Herri botereaz alternatibak eraikitzen Argentinan

Beste brigaden antzera abuztuarekin batera heldu ziren Argentinara euskal herriko sei brigadista. Iritsi zirenetik bertako hainbat herri mugimendurekin elkartzeko aukera izan dute eta hauen indarra  oso interesgarria iruditu zaiela azaldu digute, "izugarrizko kemena dute behar ezberdinen aurrean alternatibak eraikitzeko". Auzo ezberdinetan, borroka ezberdinak ezagutzeko aukera izan dute. Hona hemen beraien hitzetan ikusi, ikasi eta bizitakoa: 

IMPA enpresa berreskuratua ezagutu genuen. IMPA, 1998an, Argentinan dauden 400 enpresa berreskuratuen artean lehenengoa izan zen. Horregatik harro kontatu digu Eduardo Murua, bertan parte hartu zuen sindikatuko kideak, IMPAren esperientzia handik aurrera sortuko ziren borroken pizgarri izan zela.

IMPAk porrot egin zuen eta patroiak bertako tresneria baliotsuena hartu eta alde egin zuen. Orduan, kaleratutako langileetatik 40k sindikatuko kideekin batera fabrika okupatu eta tresneria berreskuratu zuten. Okupazioaren ondoren, poliziak kaleratu egin zituen baina bi astetara berriz sartu ziren.

Enpresa berreskuratuan lanean hasi bezain pronto epailearekin negoziatu zuten fabrikaren irautea eta enpresarioak utzitako zorra. Eduardo Muruak esan digunez hasieran ez zen lan erraza izan, oso diru gutxi baitzuten. Horren adierazle lehenengo hilabeteetan langileek bidaietako dirua aurrezteko gauak fabriketan igarotzen zituztela. Hasieratik kooperatiba moduan antolatu ziren, langile guztiak elkarteko kide izanez eta guztiek sodata berdina jasoz. Gaur egun oraindik astero guztiek soldata bera jasotzen dute, hilero irabazien %60a guztien artean banatzen dute eta gainerakoa enpresaren mantenu eta garapenerako erabiltzen dute.

Horretaz gain, erabaki garrantzitsu guztiak asanblada bitartez hartzen dituzte eta enpresaren gaineko informazio guztia, kontuak barne, langile guztien esku daude. Hasieratik argi esan zuten ez zela enpresa soil bat izango eta zein garrantzitsua zen borroka hori auzo osora zabaltzea. Horretarako, lehenik eta behin, enpresako ateak ireki zituzten. Honela, auzotarrekin batera auzoko arazoei aurre egiteko alternatiba ezberdinak eraikitzen hasi ziren. Hala nola, zentro kulturala, herri eskola (bachillerato popular), herri irrati-telebista libreak...

Gaur egun oraindik, enpresak dituen 22.000 metro karratuetan hainbat eta hainbat ekintza antolatzen dituztela ikusteko aukera izan genuen. Esaterako, hezkuntza formalean lekurik ez duten ikasleak, egun 250, han aritzen dira egunero lanean.

IMPAkoez gain, La Boca langile auzoan “Los Pibes” erakundeko kideekin egon ginen. Buenos Aires erdialdetik gertu dagoen auzo honek portua dauka eta oso estrategikoa da hiriko espekulatzaileentzat. “Los Pibes”ekoek kontatu zigutenez hiriko erdigunea zabaltzen ari da eta ondorioz, auzotarrei etxebizitzak kentzen dizkiete luxuzko eraikinak egiteko. Enpresek eraikinak erosten dituzte barruan etxebizitzak egonik eta saldu nahi ez duena estortsionatu egiten dute, eta kasu batzuetan su ematera ere iritsi direla kontatu digute.

Auzoak daukan arazo larri honen aurrean “Los Pibes”ekoak duela 10 urte inguru etxebizitza kooperatiba osatu zuten. Bertan parte-hartzen duten familiak beraien etxebizitzak eraikitzen ari dira. Beraien asmoa, auzoan honelako kooperatiba gehiago sortzea da.

“Los Pibes”-ekoek auzoko arazoen aurrean alternatibak eraikitzen lan egiten dute, etxebizitzen kooperatibaz gain, beste hainbat proiektu ere badituzte, hala nola, jangela, eskola eta jostun enpresa berreskuratua.

Hemen aipatu ditugun adibideez gain, hainbat irrati libreetan eta herri eskoletan egon gara. Guztietan herri boterearen indarra ikusteko aukera izan dugu. Hemen ere herri botereaz kapitalismoari aurre egiteko alternatibak eraiki daitezkeela ikusi dugu. Gora herrien borrokak!

 

Datozen egunetan Maputxe herriarekin izanik esperientzia azalduko digute kronika berri batean.

Herrion borrokak iruten ari gara!