Lurra lur izan dadin

mapuche luchaAskapenako brigadisten lana berria egunkarian.

Lurraren jendea dira maputxeak, eta duintasuna berreskuratzeko borrokan ari dira; haienak izan ziren lurrak, egun, egur ekoizleen eta bestelako lur jabeen esku daude.

Autobuseko leihotik begira, eukalipto eta pinu sailak baino ez dira ikusten, elkarren segidan, elkarren gainean, begiak ere atseden hartzeko astirik bilatu ezinik. Oinez abiatu eta gutxira, hainbesteko berdintasunaren artean, ruca edo etxalde bat ageri da, eta gertuan beste bat. Bertan bizi dira Gulumapuko maputxeak, Andeetako mendirik garaienak umiltzen hasten diren inguruan, gaur egun Txile esaten zaion hegoaldean. Han bizi dena lurraren jendea da, lurretik eta lurrerako sortua. Mapudungun edo lurraren hizkuntzan hitz egiten duten, gaztelaniaz gain. Erlijio eta ohiturak ere eurenak dituzte, denak betiere ama lurrarekiko begirunean oinarrituak, bertatik eta bertarako sortuak.

 

Lurraren jendea, ordea, lurrik gabe utzi nahi dute, egur ekoizle eta bestelako lur jabeek maputxeen lurretan egiten baitute dirua. Eta gobernuek, poliziek eta epaileek diruaren jendea babesten dute, eta bere duintasunagatik borrokan ari dena atxilotu, torturatu edo hil egiten du.

Borrokatzea beste biderik ez dute maputxeek, beraz; azken urteetan berriz ere indartsu ekin diote, baina mendeak daramatzate borrokan. Lehenik, inken inperioari egin zioten aurre; gero, espainiarren konkista nahiari. Lurraren jendea garaitu ezin, eta haiekin ados jarri beharrean izan ziren espainiarrak. Horrela, Bio Bio ibaitik beherakoak maputxeena izaten jarraituko zuen. Baina XIX. mendeko bigarren hamarkadan hasi zen maputxeen aurkako erasoaldirik bortitzena. Argentinan, Puelmapuko -Argentina aldeko- maputxeak ia desagerrarazi zituzten desertuko kanpainaren bitartez, eta, Andeen bestaldean ere, Txile sortu berriak ez zuen maputxerik nahi -ez, behintzat, maputxe moduan-, eta han ere gogor egin zuten lurraren jendearen aurka. Ondoren, Augusto Pinocheten diktadura garaian, maputxeei lurrak kentzeaz gain, beren izaeraz eta jatorriaz lotsarazi nahi izan zituzten, beren hizkuntza ia desagerrarazi eta herri sentimendua ia galarazteraino.

Demokraziarekin gauzak ez dira asko aldatu, eta lurrak berreskuratzen dabiltzan maputxeak atxilotu egiten dituzte. Baina maputxeek berenean jarraitzen dute, beren lurrak, hizkuntza eta duintasuna berreskuratu nahian, eta azken urteetan maputxeen aldeko hainbat talde sortu dira; horien artean, Coordinadora Arauco Mallenca (CAM).

Duintasunaren alde borrokan

Duela hamar urte inguru sortu zen CAM, lurra eta duintasuna berreskuratzeko asmoz, eta horretan dihardute eukalipto eta pinu artean zirrikitu bat egin eta aurrera egin nahian. Eguneroko bizimoduan borrokan, lurra berreskuratzen eta lurra ereiten, berriz ere lurra lur izan dadin eta lurreko jendeak hala izaten jarrai dezan. Azken hamar urte hauetan, ia 20.000 hektarea berreskuratu dituzte maputxeek, eta dozenaka familiei jaten emateko aberastasuna sortu dute lehen latifundista bat aberasten zen lurretik.

Baina jatorrian maputxeenak diren eta gaur egun trasnazionalen eta latifundisten esku dauden lurrak berreskuratzeko orduan, azkenaldian borroka gogorrak izaten ari dira. Alde batetik, enpresarien interesak defendatu nahian gobernuak bidalitako polizia; bestetik, maputxeak, bizi ahal izateko eta duintasuna berreskuratzeko borrokan. Horietako borroka batean, abuztuaren 13an hain zuzen, lur sail bat berreskuratzen ari zirela, Julio Mendoza hil zuen Poliziak. Carabinero batek bizkarrean tiro bat jota hil zen. Ez da, ordea, lehen gudari edo wichafe-a; lehenago Alex Lemun (2002) eta Matias Catrileo ere (2008) hil zituen Poliziak, maputxeen aldeko borrokan ari zirela.

Horrelako hilketek gehiago batu dituzte maputxeak, beren izaera eta lurrak berreskuratzeko borrokan. Eta agerian geratu da Txileko eta nazioarteko talde eta erakundeak ez daudela ados Michele Bacheleten gobernua maputxeekin izaten ari den jokabidearekin.

Presoak gose greban

Kartzelan ere gauzak mugitzen ari dira, Concepciongo preso politiko maputxeak gose greban hasiak baitira, Txileko Gobernuak, Espainiako legediari jarraiki, han ere presoak sakabanatu nahi dituelako. Egun, 38 preso politiko daude kartzelan, gehienak lurrak berreskuratzen ari zirela atxilotuak. Eta haiek ere, kartzela barrutik, borrokan jarraitzen dute: orain gose greban, sakabanaketa salatzeko; orain epaiketetan, mapudungunez deklaratuz.

Gori-gori dago giroa, maputxeen borroka Txileko mugak zeharkatu eta nazioartean ere oihartzuna izaten ari delako. Eta Txileko Gobernuak, horren jakitun, sartzea debekatzen die atzerritik joaten diren kazetari eta begiraleei; atxilotu edo deportatu egiten dituzte, badakitelako maputxeen borrokak babes handia lor dezakeela nazioartean. Bitartean, maputxeek han jarraituko dute, duintasuna ereiten, zokoratu nahi dituen sistema oso baten aurka, mundu oso baten alde lanean, goldeak lurra iraultzen duen modura, astiro baina aurrera.
 

 

Kronologia



1541. Espainiako monarkiak eta maputxe herriak hitzarmena sinatu zuten: maputxeei independentzia ematen zien Bio Bio ibaitik hegoaldeko lurretan. 1810 arte egon zen indarrean.

1825. Tapihupeko ituna. Txilek, 14 urteko gerraren ostean, Bio Bio ibaia onartu zuen maputxeen lurraldeko muga gisa.

1882. Hiru hamarkada iraun eta gero, Araucaniaren Baketzea izeneko kanpaina militarra amaitu zen. Maputxeek independentzia galdu zuten, eta haien lurrak kolono txiletar eta europarrei saldu zizkieten.

1970. Maputxeen II. kongresuak Salvador Allende Txileko presidentea gonbidatu zuen, eta lege indigena berri baterako zirriborroa eman zioten. Allende, zirriborroa onartuta, maputxeei lurrak bueltatzen hasi zen.

1973. Pinocheten diktadurak bertan behera utzi zuen Allenderen lege indigena, eta lurrak lehengo jabeei itzuli zizkieten.

1998. CAM taldea sortu zuten, komunitateen borrokaren bidez maputxeen lurrak berreskuratzeko. 2003an, Txileko Gobernuak legez kanporatu egin zuen.

2007. Patricia Trancoso preso politiko maputxeak 112 eguneko gose greba egin zuen, presoen baldintzak hobetzea eta maputxeen aurkako militarizazioa amaitzea eskatzeko.

2009. Poliziak Jaime Mendoza maputxea hil zuen, lurrak berreskuratzen ari zela. Alex Lemun eta Matias Catrileo ere hil zituzten aurrez. Berriki, Alianza Territorial-Pu lof Che erakundea sortu dute maputxeek, 60 komunitate elkartzen dituena. Maputxe herriaren autonomia estatutu moduko bat eskatu zioten Txileko Gobernuari. Hark ezezkoa eman, eta lurrak berreskuratzeko kanpaina abiarazi zuten.