Israelen aurkako BDS nazioarteko egunean ere Euskal Herrian Palestinaren aldeko mobilizazioak izan dira

Martxoaren 30ean, Israelen aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigor (BDS) nazioarteko eguna izendatua izan den horretan, Palestinaren aldeko mobilizazio eta ekintza ugari eraman ziren aurrera Euskal Herrian barrena. Aipagarrienen artean hegoaldeko lau hiriburuetakoak ditugu, non tokian tokiko 'Palestinarekin elkartasun plataformek' antolatu zituzten.

Elkartaratzeak, kalejira zaratatsuak eta supermerkatuetan ekintzak egon ziren, Iruñean, Bilbon, Gasteizen zein Donostian. Ehundaka lagunek hartu zuten parte elkartasun ariketa honetan, eta Gasteizko 'El corte inglés'en eta Donostiako Arcco-ko Eroskin Israelgo produktuak identifikatzeko egin ziren ekintzek arrera ona izan zuten bezeroen aldetik nahiz eta bi kasuetan kanporatuak izan ginen.

Palestinaren genozidioa jarraitzen duen bitartean, beraien eskubide zibil eta politikoak zanpatuak jarraitzen duen bitartean, palestinar errefuxiatuen itzulera ukatzen duten bitartean eta Gaza zein Zisjordaniako blokeo eta errepresio egoera iraun bitartean, Palestinako eragile sozialek egindako deialdiari eutsiko diogu, Palestinaren askatasunaren alde gauden guztiok Israel boikoteatzea dela bide eraginkorrena adieraziz.

      Israeli boikota!               Gora Palestina askatuta!  Gora Herriok!