Hilaren 26tik 30era lan duina eta eskubide sozialen alde Euskal Herria Martxan

Azaroaren 26tik 30era bitartean, lan duinaren eta eskubide sozialen aldeko martxa burutuko dutela jakinarazi dute sindikatu eta eragile sozialek, “egungo euskal instituzioen politikoen norabidea aldatzea beharrezkoa” dela ikusten dutelako.
 
Pasa den irailaren 26ko greba orokorra deitu zuten ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, Hiru, CGT-LKN, CNT sindikatuek eta ehundik gora eragile sozialek (Askapena, haein artean) “Euskal Herria martxan” ekimenaren berri eman dute.
Azaldu dutenez elkarlanean jarraituko dute egungo politikak eraldatzeko bidean eta ez dute Hego Euskal Herrian “ bizi den errealitatea onartzen”.
 
Gogora ekarri dute 220.000 pertsona lanik gabe aurkitzen direla; enpresariak lege laboralen eta negoziazio kolektiboaren erreformetaz baliatzen direla milaka langile kaleratzeko; eta erakundeek lehentasuna ematen diotela defizita eta zor publikoa murrizteari. Guzti horren aurrean, protestekin eta mobilizazioekin jarraitzeko beharra ikusi dute, enplegu duina sortzeari eta eskubide sozialetan aurrera egiteari lehentasuna eman behar zaiolako. 
 
Beraz, azaroaren 26tik 30era, Euskal Herriko herri eta hiriburuetan mobilizazioak burutuko dituztela aurreratu dute, lan duina eta eskubide sozialek bermatzea bilatuz. Bilboko hitzordua azaroaren 30ean izango da eta arratsaldeko 18:30ean, Jesusen Bihotzetik manifestazioa egingo dutela jakinarazi dute. Egun berean, martxak egingo dira Donostian, 19:00etan, Boulebardetik abiatuta eta Gasteizen 19:00etan, Bilbo plazatik.
 
Iruñeako protesta azaroaren 28an izango da eta 19:00etan, autobus geltokian emango diote hasiera. Deialdi horietaz gain, beste hainbat herritan martxak deitu dituzte, besteak beste, Zarautzen, Durangon, Azpeitian, Oreretan, Laudion, Basaurin, Erromon, Altsasun, Leioan, Bergaran, Beran edota Tolosan.
 
Agerraldian, Bea Martxueta LAB sindikatuko kideak azaldu du, “egun inposatzen diren pobrezia politiken ondorioz gaudela gauden egoeran eta ondorio horiek, bereziki larriak direla euskal langileriarentzan, euskal jendartearentzak eta nozki, Euskal Herriarentzat”. Beraz, Martxuetak eta Mikel Novalek, ELAko kideak baieztatu dute, egoera horren aurrean, “borrokan eta mobilizazioekin jarraituko” dutela. 
 
(Bilboko Branka)