Munduko preso politikoak askatu!!!

Ruben Sánchez bakaikoak Askapenaren auzipetuak info7 irratian eginiko kolaborazioa. Askapenaren kanpaina kolonbiar preso politikoekin.

Urtarrilean Euskal Herrian urratsa eman genuen euskal preso politikoak etxerat ekartzeko bidean eta horrela segi beharko dugu 31 urte kartzelan pasatuko ez duen beste Gatza bat egon ez dadin, beste Elurtxuri bat egon ez dadin, edo Antton Troitiño pakean utzi dezaten espetxean 24 urte bete eta gero.presoak kalera

Tamalez ez gara euskaldunok euskal preso politikoz josita gauden munduko herri bakarra, berriki Sudafrikatik eta Irlandatik bi preso politiko ohi etorri zaizkigu, preso politikoek gatazka politikoen konponbide prozesuetan jokatu beharreko paperaz mintzatzera.

Izan ere ba al da konponbiderik gatazka politikoak sortaratzi duen errepresaliatu politikoen kolektiboa barne hartzen ez duena? Uste dut latinez contradictio in terminis esaten zaiola, planteamendua bera okerra dela bere formulazioan. Amnistiarik gabe pakerik ez ere esan izan zaio.

Historikoki preso politikoak eta preso politiko ohiak beren artean izan dira elkarren gertuko eta bide-lagun, bai eta herri ezberdinetakoak izanda ere, irlandar eta euskaldun preso eta preso ohien elkartasuna aski ezaguna da, eta oraindik ere gabonetan euskal preso politikoek jasotzen dute gutun sorta ederra Iralandatik.

Asko dira munduan preso politkoak dituzten herriak: Palestina, Kurdistan, Txetxenia, Irlanda edota Kolonbia, kasu. Igandean hilaren 17an Nazioarteko preso politikoen eguna izan zen eta horren harira askapena.eus webgunean kanpaina bat abiarazi dute kolonbiar preso politkoei postalak idazteko.
Postala euskal preso politiko batek egin du eta webgune horretan deskargatu daiteke, bai eta hainbat herritan eskuratu ere.

Han hemen bezala, kolonbiar preso politikoek jipoiak pairatzen dituzte, sakabanaketa, paramilitarrek senideak jazartzen dituzte, presoak gaizki elikatuta daude, pilatuta, tenperatura bortitzei egin behar diete aurre, bisitarik gabe... Guztira 7000 preso politiko daude Kolonbian.

Gurean hain ohikoa den gutuna edo postala idatz diezaiogun kolonbiar preso anonimoari, anonimotasun horretatik atera dezagun. Gure askapen borrokek merezi dute elkartasun keinu hori eta gehiago ere.