Hirugarren brigada ere kanporatu du Marokoko Gobernuak Sahara Mendebaldetik

Abuztuan aurreko bi brigadekin gertatu bezala (lehenengo brigada kanporatuaren kronika eta bigarrenarena), bart gauean kanporatua izan da Askapenak Sahara Mendebaldera antolaturiko hirugarren brigada ere.

Bi pertsonaz osaturiko brigada Dakhla herriko hotel batean zela, paisanozko polizia talde handi bat beraien gelara igo eta bertatik joatera behartu zituzten. Horren aurrean brigadistek bertatik joateko asmorik ez zutela jakinarazi zieten, besteak beste hegaldia ere herri hartatik zutelako. Eztabaidan aritu ostean, maletak bildu eta hoteletik irtetea beste erremediorik ez zuten izan. Ondoren taxian sartu arazi zituzten El Aaiunera bidean, aurretik eta atzetik poliziaz eskoltatuta eta telefono linea estaltzen zien aparaturen batekin.

El Aaiun kanpoaldeko kontrolean atxiki eta taxi aldaketa burutu ostean, berriz ere poliziaz inguratuta Agadir Maroko hegoaldeko hirira bidean dira. Guztira 16 ordutik gora egin dituzte taxian, hotelean lo egitea galarazi ostean.

Dena dela, jakinarazi nahi dugu irailaren 2an Dakhlara heldu zen brigada honek, programa aurrera eramateko aukera izan duela. Bai herri horretan zein Bojador herrian saharar talde eta kolektibo ezberdinekin bildu dira eta bertako errealitatearen testigu zuzenak izan dira. Hala, datorren astean euren esperientziaren kronikak irakurgai izango dira.

Gaurkoan ere Marokoko gobernuaren jarrera gogor salatu nahi dugu, kanporaketa burutzeko aitzakia bakartzat bertan politika egitea izanik, ez dugu ulertzen zergaitik beldurtzen duen hainbeste lan politiko horrek. Ez dugu onartzen Marokok bere eskumenekoak ez diren lur batzuetatik gure brigadistak behin eta berriz kanporatzea!

Aurtengoan hiru izan dira Sahara mendebaldera antolaturiko askapenako brigadak, eta hiruak poliziaren eskutik kanporatuak izan dira. Aurrekoetan aipatu bezala ezinbestekoa da Marokok ezartzen duen blokeo mediatikoari aurre egiteko, ordezkaritzak bidaltzea sahararren borroka zertan den ezagutu eta esperientziak elkartrukatzeko, eta beraz aurrerantzean ere hori egiteko asmoa dugu!

Bi herri borroka bakarra!

Gora Sahara!


 

Euskal Herrian, 2014ko irailaren 12an.