira uda honetan Henrrike Arriaga (Markina-Xemein, 1982) eta Edu Ibaibarriaga (Markina-Xemein, 1987). Askapena erakunde internazionalistako brigadista joan dira. Bertako erakundeen funtzionamendua ezagutu, kubatarrekin nahastu eta haiekin lan egin dute. Gertu-gertutik Kubako errealitatea ezagutzea izan dute helburu, eta, bide batez, Euskal Herriaren berri ematea ere bai.

Lea Artibai eta Mutrikuko hitza

Zergatik aukeratu duzue brigadista moduan joatea?

Arriaga, H: Bertara joandakoek aitatutako gauzengatik. Ez omen da era berdinean ezagutzen Kubako errealitatea. Ni neu behintzat ez naiz damutzen Askapenagaz joan naizelako.

Ibaibarriaga, E: Argi dago hangoek ere modu desberdinean tratatzen zaituztela turista moduan edo brigadista moduan baldin bazoaz.

Funtzio bereziren bat bete behar izan duzue?

Arriaga, H: Joan baino lehen formakuntza jaso dugu Askapenaren eskutik, bertako historia eta egoera sozio- politikoa ezagutzeko. Kubara joan eta hiru astetan konpromisoa izan dugu erakundeagaz. Batez ere, kubatarrei gure kultura eta egoera politikoaren berri ematea zen gure funtzioa, baita beraiena ezagutzea ere.

Kubatarrek ezagutzen dute hemengo errealitatea?

Ibaibarriaga, E: Asko! Guk beraiena baino askoz gehiago. Euskal Herriko historia eta egoera dominatzen dute orokorrean. Harritu egiten ziren euskal preso politikoen kartela ikustean. Ezin zuten sinistu ia 800 pertsona kartzelan egon zitezkeenik, eta batzuk hainbeste urtean, gainera.

Zelakoak dira kubatarrak?

Arriaga, H: Oso jende irekia da, eta pozik bizi direla nabaritzen da, estresik ez daukate, eta ez dira bizi gauzengatik arduratuta. Edozeinek kontatzen dizu bere bizitza, eta zeureaz ere interesatzen dira.

Ibaibarriaga, E: Harrigarria da zelan batzen diren denak elkarregaz. Eztabaida zabalak izaten dituzte, eta hartu-eman handia daukate euren artean.

Hango bizimodura ondo moldatu zarete?

Ibaibarriaga, E: Baietz uste dut. Ni arrantzara ere joan nintzen han ezagututako lagun bategaz, Klara izeneko arrain itsusi batzuk harrapatzera, beltzak dira, bizarrekin eta lehorrean oinez dabiltza, eta jan egiten dira! Dantzan ere zer edo zer ikasi dugu. Hori bai, Kuban plater bat hausten bada, denak hasten dira dantzan. Horretan ikaragarriak dira.

Arriaga, H: Janarira ere ohitu egin behar izan genuen, aldaera gutxiko menua daukate eta, baina ez da hain gaitza izan. Nik aukera eduki nuen egurra lantzeko baita txalaparta bat muntatzeko ere.

Udako hurakanak harrapatu zintuzten?

Arriaga, H: Bai, tokatu zitzaigun, baina lasai bizi izan genituen momentu haiek. Kubatarren antolaketa bikaina agerian geratu zen orduan. Etxe guztiak sailkatuta zeuzkaten, eta hurakana gogorra izan arren, arriskua minimoa zen. Guk ez genuen beldurrik sentitu.

Ibaibarriaga, E: Hori bai, hurrengo bi egunetan hango triskantzak konpontzen izan genituen lanak. Baina bertakoek ez zuten umorea galdu momentu batean ere. Izugarria izan zen elkarri zelan laguntzen zioten ikustea.

Zertan aldatu zaituzte Kubak?

Ibaibarriaga, E: Guztian. Sozialismoaren alde positiboak ezagutu ditugu. Diktadura bat ikustea espero nuen, baina diktadura hemen daukagula konturatu naiz. Esperientzia pertsonal itzela izan da.

Arriaga, H:Herri xehearen berba zelan entzuten den ikusi dugu, sistemak nola funtzionatzen duen Kuban. Kultura oso ezberdina da, eta era positiboan harritu gaitu. Ahaztuko ez dugun esperientzia izan da.


 

ANDERE ASTIGARRAGA