Herri boterea eta borroka soziala Buenos Aireseko villetan

La Boca auzo tradizionaletik  Villa Soldati eta Bajo Flores villetara jo dute brigadistek. Ideia bat egiteko, gaur egun Buenos Aires hirian 20 “villa” inguru eta 57 asentamendu daude. 2010eko errolda ofizialaren arabera gutxi gora-behera 163.000 pertsona bizi dira auzo horietan, gehienak atzerritarrak. Kopuru zehatza kalkulatzea zaila den arren, askoz ere zifra altuagoa izan daiteke. Azken urteotan villak hazi egin dira, baina ez azalerari dagokionez baizik eta altueran.

Oraingoan Villa Soldati (Los Piletones auzoa) eta Bajo Flores bisitatu ditugu. Movimiento Popular La Dignidad –herri-boterea ardatz duen mugimendu ezkertiar eta antikapitalista– eta Corriente Villera Independiente –Buenos Aires hiriburuko villen borroka sozialak koordinatzen ditu– mugimenduen eskutik ondoko ekimenen berri izan dugu:

Herri-batxilergoak

Hezkuntza-proiektu komunitario, parte-hartzaile eta askatzaileak dira. Garrantzi berezia ematen diote ezagutzak elkarren artean partekatzeari, herri-ezagutzari hain zuzen.

  • Rescatistas, Socorristas y Bomberos Voluntarios Villeros

Larrialdi-kasuetan anbulantziak eta polizia villetara sartzen ez zirela ikusita –dela kaleen egoeragatik dela ustezko “arriskuagatik”–, villetako auzotarrak antolatu egin ziren. Hala, erreskate-lanetan aritzeko prestakuntza jaso zuten hainbat boluntariok villetan jardun ahal izateko.

2014an “Carpa villera” izenekoa instalatu zuten Buenos Aireseko erdigunean. Zenbait herritar 55 egunez gose greban egon ondoren, anbulantzia propioa lortu zuten. Hurrengo erronka suhiltzaile-kamioi txikia eskuratzea izango da.

  • Haurreskola

Hilabete eta erdi eta 4 urte arteko haurrentzako eskaintza pedagogikoa da. Horri esker, neska-mutilei eguneko otordu bat bermatzen zaie.

Osasun-zentro komunitarioak

Atzerritar txiroak izateagatik eta dokumentaziorik ez edukitzeagatik villetako biztanleek ez zuten behar bezalako arreta jasotzen ospitalean. Egoera horren aurrean hainbat eragile elkartu ziren; eta mediku, erizain, profesional eta auzotarrek egindako lanari esker, orain osasun-zerbitzua eskaintzen da. Hortaz, baliabideak ematen zaizkie villetako auzotarrei, ospitalean errazago eta arinago artatuak izan daitezen. Helburua ez da udaleko osasun-zentroen zeregina ordezkatzea, baizik eta arreta bideratu eta erraztea. Bestalde, sexualitateari buruzko tailerrak ere antolatzen dituzte.

  • Emakumeen etxea

Patriarkatuaren aurkako borroka kolektiboa ardatz duen espazio politikoa da. Besteak beste, tailerrak egiten dituzte parte-hartzaileek proposatutako gaietatik abiatuta, eta erasoak  jasan dituzten emakumeei lekua eskaintzen diete aurreneko momentuetarako

Radio La Caterva

Komunikazioaren arloan martxan dituzten ekimenen artean Radio La Caterva irrati komunitarioa dago. Besteren artean, jatorrizko herrietako hizkuntzetan egiten dira irratsaioak. Beraz, bridakideoi egindako elkarrizketa kitxuara (quechua) itzuli zen.