ISRAEL? EZ, ESKERRIK ASKO Noari boikota

Israeli Boikot  euskal ekimenak Noa kantari isrraeldarrari boikot egiteko deia egin du eta Donostiako ezker abertzaleak ohar bat atera du, Noa sionistak Donostian egin nahi dituen kontzertuak direla-eta (hilaren 25 eta 26an) Israeli boikota aldarrikatuz:

deskargatu kartela hemen

 

 

Noa kantari israeldarrak Donostiako Victoria Eugenian hilaren 25ean eta 26an eman nahi dituen emanaldiak direla eta, Donostiako Ezker Abertzaleak honakoa adierazi nahi du:

Estatu sionista egundoko sarraskia egiten ari da herri palestinarraren kontra. Estatu sionistak palestinarrak ezabatu nahi ditu; milaka hil ditu, lau milioi errefuxiatu eragin ditu, 12.000 preso politiko daude, lotsaren harresian gatibu dituzte, haien alderdiak legez kanpo uzten dituzte…

Amerikako Estatu Batuek eta Europak beste aldera begiratzen dute, estatu arrazista horren alde zuzenean egiten ez dutenean, behintzat. Horrela, Europak saldutako armekin egiten ari dira sarraskia. Tartean, Estatu espainiarrak zein frantziarrak saldutakoekin. Armak egiten dituzten enpresa hauek, gainera, diru publikoarekin laguntzen dituzte.

 

 

Estatuek Estatu sionistaren alde egiten duten bitartean, milaka eta milaka herritar kalera atera dira azken asteotan, urte luzez egin bezala, Palestinari elkartasuna adierazteko. Gerrate genozidaren kontra milaka herritar atera zen kalera Euskal Herrian ere, tartean Donostian egindako manifestazioan.

Israelek dirutza inbertitzen du munduaren aurrean genozidio honen benetako aurpegia ezkutatzeko. Horrela, normaltasun itxura emateko hainbat arlotako israeldarrak erabiltzen dituzte; kultura, kirola, zientzia, irakaskuntza… arloko pertsonak erabiltzen dituzte bere ankerkeria ezkutatzeko.

Honen aurrean, Palestinako 170 kultur eta herri mugimendu elkartu, eta honakoa besterik ez digute eskatu: Israeli boikota egitea. Boikot politikoa, boikot ekonomikoa, kulturala, akademikoa… Hego Afrikan apartheid garaian, tresna ezin eraginkorragoa izan zen, eta gaur egun ere bada.

Eztabaida ez da kirolari, kantari… israeldar horiek guztiak jatorrak diren edo ez. Ez da hori kontua. Zer ordezkatzen duten baizik. Noari boikota eskatzean, Israeli boikota eskatzen ari gara.

Horregatik, Donostiako Udalari eskatzen diogu Victoria Eugenian Noa ematekoa den kantaldia bertan behera utz dezala, eta ez dezala berriro israeldar ordezkaririk Donostiara ekarri herri palestinarraren eskubideak errespetatuak izan arte. Euskal Herriak, sionismoari stop!

 

 

DONOSTIAKO EZKER ABERTZALEA