Nazioarteko sarea ehuntzen

tanti populi milanoEuskal Herriaren Lagunak. Elkartasun Astea

Ia 5.000 herritarrek parte hartu dute Euskal Herriaren Lagunak taldeek eta Euskal Herriko hamar eragilek antolatu duten Euskal Herriaren aldeko Elkartasun Astean.

Jokin Sagarzazu-berria.info

'Hamaika herri, borroka bakarra' lelopean manifestazioa, Milanen

Zerbait aldatzen ari da Euskal Herrian», dio Suitzako hegoaldean bizi den Olivierrek. Herrialde horretako EHL Euskal Herriaren Lagunak taldeko kide da Olivier, eta aste honetan Euskal Herriaren aldeko Elkartasun Astea dela-eta Suitzan antolatu diren ekimenetan aritu da buru-belarri. «Euskal Herria indarkeriarekin lotu izan da beti, baina hori aldatzen hasi da. Euskal Herrian herri mugimenduak daukan indarra eredu bat da guretzat». Egoera politikoari buruz, presoen egoerari buruz, herrien arteko elkartasunari buruz... hamaika ekimen egin dituzte, Suitzan bezala, Europako eta Hego Amerikako hainbat herrialdetan.

Euskal Herrian giro politikoa aldatzen ari da, eta horrek izan du oihartzunik nazioartean. «Euskal Herrian aldaketak izaten ari direla diote komunikabideek. Baina oso informazio gutxi iristen zaigu. Jendeak gehiago jakin nahi du», nabarmendu du Olivierrek. Uste berekoa da Italiako Paolo. «Komunikabide handiek ematen ez duten informazioa guk emango dugu», dio. «Informazio gutxi jasotzen badute ere, herritarrak geroz eta interesatuagoak daude. Euskal Herriko gatazka politikoak irtenbide demokratiko bat izan dezan, oso garrantzitsua da nazioarteko elkartasuna».

Euskal Herriko gatazka politikoaren nondik norakoak nazioartera zabaltzeko asmoz, V. Elkartasun Astea egin dute Europako eta Hego Amerikako 22 herrialdetan. Antolatzaileak pozik azaldu dira jaso duten erantzunarekin. Orain dela lau urte, Elkartasun Astea egin zen lehenengo aldian, bost herrialdetan hamar bat ekimen egin ziren; iaz, hemezortzi herrialdetan 80 ekimen egin ziren, eta aurten, 120 ekimen baino gehiago egin dira. Herritarren partaidetza ere handituz joan da urterik urte; oraindik ekimen batzuk egiteko daudelarik, aurten 4.500 bat lagunek hartu dute parte hitzaldi, bideo-emanaldi, elkarretaratze eta erakusketetan.

Euskal Herrian bizi den giro politikoa dela eta, aurtengo Elkartasun Asteko antolatzaileek indarrak biderkatu nahi izan dituzte. Horretarako, ohi baino eragile gehiago mobilizatu dira. Eskubide zibil eta politikoak Euskal Herriarentzat. Autodeterminazioa orain!, lelopean eginiko ekimenetan Euskal Herriko hamar eragilek bat egin dute. Ezker abertzalea, Etxerat, Udalbiltzaren elkartasun sarea, auzipetuta dauden gazte independentistak eta Askapenako kideak, Elkartzen, Ikasle Abertzaleak, Torturaren Aurkako Taldea, Sagarraren denbora filmaren ekoizle Jite-IHES, eta 8H euskal diasporako elkartea.Talde horietako ordezkariak Europa osoan zehar ibili dira biran, EHLko kideak lagunduta.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Italian, «ohikoa bihurtu den uholdea» izan da berriz ere: 35 bat ekimen egin dira eta ehunka lagunek parte hartu dute. Milanen, adibidez, Euskal Herriko une politikoa eta etorkizunean sor daitekeen jokaleku politikoa izan zuten mintzagai mahai-inguru batean. Bertan parte hartu dute, Juan Karlos Alduntzin ezker abertzaleko kideak eta Udalbiltza auzian absolbituak, Giovanni Giacopuzzi idazleak, Marco Santopadre Erromako Città Aperta irratiko zuzendariak eta Angelo Miotto Peace Reportere-ko editoreak. 80tik gora pertsonek hartu zuten parte ekimenean, eta ia hiru orduz aritu ziren eztabaidan.

Euskal Herriaren aldeko elkartasunak «betidanik» erakarri du Italiako ezkerreko mugimendu alternatiboen interesa, Milango Paolok azaldu duenez. «Euskal herritarrekin lan egiten dugu, Euskal Herriaren alde». EHLko hamar talde baino gehiago daude gaur egun Italian, eta talde horietako kide batzuek urte mordoa daramate Euskal Herriko eragileekin elkarlanean. Paolorentzat ere Euskal Herriko gizarte mugimendua «eredu bat» da Italiako ezkerreko eragileentzat. «Mugimendu guztia batzen duen alderdi politiko bat duzue Euskal Herrian». Paoloren iritziz, hori da ezker abertzalea legez kanpo uzteko Espainiako Estatuak duen arrazoi nagusietako bat. «Bake prozesu bat abian jarri nahi bada, ezinbestekoa da eragile guzti horien parte hartzea, eta, beraz, ezker abertzalearen legeztatzea», nabarmendu du.

Espainian eta Frantzian eginiko hitzaldiek ere arrakasta itzela izan dute, antolatzaileen arabera. Madrilgo Ateneoan 120 lagun bildu ziren Carlo Frabetti idazleak, Ruben Sanchez Askapenako auzipetuak, Beatriz Morales Etxerat-eko kideak eta Arantza Urkaregi ezker abertzaleko kideak Gernikako Akordioari buruz eginiko mahai inguruan. Gazte mugimenduaren aurkako kriminalizazioari eta torturen auziari buruz eginiko hitzaldiek ere oihartzuna izan dute Espainiako hiriburuko komunikabide alternatiboetan.

Parisen, berriz, euskal presoek egindako artelanen erakusketa bat antolatu dute eta ehunka herritar igaro dira bertatik. Gabi Mouescak IPko kide izandakoak eskainitako hitzaldian 80 pertsona bildu ziren.

Londresen, EHLk festa jendetsua antolatu zuten. Era berean, pasa den astean Brian Currin abokatu hegoafrikarrak Erresuma Batuko parlamentuan eginiko hitzaldian izan ziren.

Aurten, nabarmen ugaritu dira Suitzan eta Alemanian eginiko ekimenak, 600 eta 400 lagunengana heldu dira, hurrenez hurren. Horrez gain, Danimarka eta Suedian ere egin dira ekimenak. Suitzako Olivierrek azaldu duenez, bi urte daramatzate lanean. «Gutxi gara, baina lan handia egiten dugu». «Suitzako ezkerreko militanteetan artean interesa sortzen ari da Euskal Herriko egoera. Nazioartetik ekarpena egin dezakegun ustea zabaltzen ari da», nabarmendu du.

Aste honetan oraindik ere Argentina, Uruguay, Venezuela eta Andaluzian egingo dira ekimenak.

«Zentsurari» aurre eginez

EHLko kideen helburu nagusia informazioa banatzea da gaur egun, bertako herritarrek ez baitute Euskal Herriko gatazka politikoari buruzko ezagutza handirik. «Euskal gatazkaren jatorriari buruzko informazioa, egungo egoerari buruzkoa, presoen egoerari buruzkoa, eskubide zibil eta politikoen egoerari buruzkoa... gisa horretako informazioa zabaltzen saiatzen gara herritarren artean», dio Ingo Niebel kazetariak eta Alemaniako EHLko kideak. «Alemaniako komunikabide gehienek Espainiako komunikabide handien ikuspuntua zabaltzen dute», salatu du; baina joera hori aldatzen hasi dela uste du. «Euskal Herriko egoera politikoa aldatzen ari da, eta horri ezingo diote bizkarra eman ez politikariek, ez komunikabide handiek», nabarmendu du Niebelek. Alemaniako taldeko beste kide batek azaldu duenez, talde horren webguneak ohi baino bisita gehiago izan ditu azken asteetan.

Hala ere, informazio gabezia nagusitzen da. «Zentsura», Italiako EHLko kide Paolok azaldu duenez. «ETAk su-etena iragarri zuenean berria eman zuten komunikabide handiek. Baina ezker abertzalearen proposamenei buruz, ezer ez. Guk Berlusconi dugu» dio Italiako lehen ministroak komunikabideen gainean duen kontrola salatuz.

Berlusconi izan edo ez, antzeko egoera bizi dute beste herrialde batzuetan ere. «Eskoziara ere ez da ezer ailegatzen», dio han bizi den euskal herritar batek. Eskoziako EHLko kide da Lorea eta duela egun batzuk BBCren bigarren katean gaelikoz emititzen den programa batean 15 minutuz Euskal Herriko egoera aipatu zutela gogoratu du. «Irlandarrek beti izan dute presenteago euskal gatazka».

Eskozia bezala, Euskal Herritik oso urrun dago Suedia. Euskal Herriko egoera politikoari buruzko informaziorik ez da iristen ia. «Komunikabide ofizialez ez dute informaziorik ematen, are gutxiago presoei buruzkoa», dio Veronica Castillo kazetariak eta Suediako EHLko kideak. Hori hala, «gertuko» informazioa jasotzeko, besteak beste, TVEren nazioarteko kanala ikusten duela azaldu du: «Lehenagoan eztabaida batean ikusi nuen arazoa konpondu nahi ez duten horiek beraien jarrerari eusteko argudiorik gabe geratzen ari direla. Aldaketa nabari da», nabarmendu du.

Euskal Herriko egoerari buruz jakin nahi duenak, baina, Stockholmen leku bat duela gogoratu du Castillok: Che Guevara zentroa. Bereziki, Hego Ameriketatik Suediara joandako herritarrak biltzen dira bertan. Baina, suediarrek ez bezala, haiek Euskal Herria gertuago sentitzen dutela dio. «Suediarren artean badago beldur moduko bat Euskal Herriarekin zerikusia duten ekimenetan parte hartzeko. Euskal herritarrak estigmatizatuta daude».

EHLko kideen lana, beraz, ez da samurra izaten, eta Euskal Herriko eragileek jakin badakite hori. Aurreko urteetan gertatu zen antzera, polizia hainbat lekutan agertu da aurten ere. Italian Ikasle Abertzaleak taldeko lagun bat hiru egunez jarraitu zuten, baita Askapenako kideak ere, Italian eta Herrialde Katalanetan. «Euskal Herriaren Lagunek azken urteetan beren larruan sumatu dute kriminalizazioa eta Euskal Herriarekin elkartasuna jorratzea leku askotan arazo iturri da: estatu frantsesean eta espainiarrean, Portugalen eta Italian kasu», salatu dute.

Presoen argazkiak

Aurtengoan, euskal presoen eskubideen aldarrikapenak leku garrantzitsua izan du Elkartasun Astean. Aste bat lehenago argazkiak kalera ateratzeko ekimena egin zuten 31 herri eta hiritan. Besteak beste, Londresko Zubian eta Erromako Koliseoan erakutsi zituzten argazkiak.

Milango Duomoko plazan, katedralaren aurrean, 55 presoren argazkiekin joan ziren beste horrenbeste lagun, igande arratsalde batean, turistaz josita zegoen unean. «Galdera ugari egin zizkiguten», dio Paolok.

«Hemen inolako arazorik gabe egiten duguna, Euskal Herrian legez kontrakoa dela esaten genien galdezka etortzen zirenei», dio Diarmiud Dublingo ekintzaileak. «Irlandan beti erakutsi ditugu presoen argazkiak. Izugarria iruditzen zaigu elkartasuna kriminalizatzea», azaldu du. Besteak beste, 1972ko igande odoltsua (Bloody sunday) Ipar Irlandako Derryn egiten den martxan atera ziren hainbat herritar ikurrinekin eta euskal presoen argazkiekin.

'Hamaika herri, borroka bakarra' lelopean manifestazioa, Milanen

Datorren larunbatean Hamaika herri, borroka bakarra lelopean manifestazioa egingo da Milanen. Cordusio plazatik abiatuko da martxa, 15:00etan. Italiako Euskal Herriaren Lagunak talde guztiek hartuko duten parte ekimenean, beste herri batzuetako ordezkariekin batera. Besteak beste, Kurdistango, Bretainiako, Korsikako eta Irlandako ordezkariak izango dira bertan. Iaz, 3.000 lagun bildu ziren eta euskal presoen eskubideen aldarrikapenak presentzia handia izan zuen. Aurtengo martxako beste leloetako bat Autodeterminazione ora (Autodeterminazioa orain) izango da. Euskal Herritik hara joandako ordezkaritza zabal izango da.