Herri harresia eraiki dute Erroman Lander Fernandezen atxiloketa oztopatzeko

Lander Fernandez errefuxiatua atxilotzera joan dira gaur goizean

(Iturria: Naiz.info)

Italiako Auzitegi Gorenak Espainiaratzea berretsi ostean Polizia Lander Fernandez bizi den etxera joan da gaur goizean. Hainbat lagun atxiloketa ekiditen saiatzen ari dira, horien artean bi parlamentari aurkitzen dira.

NAIZ-ek jakin ahal izan duenez, Italiako Polizia Lander Fernandez atxilotzen saiatu da gaur goizean Erroman. 20 bat polizia Fernandez bizi den etxera joan dira goizeko lehen orduetan. Atxiloketa ekiditen 60 lagun daude etxearen sarreran eta etxe barruan beste 30. Bi abokatu eta bi parlamentari ere atxiloketa ekiditzen saiatzen ari dira.

Iragan urtarrilaren 15ean, Erromako Auziegiak Fernandezen estradizioa onartu zuen. Santutxuarrak, ordea, Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu zuen eta honek atzo jakinarazi zuen azken ebazpena. Espainiaratzeko baimena berretsi du eta gainera epaiketaren gastuak ordaintzera behartu du Fernandez.

Efe albiste agentziaren arabera, estradiziorako prozedura abian jarriko du orain Italiak eta «epe motzean» Espainiaratuko dutela dio.

Fernandez pasa den ekainean atxilotu zuen Italiako Poliziak Erromako bere etxean, Auzitegi Nazionalak igorritako euroagindua tarteko.

Espetxeratu egin zuten lehenengo, eta ondoren etxe barruko espetxeratzea agindu zuen epaileak. 

2009an jazarpen poliziala jasan izana salatu zuen eta handik gutxira Barajasko aireportuan atxilotu zuten Venezuelatik bueltan zetorrela. Espetxeratu egin zuten, autobus baten kontrako eraso batekin zerikusia zuelakoan.

Gutxira askatasuna berreskuratu zuen, fidantzapean.

2010ean Auzitegi Nazionalak hiru urteko espetxe zigorra ezarri zion eta urtebete beranduago Auzitegi Gorenak absolbitu egin zuen.

(Iturria: Naiz.info)

Argazkiak: Marcelo Wallace (Facebook)

Más información sobre el peligro de extradición y la solidaridad internacionalista con el refugiado político vasco Lander Fernández