Iraultza bolibartarra: sozialismo instituzionala edo herri boterea

2017 Venezuelako brigadistak Meridara iritsi berri gara. Orain bitartean, Caracasen egon gara. Bertan azken 19 urtetan aurrera eramandako prozesu iraultzaile bolibartarrean sakontzeko aukera izan genuen eragile ezberdinekin.

Alde batetik Venezuelako Gobernu Bolibartarraren politikak ezagutu ahal izan genituen. Lehenik Emakumeen Herri Botererako Ministeritzan izan ginen. Bertan Anais Colmenares, Emakumeen Garapen Sozio-produktiboaren ministro-ordearekin eta Asia Villlegas Pol, Genero Parekidetasunaren eta Diskriminazio Ezaren ministro-ordearekin izan ginen. Garapen Sozio-produktiboaren ministeritzak emakumeek arlo sozio-produktiboan aurrera egin dezaten diru-laguntzak eta laguntza materialak ematen dizkie. Honez gain, interesgarria iruditu zitzaigun jakitea Venezuelako legediaren barnean etxeko eta zaintza lanek errekonozimendua dutela eta helburu dutela etorkizuenan, hauek bermatuta duten ordainsaria ematea Inperioak eragindako gerra ekonomiko zikinari aurre egin diezaioketenean.

Genero Parekidetasunaren eta Diskriminazio Ezaren ministro-ordeak, aldiz, borborrean duten proiektua azaldu zigun. Biolentzia obstetrikoaren aurrean emakumearen nahien eta eskubideen alde jokatzen duen erditze prozesu bat babesten dute. Izan ere, Venezuelan haurdun dauden emakumeen %52ari zesarea bat egiten diote, nahiz eta OMSek datu hauek %10aren inguruan egon beharko liratekela esan. Datu honek argi uzten du bortxa obstetrikoa arazo hegemoniko bat dela Venezuelan. Emakumearen nahien aurrean interes patriarkal eta ekonomikoak gainjartzen dira. Berriro ere, emakumeen gorputza merkantilizatzen da kapitalismo patriarkalaren mesedetan.


Brigadistak Asia Villegas Pol ministro-ordearekin

Bigarrenik Zientzia eta Teknoligien ministroarekin bildu ginen Canaima proiektuaren lantegian. Hemen Txinatik datozen piezen muntaiaren bidez, hezkuntza sistema publikoan erabiltzen diren laptop-ak eta tabletak eratzen dira. Proiektu honen bidez lehen hezkuntzako ikasle bakoitzari ordenagailu eramangarri bat eman zaio azken bost urteetan, bere ikaskuntza ibilbide osoan erabili dezan. Era berean, Estatuko Unbibertsitateko ikasleei tablet bat ematen zaie, hauen arteko klase sozialen arteko ezberdintasunak murriztu nahian. Hori dena aurrera eramateko, Gobernuak hezkuntzan adituekin batera software aske propio bat garatu du, ikasleek hezkuntza programak garatu ditzaten. Ez dago esan beharrik, nahiz eta Euskal Herriko Unibertsitateari publiko esaten dioten, bertan ez dela bermatzen edonorren sarbidea.

Beste aldetik herri boterea eraikitzen duten talde desberdinekin elkartzeko aukera ere izan genuen. Crea y combateko eta Tiuna el fuerte eragileetako kideek beraien proiektuen jaiotza azaldu ziguten. Biak komunitataeraen beharrak aztertzetik eratu ziren. Hasieran instituzioen babespean egon arren, koherentzia politikoak bultzatuta autogestiorako prozesua hasi zuten duela urte batzuk. Honela, Venezuelan errotuta dagoen ekonomia eredu rentistatik atera eta herri boterearen indartze prozesuan subjektu aktibo eta independienteak bihurtu ahal izateko. Bi kolektibo hauek arte eta aisialdi eredu berriak eraikitzen dituzte beraien auzoetatik auzoetarako eta eredu autogestionatuari jarraituz, artea ere erabiltzen dute produkzio esparruan.


Brigadistak Crea y Combate eta Tiuna el fuerte kolektiboekin iraultza bolibartarrari buruz eztabaidan

Era berean AraƱa Feminista kolektibo feministen sarearekin bildu ginen. Iraultza bolibartarrak ekarri dituen aurrerapenak dituzten hutsuneak aitortzen dituzte talde honetan. Esaterako, Emakumeek Biolentziarik Gabeko Bizia Bizitzeko Eskubidearen lege organikoak ez du emakumeen aurkako biolentzien aurrean erantzutea ahalbideratzen duen erreglamenturik. Baliabide eta borondate faltak eragindako akatsak izan daitezke hauek. Venezuelako Sozialismoaren eraketarekin batera gizarte feminista baten eraikuntza bultzatu nahi du talde honek. Horregatik, nahiz eta akatsak identifikatu, prozesu iraultzailearekin bat dator.

Horren harira, iraultzarekin bat datozen kolektibo guizti hauek, eta beste asko, Chavismo Bravio izeneko lantaldean elkartu dira. Azken lau hilabeteetan suertatu diren biolentzia golpisten, alegia guarimben, aurrean gizarte chavista ahalduntzeko taldea da. Aipatu behar da betebehar hori ongi bete duela, izan ere Asanblea Konstituziogilearen hauteskundeetan hirugarren indar bezala geratu da.

Ondorio gisa, ikusi dugu Venezuelako Iraultza Bolibartarra sozialismoa erditzeko prozesu bat dela. Horren aurrean geroz eta talde, kolektibo eta komunitate gehiagok dute herri boterea oinarritik goruntz eraikitzeko asmoa, Chavezek aldarrikatutako lema aldaketak dioen bezala.

GORA IRAULTZA BOLIBARTARRA!

JO TA KE SOZIOALISMOA ETA INDEPENDENTZIA LORTU ARTE!