Internazionalistok, Martxoak 3an: oroimena, duintasuna eta borroka!

Internazionalistok, Martxoak 3an: oroimena, duintasuna eta borroka! 40 urte betetzen dira aurtengoan Gasteizko gertakari lazgarrietatik. 1976ko martxoaren 3an Zaramagako auzoko San Frantzisko elizan zein honen inguruetan gertatutakoa ekarri nahi ditugu gogora. Euskal Herri Langilearen askatasun grinaren kontra eginiko sarraskia izan zen hura. Euskal Herriko klase borrokaren adibide gordin bezain gogorra.

 

Ezin dezakegu ahaztu, Gasteizko hiriko langileak burutzen ari ziren borroka  gogorrak. Grebak, mobilizazioak, batzarrak... Langile mugimendua inoiz baino indartsuago zegoen, eta langile boterea eskuratzen hasiak ziren  enpresaburu frankisten beldurrerako. Hori gutxi balitz, Franco hilda zegoen eta frankismoaren kontrako mugimendua zabala zen garai horretan. Horrela,  langile borroka huts bat baino gehiago, borroka politikoa zen guztiz, non eta Euskal Herriko probintzia "leial" batean.

Horiek izan ziren erregimen frankistak izan zituen arrazoiak langileen  aurkako sarraski hori burutzeko. Ez zen kasualitatea izan inolaz ere. Ez zitzaien eskuetatik joan, askotan saldu nahi izan duten moduan. Egin behar  zutena egin zuten,  hotz hotzean pentsatua, langileen eta herri sektoreen boterea zapaldu ahal izateko.

Euskal Internazionalistok, ezinbestean dugu egun hau gure oroimenean. Egun honek gure herriaren askapen sozial zein nazionalarentzat duen garrantzia  bereziaz ohartzen gara. Alde batetik, langile eta herri boterearen momentu  garrantzitsua delako gure herriarentzat. Eta bestetik, gure eredu eta adierazpen ahaztezina delako. Beraz, biktimez oroitzeaz gain borroka eta duintasun hura oroitu eta berreskuratzea dagokigu EH errebelde hori osatzen dugun guztioi.

Bestalde,ezin utzi gogoratu gabe gertakari haien ostean Basaurin erahil zuten gaztea eta noski, ezta  Tarragonan martxoak 3ko gertakariekin elkartasunez erahil zuten   Juan Gabriel Rodrigo Knafo ere, nola, Erromako enbajada aurrean burutu zen mobilizazioan erail zuten Mario Marotta. Herri honen borrokekin elkartasunean eraildako lagunak. 

Berarentzat ere oroimena, duintasuna eta borroka!

Euskal Herriarekiko elkartasunean eraildako lagunak,  gure hildakoak ere badirelako!

Gora Euskal Herri Langilea!

Gora Gasteizko 5ak!

Gora Euskal Herriarekiko elkartasunez bizitza eman dutenak!