Herriek Bere Eskola 38, Palestinari buruzko alea

Herriek Bere Eskola argitalpenaren 38. alea dagoeneko kalean da. Ale hau, aurrekoa bezala, berezia da. Palestinari eskaintzen diogu ale hau eta, laster azalduko dugun bezala, badira arrazoiak hori egiteko.

Hiru gai ezberdinei heltzen diogu. Lehenengoa Palestinarekiko elkartasuna da: Venezuelak Palestinar ikasleek medikuntza ikas dezaten bekak eskainiko ditu. Bigarrena Israeli boikot akademikoa egiten duen elkarte baten berri ematen dugu, euren arrazoiak aipatuta. Hirugarrenik Palestinako Hezkuntza Sistema nolakoa den azaltzen dugu.

 Eta Palestinari eskaintzeko arrazoiak mila izan badaitezke ere gaurkoa berezia da: gaur urtebete "Berun Urtua" izeneko operazioa bukatu zen Gazan. Milaka hildako eta herrialdea suntsituta utzi zuen. Hori da gure telebistako leihatilaren edukia: Alberto Arcek bertan grabatu zuen "To Shoot an Elephant" dokumentala aipatzen dugu. Ez dago hezkuntzarekin lotuta, ez. Baina gaur mundu mailan milaka proiekzio egingo dira filme honekin, Palestina gogoan dugula argi uzteko asmoarekin. Milaka izango dira eskainiko duten gaztetxe, taberna, elkarte eta unibertsitate. Buenos Airesko Maiatzeko Plazeko Amen Unibertsitatetik Leioako Gaztetxera; Washingtoneko Georgetown Unibertsitatetik Etxauriko udaletxera.

Guk ere ikusteko aukera eman nahi dizuegu eta horregatik hemen behean duzue, euskarazko azpitituluekin. Bitartean Herriek Bere Eskola jaitsi, irakurri eta zabaldu dezakezu.