Herriek bere eskola. (31. alea)

EHBE-k egiten duen 'Herriek bere eskola'-ren azken buletina duzue hau, honako edukiz hornitua:

GALIZIAN BI URTE IGAROTA EGOERA BERE HORRETAN

ESKOLA PORROTA WALLONIAN ETA BRUSELAN

IRAKASLEEN MOBILIZAZIOAK MEXIKON

BADATOR KREAZIONISMOA EUROPAKO ESKOLETARA!

 

GALIZIAN BI URTE IGAROTA EGOERA BERE HORRETAN

Bi urte dira PSG eta BNGk Galizian hezkuntza Dekretu berria egin zutela. Bere garaian galegoaren aldeko hainbat taldek dekretu hau kritikatu zuten, euren ustetan ez zuelako hizkuntzaren normalkuntza ekarriko.
Bi urte igaro dira eta oraindik ere galegoa bigarren mailako hizkuntza da, eta ez dute lortu legeak esaten zuen hizkuntza nagusia izatea, are eta gehiago, irakasleen erabilera ez da kasu askotan minimoetara ere heltzen.
NOS-UP alderdi politikoak 2007an aurkeztutako testu batean galegozko ikastordu kopurua handitzen bazen ere beraren erabileraren kalitatea igotzen ez zela salatu zuen. Zergatia argia zen: gaztelera oraindik-orain hizkuntza nagusi moduan ezartzen zen maila guztietan eta beraz ez zuten murgiltze-eredurik proposatzen. Are eta gehiago, eredu bakarra proposatzen bazuen ere, hizkuntza nagusia galegoa izateko inongo biderik ez zuten jartzen. Ez zuten, beraz, eredu ezberdinik ezartzen ez eta zegoenean galegoa hobetzeko inongo biderik proposatzen. Hainbat neurri har zitezkeela zioen, baina ez zuen, adibidez,
inspekzioak hartu beharreko jarreren inguruan hitz egiten. Bi urte igaro dira eta alderdiak irakurketa bera egiten du; gaur egun EAEn dagoen proposamenaren antza zuen dekretu batekin eskarmentua hartu dute Galizian.

Informazio gehiagorako:
http://www.nosgaliza.org/principal.php?pag=lernot&id=1551

 

ESKOLA PORROTA WALLONIAN ETA BRUSELAN

Wallonian (Belgikako komunitate frankofonoa) eta Bruselan arazo larria da eskola porrota. Berau aztertu eta ekimenak proposatu ditu APED hezkuntza mugimenduak dokumentu batean. Egun urtero 40.000 ikaslek errepikatzen dute ikasturteren bat, hau da, derrigorrezko irakaskuntzako 12 urtetan 480.000 errepikatzaile daude, ikasleen erdia. Ikasleen %34ak ez du derrigorrezko eskolaldiko titulurik lortzen. Egoera honetan milaka dira kalitatezko hezkuntza bat izatea ukatua duten gazte frankofonoak Belgikan.
Honen aurrean APEDek irakurketa bat egiten du: eskolen artean dagoen finantziazio ezberdintasunak handiegiak dira Belgikan. Berez OCEDeko kide diren herrialdeen artean eskolen arteko finantziazio ezberdintasun handiena duen estatua da, eta honek, noski, baditu bere ondorioak. Emaitza hoberenak dituzten eskolei diru gehiago emateak egoera urtero larritzen du, guztia neoliberalismoaren (adibidez, Bologna Prozesuan) oinarria den eskolen arteko lehia dela eta.
APEDen ustez hainbat aldaketa egin behar dira eskola sisteman gauzak hobetzeko. Alde batetik 12-13 urtetan ezartzen den bide-hautaketa kentzea, bestetik eskoletako ratioak jaistea eta, noski, eskolen arteko lehia horrekin bukatzea. Hauek eta beste irakurketa batzuk behean agertzen den dokumentuan.

Informazio gehiagorako:
http://www.ecoledemocratique.org/spip.php?article490

IRAKASLEEN MOBILIZAZIOAK MEXIKON

"Hezkuntzaren Kalitatearen Aliantza" eta "Hezkuntzako Langileen Sindikatu Nazionala"ko zuzendaritzaren aurka milaka irakasle atera dira kalera Mexikoko 6 estatu ezberdinetan, manifestaldiak, mitinak, hezkuntza-eraikinen eta sindikatuen egoitzetako okupazioak eginez. Era berean funtzionarioen segurtasun-sozialaren gainean egongo diren aldaketak ere kritikatu zituzten. Aldarrietan ikus daitekenez neoliberalismoaren beste eraso bati eginiko erantzuna izan da honako hau.
Morelos estatuko 6.000 irakasle Mexiko DFra joan ziren mobilizazioetan parte hartzeko eta aldi berean 200 gurasok manifestaldia egin zuten Morelosen bertan kongresuari euren eskakizunak entzun zitzan eskatzeko. 200 manifestari joan eta beste hainbeste polizia zeuden, baina ezin izan zen Kongresuko bilerarik egin, hala ere. Estatu honetan lan-uzteak jarraitzne du eta 13 irakasle gose-greban daude.
Estatuko gobernua eta hezkuntza bulegoak itxita daude.
Pueblan beste 5.000 irakasle atera ziren kalera hezkuntzaren pribatizazioaren aurka. Manifestaldiaren bukaeran eserialdia egin zuten estatuko gobernuaren egoitzan. Guanajuaton beste 3.000 irakasle atera ziren kalera eta mitina egin zuten Parlamentuan. Durangon ere beste 500 irakaslek greba egin zuten eta 4.000 ikaslek ez zuten klaserik eduki.
Guerrero estatuan 3.500 gobernuko langile ezin izan ziren lanera joan, greba zela eta. Tijuanan 900 irakasle, guraso eta ikaslek mobilizazioak egin zituzten benetako hezkuntza hitzarmen baten alde. Oaxacan ez zen mobilizaziorik egin bertako irakasleen sindikatua kongresuan zela eta.

Informazio gehiagorako:
http://www.lpp-uerj.net/olped/cined/banco/exibir_noticias.asp?codnoticias=28887

BADATOR KREAZIONISMOA EUROPAKO ESKOLETARA!

"Diagonal Periodico" hamaboskariaren azkeneko alean erreportaje sakona dator Kreazionismoaren azkeneko erasoak direla eta. Kreazionismoak eboluzioa ukatzen du eta eskoletan Biblian datorrena Eboluzioaren Teoriaren maila berean irakatsi behar dela esaten du. Zergatia sinplea da, eboluzioa teoria bat baldin bada, eurek badute beste teoria bat eta askatasun erlijiosoa dagoenez biak ala biak erakutsi behar dira eskoletan. Ideia honek eragin sakona izan du azkeneko urtetan Estatu Batuetako eskoletan, eta mende honetan hainbatetan piztu den gatazka oraindik ere modan dago hainbat estatutan. Erresuma Batuan ere eskolek askatasuna dute kreazionismoa eta eboluzioa maila berean jartzeko, batez ere ikastetxe pribatu-erlijiosoetan.
Europar Batasunean gauzak hobeto daudela dirudi, Europako Kontseiluak berak txosten bat egin baitzuen kreazionismoaren aurka. Baina 2004an, adibidez, Berlusconik Italiako hezkuntza sistemako bigarren hezkuntzak Darwin ez irakastea proposatu zuen. 2007an Erresuma Batuko hainbat eskolek zientziako azterketatan kreazionismoa sartzen dute. Eta Royal Societyko kide batek Curriculumean kreazionismoa sartzeko eskatu zuen. Espainiar estatuko hainbat unibertsitaten ere hitzaldiak egon dira gai honen inguruan, eta hainbat "zientzialari" kontserbadore estatubatuarrek bira bat egin dute euren iritzia emanez. Zaragozako Expoan Vatikanoak proposaturiko hitzaldi batean ere Kreazionismoaren atal bat den "diseinu inteligentea" ere sartu zuten. San Pablo-CEU espainiar unibertsitateko irakasle batek ere honen alde egin du publikoki telebistan.
Oraindik urrun egon daitekeela dirudien arren, baliteke eskola erlijioso askotan eta eskola publikoetan erlijio ikasgaian horrelako teoriak ere ematen egotea, orain dela 200 urteko teorietan oinarritutako eskola.
Laikotasuna da, berriro ere, guzti honi erantzuna.

Informazio gehiagorako:
http://www.diagonalperiodico.net/spip.php?article6582