Laudion eta Arrasaten ere nazioarteko preso politikoen aldeko elkartasuna plazaratu zen

Apirilak 17a, preso politikoen nazioarteko egunean elkarretaratzeak burutu genituen Euskal Herriko hainbat herrietan. 

Bilboko eta Gasteizko deialdiak izan ezik, Laudion eta Arrasaten ere Saharar eta herri borrokalarien aldeko elkartasuna plazaratu zen.

Laudioko Lamuza Plazan dozenaka lagunek parte hartu zuten Askapenak, Herrira eta Ernaik deitutako kontzentrazioan Sahara, Galiza, Palestina, Maputxe eta Korsikako herrien ikurrak eta "Munduko preso politikoak kalera" zioen pankarta erakutsiz. 

Arrasateko Askapenak eta Nubi Elkarteak deituta, Saharar herriari elkartasuna erakutsiz eta saharar preso politiikoen askatasuna exigituz, herriko plazan bildu gara.

Bertan saharar presoei eskutitzak idazteaz gain, erakusketa bat ikusteko aukera egon da. Umeek marrazkiak egin dituzte, eta te goxoaren eta musika sahararraren laguntzaz, saharar herriaren eta euskal herriaren arteko xamurtasunean topo egin dugu.

Euskal presoen aldeko aldarrikapenak ere ez dira falta izan.

Gora Saharar herriaren borroka!!

Gutunak idatzi zizkieten preso sahararrei (Mondraberri agerkari digitalean argitaratutako albistea)

Askapenak eta Nubi Elkarteak antolatuta, herrialde sahararrari elkartasuna erakusteko ekitaldia izan zen atzo Herriko plazan. Nazioarteko Preso Politikoen Eguna ospatzeko, gutunak idatzi eta marrazkiak egin zizkieten, gero presoei bidaltzeko.

Atzo, hilaren 17an, Nazioarteko Preso Politikoen Eguna ospatu zen eta hala, saharar presoei elkartasuna adierazi nahi izan zienten Herriko plazan Askapenak eta Nubi Elkarteak. Horretarako, musikaz girotu zuten plaza eta ospakizun giroan, hainbat ekintza antolatu zituzten Sahara eta lurralde okupatuen egoeraren berri emateko. Batetik, herritarrek eskutitzak eta marrazkiak egin zituzten plazan eta saharar presoei igorriko zaizkie hauek.

Bestalde, herri sahararraren errealitatea erakusten zuten zenbait argazki jarri zituzten ikusgai Herriko plazan eta material ezberdinak ere jarri zituzten salgai, herritarren eskura. Honekin batera, Espainiako gobernuak Saharako gatazkarekin daukan zerikusia salatu zuten atzoko ekitaldian. Izan ere, Espainiak Sahara utzi zuenean, bere zorira abandonatu zuen herrialdea. Honekin batera, sahararrek tea prestatu zuten eta nahi izan zuten herritarrek hau dastatu zuten.