Pakito Arriaran eredu: atzo, gaur eta bihar!

2014ko irailaren 30ean, 30 urte beteko dira Pakito Arriaran gudari internazionalistak azken hatsa eman zuela El Salvadorreko gerran, borrokan.  Gaur, irailak 27, Gudari Egunean udara honetan konpromiso internazionalista bere egin eta brigadan joan diren kideekin batera, Arrasaten gure omenaldi eta agurra egin nahi izan diogu.

Pakito Arriaran ezaguna da dagoeneko Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpoko gune iraultzaileetan eta bere inguruko liburuak, artikuluak, olerkiak... argitaratu dira han eta hemen. Ez dugu uste irakurleen artean asko daudenik euskal internazionalismoaren historian Pakito nonbait kokatzen ez dutenik. Gaurkoa bezalako egun batean ordea, beste hainbatek bezala, Pakitok utzitako borroka ereduaren aldarrikapena gaurkotzea dagokigu, premia badaukagu eta.

Pakito etika marxista iraultzailearen eredu gorenetako bat da. Izan ere, etika marxistak norberarena egiten du munduko edozein zapalkuntza, eta elkartasunez eta ekimenez, zapalkuntza hori gauzatzen den edozein lekutan iraultza egitera bultzatzen du langile borrokalaria. Marx-ek, bestalde, argitasun handiz eta ideologia burgesaren lokarriak astinduta, bakezalekeria itogarriaren aurka egiten du; indarrari indarraren bitartez erantzuteko egokitasuna azpimarratuz, nahiz eta horrek heriotza ekarri. Begibistakoa da: sistema inperialistari aurre egitean inolako arriskurik hartu nahi ez duenak ez du borroka egin nahi eta bere jarduera politikoa denborapasa (edo are okerrago, ogibide) mailara jaisten du. “Che”-k berak, bere patua iragarriz bezala, honela esan zuen: “iraultza batean, hau benetakoa bada, irabazi edo hil egin beharra dago”.

Begoña, Marta eta Pakito euskaldunek ondo zekiten El Salvadorrerako bidea hartzean benetako guduzelai batera abiatu zirela, klase arteko borroka ia beste inon baino gordinago ageri zen lurralde batera, herri armatu eta antolatuak agintari ustel eta faxistei eraso zien herrira. Bazekiten, eurekin joan ziren euskal internazionalista guztiek bezala, han bizia gal zezaketela, baina mundu aske eta sozialista bat lortzeko konpromiso maila noraino igo behar den ere argi zeukaten.

Izan ere, sozialdemokraziaren txepelkeriak alternatiba eraikitzeko ezintasuna erakusten duenean eta oligarkiak bere boterea mantentzeko herriaren aurkako errepresio basatiena martxan jartzen duenean gauzatzen den fase latzean zegoen El Salvador; matxinada betean, gaur egun beste hainbat lurralde bezalaxe (Paraguay, Kolonbia, Kurdistan, Donbas...). Horiekiko elkartasuna, edozein motatakoa, betebehar moral eta politikoa da munduko edozein iraultzailerendako.

Etorkizunean ere, kapitalismoaren eta inperialismoaren kontrako borrokan, gatazkak lehertzen direnean (inork ez dezala pentsa gatazken bukaeran gaudenik, ezta gure zorioneko Europan ere), langileok aurrean edukiko dugu Pakito. Bere eredua 1984an bezain baliotsua delako gaur. Mundu sozialista bat eraiki arte, beti izango delako baliotsua Pakitoren eredua, atzo, gaur eta bihar.

 

Agur eta ohore Pakito!

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herria internazionalista!