Kursaal aretoa elkartasunez betetzeko deia, Udalbiltza.

Hurrengo lerroetan Udalbiltzak luzatzen duen mobilizaziorako gonbitea dugu, besteak beste Udalbiltza auzia bertan behera gera dadin indarrak batzeko zita izango da igandekoa.

Udalbiltzako auzipetuok dei ozen eta zabala egitera gatoz. Igande honetan, martxoaren 28an, Donostiako Kursaal jauregiko aretoa elkartasunez betetzeko deia.

Udalbiltzak eta Conseuk elkarlanean antolaturiko Autodeterminazioa eta dibertsitatea XXI. Mendean jardunaldien azken ekitaldia izango da, hain zuzen ere, igandean, 11:30ean hasita. Bertan, bezperatik nazioarteko hainbat ordezkariren artean herrien eskubideen inguruan landutako agirien berri ematearekin batera, Udalbiltza auzia bertan behera uzteko eskari ozena egingo dute bertaratzen direnek. Ekitaldian, musika, bideo eta dantza artean, nazioartetik jasotako elkartasun adierazpenak ezagutzera emango dira.Jakina denez, hurrengo apirilean jada zazpi urte beteko dira Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltzaren kontrako eraso polizial-judiziala hasi zuenetik. Udaberri honetarako espero da, hain zuzen, ahozko epaiketa saioa Udalbiltzako 22 kide eta langileren kontra. 10 eta 25 urte bitarteko kartzela zigor eskariak daude eginak pertsona horien aurka, Udalbiltzaren beraren jardueraren debeku eskariarekin batera.

Euskal herritar guztien eta Euskal Herriaren beraren eskubideen defentsan egindako lan publiko eta instituzionala ezin da delitutzat jo eta ezin da zigortu. Horixe da igande honetan Kursaal jauregian aldarrikatuko dena, nazioarteko hainbat ordezkarirekin batera.

Horregatik, dei zabal-zabala egin nahi diegu, lehenengo eta bat Udalbiltzako kide izan diren udal hautetsi guzti-guztiei; baita Euskal Herriko gizarte, politika eta kulturako eragile guztiei eta herritar orori ere, bat egin dezaten gurekin igandeko ekitaldian.