Mohameten begiak

mohameten begiak'Biladi hadi' brigada kulturala Palestinan dago, bertatik partehartzaileek publikatutako hainbat bizipen iritsi dira jada. Jarraian Fredi Paiak oparitutakoa:

Larrepetit. Fredi Paia (berria.info)

Mohameten begiak

Amanen hormaginek gauez egiten dute lan. Goizeko hiruretan ere lanaldi betean dago Mataam Hashimen jatetxe txikia. Ingelesa, inperio nagusiko hizkuntza ere zubi ez den leku eta orduetan, irribarreak betetzen ditu egun beteko bidaiarien sabelak. Hori bai, falafel, oliodun ahuntz gazta eta globalizazioak San Frantzisko auzoan aurkeztu zizkigun garaitiko baba eta garbantzu xehetuen laguntzarekin.

Marokon konturatu nintzen Mohamet izena dutela musulman guztiek hartu eman ekonomiko hutserako. Hala zuen izena gure taxistak. Espainiar selekzioaren futbol garaipena presente dago Jordaniako kaleetan, Jerusalemeko ume arabiarren gorputzetan bezala. Damaskoko ate ondoko dendariak argi esan digu kataluniarrek euren selekzioa izango dutela hurrengo mundu kopan. Basque? Harridura aurpegiak eta azalpen luzeak.1948. urtean kanporatu zuten gure taxista, familia osoarekin batera Tel Aviv ondotik Jordaniara. Ezin du etxera itzuli. Egun bat baino ez luke gura, bere etxea izan zena azkenekoz ikusi eta betiko Jordaniara bueltatzeko. Eskua eman digu amultsuki Zisjordaniako mugan, zorionekoak gu, bere etxea ikusiko dugun kanpotarrak.

Lau ordu pasa behar izan ditugu israeldarren milaka kontrol mota ezberdin igarotzeko. Tentsioa arnasten da azal beltzeko israeldar langileen aurpegietan. Oihuak eta kaletarrez jantzitako gazteak metrailadorea guri begira dakar korrika batean. Erratu dira, baztertzeko agindu eta beste inoren bila hasi dira. Laster daramate familia arabiar oso bat beraiekin.

David erregearen hilobia dago Jesusek azken afaria eman zuen eraikin berean. Bertan, israeldar soldaduen eskola ibiltaria. Bisitari taldeak, kaleko arropaz jantzitako armadun gazteren bat dutela ondoan. Kaltea dagianak bizarra lepoan dio gure herriko armarriak. Eta hiri santuan ere, txakurrak ortozik eta gaizkileak beldurrez.

Hartu zuretzat gure begiak, Mohamet. Ikusi antsiatzen duzun etxe maitea. Malkoak, baina, zuk jarri beharko dituzu.