Khader Adnanek gose greba amaitu du askatasuna negoziatu ostean

Israelek Khader Adnan apirilaren 17an askatzea hitzartu du Adnanek gaur gose greba albo batera utzi ostean, Al Jazeerak jakitera eman duenaren arabera. Akordioa Adnanen abokatuak eta Israelgo Justizia ministerioak hitzartu dute. 66. eguna bete du gaur Adnanek gose greban.

Iazko abenduaren 17an hasi zuen gose greba 33 urteko Khader Adnan palestinarrak, atxilotu eta hurrengo egunean. Israelen dute preso, epaiketarik egin gabe, eta bere kontrako kargurik eta frogarik izan gabe.

"Atxiloketa administratiboa" deitzen die kargurik gabeko atxiloketa horiei Israelek. Beste ehunka palestinarrekin gertatu den bezala, agindu militar bat medio hartu zuten preso Adnan, Arrabah-en, Zisjordaniako Jenin hiritik gertu. Israelek sei hilabetez izan ditzake palestinarrak gatibu, kargurik gabe eta epaiketarik egin gabe. Denbora hori pasata, baina, beste sei hilabete gehiago luza dakieke espetxealdia, eta gero beste sei... horrela denbora tarte mugagabe batean.

Hainbat begiralek Israelen jarrera gogor kritikatu eta Adnan askatzeko eskatu dute, eta salatu dute nazioarteko komunitatea ezikusiarena egiten ari dela. Richard Falk palestinarren giza eskubideen NBEko errelatoreak, adibidez, nazioarteko komunitateari esku har dezan eskatu dio, Adnanen osasun egoera oso larria delako.

(Argia.com)