Irundik "eutsi Kurdistan" elkartasun oihua!

Mosku auzoko festetan murgilduta egon arren, Irungo hamarnaka lagunek elkartasuna adierazi diote herri kurduari. Estatu Islamikoaren eta bestelako potentzia inperialisten erasoen aurrean gauzatzen ari diren erresistentzia goraipatu dute, eta Turkiaren jarrera salatu.

Gaiarekin harremanduz hemen irakurgai eta ikusgai dituzue udara honetan Kurdistanen izandako brigadaren kronika eta esperientziak. 

Hemen Irungo Askapenaren oharra: 

Kurdistango herria eredu da. Eredu, Lehen Mundu Gerra ostean, Frantzia eta Britainia handiak (bi potentzia inperialista garaileek) kurduen lurraldea lau estatu ezberdinetan banatu arren, inposaturiko etorkizunari uko egin eta honi aurre egiteagatik. Eredu, 70. hamarkadan, bizi zuten zapalketaren erroak identifikatu, eta honi aurre egiteko PKK bezalako tresna eraginkor eta indartsua eratzen jakiteagatik. Eredu, 90. hamarkadan, Turkiako ejertzitoaren ofentsibari, eta Estatuaren apartheid politikari duin eta tinko aurre egiteagatik. Ekialde hurbilaren errealitate etnikoa ulertu, eta askapen borroka birdefinitzeko gaitasunagatik, inguruko herriei konfederalismo demokratikoa bezalako planteamendu askatzaile bat luzatzeko gaitasunagatik, eredu da. Eta nola ez, inperialismoaren ondorio den DAESHen aurrean erakutsitako indarrarengatik, eta Rojava-ko kantoian euren utopia konfederala praktikan jartzen hasteagatik eredu da Kurdistango herria.



Azken hilabeteetan, kurdistango borrokaren eredugarritasuna, mundu zabalean ari da zabaltzen. Kobaneko erresistentzian erakutsitako duintasunak munduko txoko ezberdinetan izan du oihartzun, eta honek, zilegitasun handi eman dio Siria, Iran, Irak eta Turkia artean banatua dagoen 40 milioi biztanleko herri honi. Mendebaldeko inperialismoak (AEB buru) lurraldean ezegonkortasun iraunkorra sortzeko duen interesari, Turkiako egoera batzen zaio. Honek, ez du batere ondo ikusten ez Siria iparraldeko Rojava-ko kantoian praktikatzen ari den eredu konfederala (nahiz eta eskala txikian izan) eta gutxiago, borrokaren ondorioz, kurduen aldarrikapenek irabazi duten zilegitasuna. Zilegitasun hau, Turkiako azken bozketan islatu da, Tayip Erdoganen AKP-ren anbizioak moztu ditu kurduen aldeko HDP alderdi ezkertiarraren gorakadak. Horrela, inperialismoaren babesa duen Turkiak, disidentzia kolpatzeko, dakien modu bakarrean ekin dio: PKK-rekin abian zen bake prozesua lehertu du, eta ofentsiba gogorra abiatu du ejertzitoaren bitartez. Herriak bonbardatu ditu (Turkian ez-ezik, Sirian eta Iraken ere bai), borrokalariak hil eta atxiloketa eta sarekada masiboak jarri ditu martxan. Gainera, PKK-k salatzen duen moduan, DAESH-i laguntza ematen jarraitzen du, honen gudarostera borrokara doazen militanteei Siriako mugak irekiz. Egoera gogortuz doa hortaz, Siria aldean DAESHen kontrako borroka fronteari, Turkiako estatuaren erasoaldia batzen zaio.

Egoeraren gordintasunaren aurrean, beste behin ere Kurdistango herri antolatuak borroka eredugarria erakusten ari da. Turkian PKK bada herri borrokaren espresio nagusia, Siriako Kurdistanen, PYD-ren YPG eta YPJ-ko indar armatuek, gogor defenditzen dute kurduen lurraldea DAESH eta inperialismoaren saiakeren aurrean. Guzti honegatik, Moskuko jaietatik, Irundik, elkartasuna luzatu nahi izan diogu kurdistango herri borrokalariari. Jaietan murgilduak egon arren, ezin ditugulako ahaztu mundu zabalean inperialismoaren kontra borroka diharduten herriak, eta egunotan, ezin diogulako gogoz oihukatzeari utzi...

EUTSI KURDISTAN!