Maiatzaren lehena; Europa astinduz, burujabetza eta sozialismoruntz!

Beste urtebetez iritsi da Maiatzaren lehena, gure izana eta izena aldarrikatzeko eguna, langileon eguna. Mundu guztiko langileok, bat eginik, gurea dena aldarrikatu eta garenaren gaineko kontzientzia hartzeko eguna.

Garai gogorrak bizi ditugu langileok. Europan, borrokaren bitartez urteetan zehar lortutako eskubideak galtzen ari gara gutxinaka gutxinaka. Eskubiak eta sozialdemokraziak eskutik helduta diseinatu duten langile eta herri sektoreon kontrako estrategiak etenik gabe erasotzen gaitu; direla lan edo ta pentsio erreformak, dela gure gorputzen gainean erabakitzeko dugun eskubidearen kontrako legeak, dela osasunaren eta hezkuntzaren pribatizazioak... oinarrizko eta ditugun ezinbesteko bizi baldintzak ukatzen dizkigute. Finean, arlo guztietan burujabetzarako ditugun mekanismoak lapurtu dizkigute.

Klase zapaltzaileek estatua erabiltzen dute herritarron interesen kontra egiteko. Horretarako, haien aparatu errepresiboa indartu dute kapitalaren mesedetara. Aldarrikapenak ixildu, isunen bidez mugimenduak ekonomikoki ito nahi dira eta atxiloketen kopurua esponentzialki igo da. Horrez gain, atea zabalik utzi die faxistei haien lana erraztu eta eskubiaren eragiteko gaitasuna handituz. Hau dena gutxi balitz, estatuen jarduera inperialista gogortu egin da bertako trasnazionalen interesen defentsan eta ondorioz, herrien gaineko zapalkuntzak areagotzen jarraitzen du.

Hala ere, ez dira gutxi estrategia honen aurrean aurkitu dituzten erresistentziak. Greziako langileriak erakutsitako konstantzia, Erromako kaleetan erakutsitako haserrea, Gamonaleko auzokideek gelditutako obrak, Asturiaseko mehatzarien eta Galiziako arrantzaleen duintasuna edo eta Euskal Herriko ikasleriak eta emakumeek erakutsitako mobilizazio gaitasuna. Langileriak bere eraldaketarako duen gaitasuna erakusten duten adibideak dira hauek.

Burujabetza da klase bezala eta herri bezala gure interesak defendatzeko dugun herramienta eraginkorrena, eta beraz, beharrezkoa izango dugu langile klasearen autoantolakuntza indartu eta herri bezala ditugun baliabideak eskuratzea. Horrez gain, ezinbestekoa dugu europako langile klasearen elkartasuna, ezinbestekoa elkartasun internazionalista. Europako edozein lekutan ematen den garaipen bat, gure garaipena izango delako, gure garaipena, gainontzeko europarentzat garaipen bat izango den era berean.

Esan dugun guztia kontuan hartuz, beharrezkoa iruditzen zaigu Maiatzaren lehenean borrokarako deia egitea. Europa Astinduz, langile eta herri sektoreok gure burujabetza eskuratuz, beste mundu baterako oinarriak jartzen jarraitu behar dugu! Sozialismoa eraikitzeko aldaketak gauzatu behar ditugu! Askatuko gaituen subjektuaren eraikuntza bultzatuz, herrien arteko elkartasunetik, herrion burujabetzara! Sozialismora!

Gora Maiatzaren lehena!

Gora Euskal Herri aske eta sozialista!

Hamaika herri, borroka bakarra!