Legez kanporatzeak berme nahikorik gabe egiten direla dio NBEk
Inkomunikazioa kendu eta 'terrorismo' terminoaren erabileran jarrera aldatu behar duela ohartarazi dio Espainiari Scheininek
Egoera hobetzeko hamahiru aholku zehatz jarri ditu kontalariak txostenean
Oihana Elduaien|Berria
Behatokiaren ustez, ona da txostena orain kaleratzea
Behatokiaren aburuz, Giza Eskubideak Babesteko kontalariak eginiko txostena hauteskundeen atarian argitaratu izana «ez da kasualidadea». Martin Scheinin kontalariak Espainiara egindako bisitatik txostenaren zain zeudela adierazi dute Behatokikoek, eta une politiko honetan kaleratzeak are garrantzitsuagoa egiten duela uste dute. Alderdien Legearen eta terrorismoaren definizioaren inguruan Scheininen txostenak egiten dituen «kritika zorrotzak» begi onez hartu dituzte Behatokian, eta hor azaltzen diren gomendio zehatz eta kritikoek garrantzi handia izango duela uste dute. Gomendioez gain, bisitaren inguruko ondorioek ere arreta berezia merezi dutela uste dute.
Espainiak ez ditu giza eskubideak behar bezala errespetatzen «terrorismoaren kontrako borrokan» ari denean. Ondorio hori atera du Martin Scheinin Terrorismoaren Kontrako Borrokan Giza Eskubideak Bermatzeko NBEko kontalari bereziak, Espainiara eta Euskal Herrira bisita egin ostean. Terrorismo terminoa gehiegi zabaltzea, parte-hartze politikorako eskubidea urratzea, inkomunikazio aldia ez kentzea eta tortura salaketak ondo ez aztertzea egotzi dio, besteak beste. Euskal presoen zigorrak gehiegi luzatzea eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren betekizuna ere kritikatzen du.
Nolanahi ere, kritika egin arren, bere esku dauden lurretan zein nazioartean «terrorismoaren kontrako» borrokan «ahalegin handia» egiten duela aitortu dio Espainiari. «ETAk eta beste talde terrorista batzuek giza eskubideak deuseztatu» egiten dituztela ere jaso du. Hori guztia argudiatuta, 26 orrialdeko txostena osatu du, eta hamahiru aholku zehatz eman dizkio Espainiari.
Espainiako Gobernua ez dago derrigortuta NBEko kontalariak emandako aholkuak betetzera. Baina Scheininen txostena ez da nazioarteak Espainiari egiten dion lehen ohartarazpena. Horregatik, Espainiak gero eta presio handiagoa dauka eskaerei men egiteko.
Hona hemen, Scheininek osatutako txostenaren laburpena, puntuz puntu.
'Terrorismo' terminoa
Espainiak terrorismo terminoaz egiten duen erabilera ez dela zuzena dio Scheininek. Giza Eskubide eta Eskubide Politikoen Nazioarteko Itunaren 15. artikuluan jasotakoa betetzea beharrezkoa dela ohartarazi dio, eta erabiltzen dituen terminoak ondo definitzeko eskatu dio. Zehazki, Zigor Kodeko 571tik 579ra bitarteko artikuluak berrikusteko eskatu dio.
Delitu bat «terrorismo» gisa hartzeko «hiltzeko edo lesioak eragiteko asmoa edukitzea» ezinbesteko dela zehazteko aholkatu dio, baita «kolaborazioaz» hitz egiten denean zertaz ari den eta zigortzen diren jokaerak zein diren zehazteko ere. Zigor Kodea orain dagoen bezala, «kolaborazio» delitua indarkeriarekin inolako loturarik ez dutenei leporatzeko arriskua ikusten du Scheininek, eta erreferentzia egiten dio 18/98 auziko epaiari.
«Terrorismoa goratzea» zer den ere zehaztu beharra dauka Espainiak, NBEko kontalariaren irudiko. «Terrorismo ekimen bat bultzatzea» helburu duten ekitaldiei bakarrik aplikatu behar litzaieke delitu hori: «Ez da erabili behar adierazpen askatasuna mugatzeko».
Adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna
«Terrorismoaren kontrako neurriak ez dira erabili behar gobernuz kanpoko erakundeen, komunikabideen eta alderdi politikoen kontra», dio. Zigor Kodean «talde terroristez» hitz egiten den arren talde horiek zein diren zehazteke dagoela salatu du.
Alderdien Legeak ere zehaztasunak falta ditu. Ondorioz, «talde terrorista» baten helburu antzekoak izan eta bake bideetatik ari den alderdi bat legez kanpo uzteko arriskuaz ohartarazi du NBEk. Alderdien Legea adierazpen askatasunari buruzko nazioarteko legedira egokitzeko aholkua eman dio Espainiari. Gainera, hautesle elkarteren bati edo alderdiren bati hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea kendu behar badio, hori «berme gehiagorekin» egiteko eskatu dio.
Era berean, adierazpen askatasuna sustatu beharra dagoela uste du Scheininek. Euskal Herrira egin zuen bisitan adierazpen askatasuna urratzen zela ikusi zuela dio. Batetik, «mehatxu terroristak» jende askori pentsatzen duena esateko muga jartzen diola ikusi zuen, eta, bestetik, «terrorismoaren kontrako politikaren ondorioz», autodeterminazioaren aldeko iritziak emateko eta giza eskubideen alorrean aritzeko beldurra ere nabaritu zuen «horrek ETArekin harremana duela leporatzera eraman ditzaketelako».
Inkomunikazioa
Inkomunikazioa kentzeko eskatu dio Espainiari. Atxilotua inkomunikatuta dagoen bitartean hari «debekatutako tratua» emateko arriskua dagoela uste du, eta, gainera, inkomunikazioa dagoen bitartean Espainiak tortura salaketei aurre egin beharko diela aurreikusten du, horrek «terrorismoaren kontrako borrokari zilegitasuna kentzen» diolarik. Tortura ekiditeko neurriak sistematikoki ezartzeko eskatu dio Espainiari, bideo zaintza jartzeko eta atxilotuei konfiantzako medikuekin egoteko aukera emateko zehaztuta. Ertzaintzak protokolo bat baduela ekarri du gogora, baita Auzitegi Nazionaleko epaile batzuek beste protokolo bat erabiltzen dutela ere. Baina neurriak ez dituztela epaile guztiek ezartzen salatu du.
NBE kezkatuta dago tortura salaketek izaten duten bilakaerarekin ere. «Sistematikoa da Espainiako agintariek kasurik ez egitea». Torturak egon daitezkeela pentsatzeko arrazoiak dauden bakoitzean «segituan ikerketa independente, inpartzial eta osoa» egin eta errudunak auzitara eramateko eskatu du. Horrek segurtasun indarren sinesgarritasunari mesede egingo liokeela azaldu dio Espainiari.
Auzitegi Nazionala
«Arazotsua» da, Scheininen ustez, «terrorismo gaietan» eskuduntza duen auzitegi espezializatu bakarra Espainiako Auzitegi Nazionala izatea. Han epaitutako auzietan kasazio helegitea besterik ezin daitekeela jarri ekarri du gogora, eta Giza Eskubideen Batzordeak prozedura horiek ezegokitzat dauzkala azpimarratu du. 18/98 auziko epaiari berriz egiten dio erreferentzia, epai hori kasazio helegitearen erantzunaren zain dagoelako. Erabaki hori aztertuko duela ohartarazi du, gainera.
Helegiteak jartzeko aukerak berrikusteko eskatu du, eta arreta berezia jartzeko Nazioarteko Ituna betetzen. Terrorismo gaiak beste auzitegi batzuetara bideratzeko aukera aztertzeko ere eskatu dio.
Espetxe politika
Behin-behineko espetxe zigorra gehiegi erabiltzen du Espainiak, NBEren ustez. Espetxealdi hori laburtzeko eskatu dio Espainiari, eta gaineratu du «terrorismo delituak» egiteaz susmagarri diren presoei tratu berezia emateak «eragin larria» izan dezakeela haien errugabetasun presuntzioan.
Sakabanaketaz dio «familientzat arriskua eta karga ekonomikoa» izateaz gain, defentsarentzat oztopo praktikoa dela. Parot doktrina deiturikoa, zigorrak osorik betearaztea eta espetxetik ateratakoan presoei jarri nahi zaien zaintza bergizarteratzearekin bateraezinak izan daitezkeela ere ohartarazi du.
Biktimak
«Terrorismoaren biktimen» egoera behar bezala lantzeko Espainiak lege bitartekoak eta bitarteko psikologikoak landu dituela dio, eta bitarteko horiek GALen biktimei ere zuzentzen zaizkiela. Espainiak biktimekin duen jarrera «egokia» dela uste du.
Biktimen eta «terrorismoa» erabiltzen dutenenganako sinpatia dutenen artean harremanak lantzea egoki iruditzen zaio, nahiz eta onartzen duen batik bat Euskal Herrian egoera oso «minbera» dela.
«Adiskidetzeko» elkarrizketa ireki eta aktiboa proposatu du, «elkartasunean, tolerantzian eta indarkeriaren biktimen errespetuan oinarritutako elkarrizketa».
Bilera ugari izan zituen maiatzean egindako bisitan
Iazko maiatzean zortzi egunez izan zen Euskal Herrian eta Espainian Martin Scheinin Oinarrizko Askatasunak eta Giza Eskubideak Babesteko NBEko kontalari berezia. Egun horietan giza eskubideen inguruko azterketa egiteko hainbat bilera izan zituen. Besteren artean, Espainiako Gobernuko Defentsa, Justizia eta Atzerri Ministerioetako ordezkariekin, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariarekin, Kongresuko eta Senatuko legebiltzakideekin, tortura salaketak jarri dituztenekin, euskal presoekin eta Auzitegi Nazionaleko, Auzitegi Goreneko eta Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko presidentearekin. Askatasunaren aurkako epaiketan ere izan zen.