Nagusirik gabe askoz hobe

ZanonArgentinan patroirik gabeko langileen enpresak langabeziaren alternatiba bat izatetik etengabeko garapenean ari den mugimendu bat izatera pasa ziren. Ugazaben ustelkeriagatik porrot egindako 162 enpresa berreskuratu zituen eta gaur gutxi gora behera 20 mila pertsonari lanean jarraitzeko aukera eman zion mugimendu batek, hain zuzen.
2000 urtean ugazabentzat errentagarriagoa bilakatu zen beraien fabrikekin espekulatzea produzitzea baino. Era honetan jabeek Menem presidente ohiaren lege bati helduz, fabrikaren porrota adierazi, pertsianak jaitsi, diru guztia bildu eta eraman egin zuten, milaka eta milaka langileak kale gorrian soldatarik gabe utzirik.

Esan bezala, 2000-01eko krisi ekonomiko larri honek bultzatuta metalurgiak, ehungintzak, elikagai-industriak, zur-industriak bai eta goi-mailako hotelak ere abandonatuak izan ziren baina nagusiek hanka egin zuten modu berean langileek lan egiteko eskubidearen aldarrikapenari heldu eta fabrikak berreskuratzeari ekin zioten. Eta ez hori bakarrik, kapitalismoaren oinarri den hierarkiarekin apurtu egin zuten, lanari balore eta forma berriak emanez.
Esan genezake munduan nolabaiteko paralelismoren bat bilatuz, esperientzia hauek Brasilgo Lurrik Gabeko mugimenduaren proposamena "hiritartu" egin dutela.
Langabezia %14 inguruan dabilen herri batean non langileen gehiena "beltzean" ari den lanean mugimendu berri honek Estatuaren axolagabekeria eta kudeaketa txarrari aurre egin eta lanpostuak berreskuratzeaz gain, lanpostu berriak sortzen ari da egun.
Geuk, 2006ko Argentinako Askapenaren brigadakideok nagusirik gabeko bi esperientzia gertutik bisitatu eta ezagutzeko aukera izan dugu. Biak Patagonia iparraldean kokatuta, Neuquen hiri ingurunean. Bata Fricader hiltegia eta bestea Zanon zeramika, seguruena langileen kontrolpeko enpresen artean ezagunena.
Bi esperientzia hauen berezitasunetan sakondu beharrean, amankomuneko puntuak zerrendatzen saiatuko gara langileek zeri aurre egin izan dioten eta nola egin duten azaltzeko:
* Fricaderren 3 urtez akanpatu zuten animalientzako ukuiluetan gau eta egun su baten inguruan, soldatarik jaso barik. Beraien familien eta auzoko jendearen laguntzari esker iraun ahal izan zuten denbora gogor hori guztia.
Zanoni buruz beste hainbeste esan dezakegu urtebete luzez.
Jazarpena, desalojo mehatxuak, presio judizialak, errepresio poliziala, sindikalismo tradizionalaren axolagabekeria batzuetan eta bestetan boikot irekia... amaigabeak dira hasierako urte horietan jasan behar izan zutena beraien lanei eusteko aldarrikapenarekin jarraitu ahal izateko.
* Beraien borroka hedatu ahala gizarteko gero eta zabalagoak izan diren sektoreen sostengua eta elkartasun aktiboa lortu dute. Zanonen kasuan, nazioarteko oihartzun mediatiko zabala lortu ere eta atxikimenduaren eraskusgarri bezala, astebete bakar batean 18 mila sinadura lortu dituzte orain dela hilabete batzuk.
* Erabakiak hartzeko eta orokorrean nagusien papera ordezkatzeko demokrazia zuzena erabiltzeko nahia. Salbuespenak salbuespen, esperientzia gehienetan erabakigunerik garrantzitsuena langile guztiek parte hartzen duten asanblada da.
* Antolatzeko era horizontalak bultzatzen dute eta besteak beste, honek suposatzen du langile guztiek soldata berdinak izatea. Enpresa aurrera ateratzeko guztiek erantzukizun berdina duten modu berean.
* Hasierako hilabetetan arazo ekonomiko handiak izan zituzten. Zanonen kasua oso esanguratsua da, fabrika berreskuratu aurretik zituzten hornitzaile gehientsu berberek behin fabrika langileen esku izanik uko egiten zioten harremanak izateari. Beraz, bide berriak ireki behar izan ziren kasu gehientsuetan baina halarik ere, kasu gehienetan ere oso errendimendu ekonomiko ona ikusten da.
Geuk ikusi genituen kasu bietan, gaur egun eta zailtasunak zailtasun, patroiekin zeudenean baino soldata handiagoa jasotzen dute.
* Beraien artean ezberdintasun politiko handiak badaude ere, normaltasun egoera bat lortzeko desjabetze orokor bat eskatzen dute. Eta kasu askotan jabeek fabrikari eta langileei utzitako zorra(Zanonen kasuan 350 miloi peso) Estatuak kitatzea.

Ezberdintasun handiak daude berreskuratutako fabrika batetik bestera. Mundua ulertu eta aldatzeko egon daitezken ezberdintasun berdinak, ez besterik.
Baina ezeren gainetik, patroien oina gainetik kendu eta bide berriak irekitzeari ekin zioten Argentinako langile multzo horrek gure errespetu guztia merezi duelakoan gaude. Duintasun itzela erakutsi diote munduari eta oso galdera polita luzatu digute: lantokian patroiak, jabeak, nagusiak beharrezko ez direla egiaztatu badugu, zergatik beharko ditugu Sistemaren funtzionamendurako?
Patroirik gabe askoz hobeto bizi direla ezin uka, beraz zergatik beharko ditugu gure bizitzen gainean erabakiak hartzen dituzten agintariak? Zertarako poltronetatik mugitzen ez diren gorbatadun teknokrata gris horiek?

Ziur gaude, noizbait, beraiek jorratu dituzten bideak, egin dituzten erroreak eta asmatu dituzten forma berriak oso baliagarriak izango direla Euskal Herri Gorri bat amesten dugunon eguna ailegatzen denerako.