Larunbatean Tuteran OTANen aurka oinetakoa altxatuko dute
OTANeko kide izan, herriari lurrak lapurtu eta hauetan maniobra militarrak entrenatzeagatik akusatuta, irailaren 26ean larunbata arratsaldeko 19:30etan espainiar estatuaren aurkako herri epaiketa burutuko duten Tuteran foruen plazan.
Ondotxo dakigu OTAN bloke kapitalista-inperialistak behar duen tresna politiko-militarra dela. Eta segurtasun, bake eta kooperazioaz hitz egiten duen arren, benetan mundu mailako nagusitasuna mehatxatu edo zalantzan jar lezakeen edozer eragozteko estruktura militarra dela ukaezina da. Horrela bada, OTAN bezalako egitura inperialista baten kide izatea, interes kapitalista eta inperialistak defendatu eta milaka eraildako eta dozenaka herrialderen zapalketaren erantzule izatea da. Espainiar estatua beraz, OTANen kide den heinean, jazarpen guzti honen errudun da. Argi azaldu zigun hau Iñaki Gil de San Vicente lagunak ¿Juzgar a España? artikuluan.
Kide izateaz bat, Estatu espainolak logistika aldetik ematen duen laguntza ere ez da gutxietsi behar. Horra hor Bardeetako Tiro Poligonoa, Europa osoan gerra-hegazkinak munizio errealarekin trebatzeko erabiltzen den eremu bakarra. Bardeetan trebatu ziren Golkoko Gerran, Libian edota Balkanetan erabilitako hegazkinak. Azkenaldion Estatu Islamikoaren aitzakian kurduei eraso egin dieten Turkiako hegazkinak ere Bardeetan trebatu dira. Pasa den maiatzean bertan izan genituen eta orain urrian berriz ere inbasio militarrak egiteko entrenatzera datoz Nafarroara.
Trident Juncture 2015 izena duen maniobrak urriaren 24etik azaroaren 6ra izango dira Bardeetan. Espainiako beste hainbat puntu, Italiane ta Portugalen burutuko diren maniobra hau gerra hotzaz geroztik burutzen diren handienetarikoa da.