Iraultzaren bidearen argi-ilunak

Maiz entzun izan ditut kritika errezak Venezuelak daraman bide iraultzailearen gainean eta gehienetan erantzuna horrelako zerbait irten zait: 'bai, baina zuk uste duzu Euskal Herrian pake-pakean lagako gintuztenik antzerako sozialismorako bidean? Uste duzu ertzainak, foralak, Iberdrola, CAN, BBK, Adegi, Banque Inchauspe, etab.-ek hola hala utziko zutenik beren status pribilegiatua, gu inongo kontraesenetan sarturazi gabe?'

Gehienek ulertzen dugu Bildu-k PNV bozkatzea Araban edo PSN Nafarroan, baina kanpotik (eta barrutik) galdetzen digutenean, azaldu beharko dugu hau prozesu luzea dela eta oraingo fasean bla, bla, bla...
Hobe genuke Venezuela, Bolivia, Ekuador, Salvador, etab-en eskarmentutik ikasi onerako eta txarrerako.

Baina badira gauza onartezinak eta salagarriak. Joaquín Pérez Becerra ANNCOL-eko kazetaria eta Julian Conrado FARC-eko kantariaren Kolonbiarako estradizioa, kasu. (ez da lehen aldia Venezuelak FARC eta ELN-eko gerrilariak kolonbiar gobernu paramilitarraren esku lagatzen dituena eta bide batez, Sebas Etxaniz eta Bittor Galarzaren kasua gogoratu beharrean gaude, egun espaniar gartzeletan sakabanatuak, edo Walter Wendelin-ena).

Espaniar eta kolonbiar estatuak eta yankeen presioak eta mehatxuak ez dira nolanahikoak, ez dira etsai txikiak inondik ere, baina hala ere, ez da onargarria.
Geurean hobe dugu Euskal Herrian internazionalismoaren eta elkartasunaren ezinbestekotasuna ondo zabaltzea eta sustraitzea, geu ere ez baikaude (eta ez gara egongo) batere orbanik gabe: hor daukagu 'gure' dirua BBVA-n, 'gure' argindarra Iberdrolarena, 'gure' Irizar autobusetan mugitzen gara, 'gure' euskal arma industriak...

Venezuelar ezkertiar eta solidarioen lana da beren prozesua elkartasunez bustitzea, geurea gure kaka zaharra garbitzea den bezala.
Anncol.info-n sartuz gero, borrokalari farianoen Julian Conrradorentzako elkartasun mezua eta bere kantak entzungai daukazue, baita Hugo Chavez-en diskurtso bat ikusgai ere, non esaten zuen FARCeko borrokalariak ez direla terroristak. Nik Julianen kanta bat buruan bueltaka: "Qué tiene, qué tiene, qué tiene mi canto? que les causa espanto"... a los opresores.

Ruben Sánchez Bakaikoa (militante internazionalista)

(Gaur8-n argitaratutako iritzi artikulua)