Mar de plata, Argentinako azken geldialdia

Rosario eta Cordobako esperientzia, labur bezain intentsoak bizi ostean, Mar del Plataraino iritsi ziren brigada kideak. Bertan, egonaldia laburra egin bazuten ere, etekin handia atera ziotela azaldu digute. Hemen irakurgai duzu kronika:

Irrati komunitario bitan elkarrizketatu gintuzten (La Revuelta) eta Colectivo Audiovisual Raymundo Gleyzer-ek bideoa grabatu zigun. Gainera, Vía Orgánica –okupatutako gune batean dauden ortuak– ezagutzeko aukera eduki genuen. Esan beharra dago egitasmo horrek harrera bikaina izan duela hirian, eta, gaur egun, elikadura-burujabetza lantzen dutela lehen hezkuntzako ikasleekin.

Azkenik, Mar de Platako Unibertsitateko Ekonomia eta Gizarte Zientzietako Fakultatean, Neruda aretoan, Frente Antirrepresivo-k antolatutako hitzaldian aritu ginen. Ekuador, Paraguay, Argentina, Peru eta Euskal Herriko preso politikoen egoerei buruz eztabaidatu zen, besteren artean.

Gau horretan, autobusa hartu genuen Buenos Airesera itzultzeko; gure azkeneko eguna izango zen Argentinako hiriburuan. Goizean, militarren diktaduraren garaiko sarraski- eta tortura-zentro klandestinora bisitatu genuen Virrey Cevallos kalean, eta bertako koordinatzaileak han gertatutakoak kontatu zizkigun.

Arratsaldean, Barricada TV eta Resumen Latinoamericano komunikabideekin eta Simón Bolivar Juventudes eragilearekin hartu-emanean aritu ginen eta epaiketaren informazioa helarazi genien. Kurdistanekin elkartasuna adierazteko manifa batean ere parte hartu genuen eta Turkiako enbaxadaren aurrean egindako elkarretaratzean hitza eman ziguten. Gau partean, jai giroan, Argentinako brigadari amaiera emateko topaketa egin genuen taberna internazionalistan Euskal Herriaren Lagunekin.