Nos arrastran al empobrecimiento y la precariedad, Euskal Herriak bere bidea
Agiri hau sinatzen dugun erakunde sindikal eta sozialok behin eta berriz salatu izan dugu ezartzen ari diren politika antisozialek biztanle gehienak txirotzea dakartela, eta alderantziz, gutxiengo bat aberastea eragiten dutela. Aberaste hau lortzeko bideak anitzak dira: ondasunen banaketa desberdina, enplegua okertu eta suntsitzea, kolektibo jakin batzuri osasun arreta ukatzea, unibertsaletik gero eta gutxiago duten zerbitzu publikoen pribatizazioa, jendea argirik eta berogailurik gabe uzten duten energia-politikak, etxebizitza izateko aukerarik gabe geratzen diren pertsonak, era guztietako prestazio sozialak murriztu eta gutxitzea…
Prekarietatea, pobrezia, ahulezia, zalantza, eskubide murriztuak, eskubide ukatuak, aldi baterako enplegua, behartutako migrazioak… ezinbesteko osagai ditugu sistema ekonomiko bidegabe honetan, zeinen oinarria esplotazioa baita, eta gizarte-sistema honetan, non desberdintasun soziala gero eta handiagoa den. Esplotazioa eta desberdintasuna, gainera, emakumeen kaltetan hedatzen dira.
Egoera hauek ezin ditugu onartu. Ezin dugu ontzat eman talde baten ongizatea biztanleriaren sektore gero eta handiagoen lepotik bermatzea, berau baztertuta, miserian eta abandonatuta geratzen delarik.
Datuak oso argiak dira:
• Hego Euskal Herriko langabezia-tasa %17tik gora dago, hots, Europar Batasuneko batez besteko maila 6 puntutan gainditzen du. Krisi ekonomiko delakoaren urteotan langabe kopurua ia hirukoiztu egin da. Bertoko tasa baino handiagoa Espainiar estatuan eta Grezian besterik ez dago.
• Lanik gabe dagoen pertsonen ia erdiak ez du langabezia-prestazio bat ere jasotzen. Langabeen kopurua etengabe ari da hazten.
• Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak prestazio sozialak murriztu dituzte, zenbatekoari eta hauek jasotzeko epeari dagokionez, eta hainbat kolektibori babesa kendu diote.
• EAEko pobrezia maila azken 25 urteetako larriena da. Pobreziari eta Gizarte-Desberdintasunei buruzko Inkestak adierazten du pobrezian jausteko arriskuan (oinarrizko beharrizanak asetzeko diru-sarrera aski ez izatea) bizi diren pertsonak 157.000tik gora direla (biztanleen %7,3). Kolektibo hau EAEn 2008 eta 2012 bitartean %77,9 hazi da. Dagoeneko 100.000tik gora lagun bizi da elikatzeko arazo larriak dauden etxeetan; nabarmentzen da euretako 46.000 gosea pasa den etxeetan bizi direla, hots, 2008an baino %116,8 gehiago.
• Nafarroan 50.000 pertsonak pairatzen du pobrezia larria, biztanleen %8ak; hauek hileko 454 euro ere ez dute bizitzeko.
• Caritas eta Elikagai Bankuei luzatutako eskariak %40 gehitu dira (35.000tik gora familiak behar du zerbitzu hau).
• Osasungintzako murrizketak (berrordainketa kasu) zigor gehigarria dira diru-sarrera urriak dituztenentzat, eta migranteei osasun arreta ukatzen ari zaie.
• Etxebizitza izateko eskubidea ez da aintzat hartzen (egiten diren politikek negozioa lehenesten diote eskubideei, eta etxegabetzeek ere badiraute).
• Txirotze dinamika honek emakumeei are gogorrago erasaten die: euren langabezia tasa handiagoa da, enplegu prekarioak dituzte, bereziki babes txarreko sektoreetan (etxe-langileak, etab.), eta prestazio sozial urriagoak jasotzen dituzte. Honek agerian uzten du gizarte-sistema honek biztanleen erdia desberdintasun egoera larriagoa jasanaraztera zigortzen duela.
Etorkizuna iluna da. Pobreziaren kopuruak, ziurrenik, areago gehituko dira, besteak beste enpleguaren prekarietate itzela medio. Gero eta jende gehiago da pobrea lana eginagatik ere.
Egoera hau ikusirik, Duintasunaren aldeko Kanpaina bat egitea erabaki dugu; kanpainan erreibindikazioa eta mobilizazioa plazaratuko ditugu botere publikoei politikak erabat alda ditzaten exijitzeko. Prekarietatearen eta Pobreziaren aurkako Dinamika bati ekingo diogu. Dinamikaren testuingurua, berriz, aldaketa sakonagoak lortzeko beharra dugu; esaterako, hori ari da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta egiteko prozesuan agertzen. Horretarako neurri konkretu eta premiazkoak exijitzen ditugu, eskubide gisa, prekarietatera bultza eta baztertuta geratzen direnei duintasuna bermatzeko:
1. Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LAGS) igoera handia, enplegua izanda ere inor ez dadin pobrezian egon.
2. Langabezia prestazio duina, norbaitek enplegurik ez duen bitartean jasoko dena.
3. Diru-sarrerak bermatzeko Errenta eta Gizarteratzeko Errenta (oinarrizko errenta) egungo LAGS gainetik kokatzea. Halaber, pertsona batetik gorako bizikidetza-unitateei aplikatzen zaizkien eskalak gehitzea.
4. Diru-sarrerak bermatzeko sistema berri bat ezartzea egungoaren ordez; beharrezkoa da eskubide soziala izatea. Bizimodu duina izateko eskubidea bermatzea ezinbestekoa da.
5. Diru-sarrerak bermatzeko Errenta eta Gizarteratzeko Errenta mantenduko direla ziurtatzea, baliabide ekonomiko gabezia dagoen artean.
6. Murrizte politikaren ondorioz prestazio sozialik gabe utzi dituzten kolektibo guztiei prestazioak jasotzeko eskubidea aitortzea.
7. Prestazio sozialak kudeatzerakoan aplikatzen ari diren irizpide murriztaileak ezabatzea.
8. Aurrekontua gehitzea, hartara zerbitzu publiko (osasungintza, enplegua, gizarte-arreta) unibertsal eta kalitatezkoak izateko bitartekoak (pertsonal, material eta teknikoak) eskura egon daitezen.
9. Pertsona orori bermatzea osasun eta osasun-arreta izateko eskubidea, baita etxebizitza duina eta egokia ere. Halaber, bermatu egin behar da baliabide ekonomikorik gabe dagoelako inor ez geratzea argindar, gas edo ur zerbitzurik gabe.
10. Erakundeen konpromisoa tresna propioak lortzeko, harik eta babes sozialeko sistema bat izan arte, zeinak bermatuko duen pertsona orok behar besteko bitarteko eta baliabide izango duela bizimodu duin, autonomo eta kalitatezkoa gozatzeko.
11. Adierazpen askatasuna eta ekintza politiko, sozial eta sindikalerako eskubidea. Kodigo penalaren erreforma eta hiri segurtasuneko legearen aurreproiektua gaitzestea.
12. Euskal Herrian pertsona guztiek bitarteko eta baliabide nahikoa izatea ahalbidetuko duen bizitza duin, autonomo eta kalitatekoa izateko babes sozialeko sistema izatea ahalbidetuko diguten tresna propioak geureganatzeko konpromiso instituzionala.