Ostiralean Kobanerekin emango diote amaiera Donostiako hilabete internazionalistari

Azaroaren 28an, ostirala, arratsaldeko 19'00etan Kortxoenea Gaztetxean (Gros) burutuko den azken hitzaldian Kobane eta Kurdistango herri erresistentziak izango dira mintzagai eta ostean jaialdi internazionalista burutuko dute.

Pasa den ikasturtean izan zuen harrera ikusita, beste urte betez eta elkarlanean berriz ere, egungo borroka eta herri erresistentziak gurera ekarri eta berauetaz ikasi, hausnartu eta eztabaidatzeko espazio ezberdinak ireki dituzte Donostiako Ernai eta Askapenak.

Aurtengoan, hitzaldi guztiak leku bakarrean burutu beharrean Donostiko espazio ezberdinekin elkar-lanean antolatu dituzte hitzaldiak. Honela, Txantxarrekako Gaztetxea, Alde Zaharreko Arrano Elkartea, Kaxilda liburutegia eta Kortxoenea Gaztetxearen lankidetzari esker borroka esperientzia ezberdinak apur bat gehiago zabaltzeko aukera izan dute.

Ukraniako inperialismoaz eta Donaseko herri erresistentziarekin ekin zioten hilabeteari. Jarraian, eta Palestina eta Saharako errepresioa izan zuten hizpide, behean Piztu.info-ko kideek eginiko bideoan ikus bezala. Gaztela izan zen brigadistek eskaini zuten azken hitzaldia. Aurreko astean bobo bolo dabilen TTIP, AEB eta EB negoziatzen ari diren Merkataritzari eta Inbertsioen Itun Transatlantikoa zertan datzan ezagutzeko aukera izan zen.

Ostiralean berriz, hilabeteko jardunaldiari amaiera emateko Kurdistan eta Kobaneko herriaren erresistentzia ekarriko dugu mahai gainera eta ondoren Txorroskilo eta Artritis taldeekin batera jaialdi xume batekin borobildu eguna. 19'00etatik aurrera badakizue, hubildu Kortxoenea Gaztetxera (Gros)