Mugarik gabeko kriminalizazioak
Aste honetan, Mugarik Gabeko Erreportariek, urteko txostena atera dute, munduan kazetariak gehien erasotzen dituzten erakunde zein estatuak salatzen dituen ranking-arekin.
Kuba eta FARC Latinoamerikan, ETA Europa okzidentalean, Iran ekialde hurbilean… eta horrela berrogeira arte.
Askotan esaten da hedabideak laugarren boterea direla, baino argi dago, lehenengo boterea militarra izanik, hedabideena militarraren eskutik daramatela: konboi militar berdinak konpartitzen dituzte, eskubide urraketei zilegitasuna ematen diete, haienak ez diren mezuak kriminalizatu eta abar.
Euskal Herrian ere badakigu zerbait honi buruz, kazetariak poliziak baino lehenago agertzen baitira atxiloketak emango diren tokira.
Espainiatik eta Miamitik sortutako Kubarekiko etengabeko intoxikazio kanpainak beste adibide bat dira. Apirilaren 25ean hauteskundeak ospatu zituzten Kuban. Bertan, edonork dauka bere burua aurkezteko eskubidea, Alderdi Komunistakoa izan edo ez. Dirurik ez izateak ere ez du hautagai bat kanpoan uzten, botoa eskatzeko publizitatea egitea debekatuta baitago, denek aukera berdinak izan ditzaten. Baina noski, horrek ez du interes mediatikorik.
Kolonbian, estatuko militarrek eta paramilitarrek , “Unión Patriótica” alderdi demokratikoko 5000 kide desagerrarazi zituzten hauteskundeetara aurkezteagatik. Baina horretaz ere ez da inor gogoratzen. Iaz Kolonbian espetxeratu zuten TeleSur-eko kazetariak ere ez du aipamenik merezi “top40” horretan.
Zer esanik ez Hondurasen. Komunikabideek ahaztu duten estatu kolpearen ondorioz, hamaika hedabide ixteaz gain, ustezko gobernu demokratikoak 18 kazetari desagerrarazi ditu.
Adibiderik ez da falta. Telebista guztietan ikusi ahal izan ditugu Estatu Batuetako militarrak Iraken lanean ari ziren kazetari batzuen aurka tiro eginez irrati bidez baimena eskatzen zuten bitartean, bideo-joko batean baleude bezala.
Egin, Ardi Beltza, Egunkaria, Gaztesarea,.. Kazetariak botereak erabakitako horiek dira besterik ez, gainontzekoak, terroristak.