Palestina: Euskal Herriak ere hartuko du hilaren 30ean elkartasunaren lekukoa

israeli boikotIsraelen aurkako boikota indartu nahian, martxoaren 30ean  makina bat ekitaldi egingo dira mundu osoan, baita Euskal Herrian ere. Sionisten aurkako mobilizazioetan esku hartzeagatik zigortutako bi lagunekin egon da GAUR8, boikot kanpainari buruz eta elkartasun mugimenduei buruz hitz egiteko. Zigorrek «kontrako efektua» lortu omen dute.

Martxoaren 30erako mobilizazioak hauek dira:
Iruñean: Elkartaratzea 19:30etan, Plaza del Vinculo-n, El Corte Inglés-aren aurrean 'Iruñeako Palestina Elkartasuna Ekimena' eta 'Iruñea Contra las Guerras'-ek deituta.

Gasteizen: Kalejira zaratatsua 19:00retan Gral Loma Plazatik (Baskoniaren dendaren ondoan) abiatuta 'Gasteizko Palestinarekiko Elkartasun Plataforma'k deituta.

Jose Angel Oria/GAUR8 (KI eta Askapenako brigadistekin osatutako erreportaia)

Euskal brigadistek GAUR8ri esplikatu dietenez, iaz, lehen aldiz, Nazioarteko Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak (BDS) kanpainak, Palestinako 200 eragile politiko eta sozialek orain bost urte abian jarritako ekimenak, mundu osoan boikotaren aldeko mobilizazioak egitera deitu zuen. Aurten, Munduko Jendarte Foroak bat egin du deialdiarekin, eta planeta osoan Israelgo interesen eta ordezkarien kontrako protestak eta ekintzak egingo dira. Baita Euskal Herrian ere.
«Gasteizen kalejira zaratatsua egingo dugu Israeli sostengua ematen dioten zenbait enpresa agerian uzteko –adierazi du Koldo Sagastik–. Arratsaldeko 7etan Baskoniak erdialdean duen dendan hasi eta Imaginarium izeneko dendara joango gara, bertan Israelen ekoitzitako jostailuak saltzen dituztelako. Gero El Corte Ingles saltokira, hor ere Israelgo bainujantziak, kosmetikoak eta jakiak saltzen dituztelako».
Julen Zulaika bat dator: «Izan ere, jatorri israeldarreko hainbat produktu saltzen dira Euskal Herrian. 729 barra kodea duten hainbat elikagai, jostailu eta bestelako daude gurean».
Hala Bedi Gasteizko irrati librean egin dugu hitzordua brigadistekin, argazkilariak bere lana egin dezan. Koldo Sagastik gogorarazten duenez, «egun horretan bertan, urtebete egingo du ‘Uhintifada’ izeneko saioak, Hala Bedi irratian Palestinako kontuei buruz Komite Internazionalistetako brigadistok egiten dugun asteroko irratsaioak, eta bertan protesta guztien jarraipen berezia egingo dugu. Asmoa da ekimen hauek akuilua izan daitezen gero eta eragile gehiagok bat egin dezaten BDS kanpainarekin. Euskal Herria leku ezerosoa bihur dadila Israelgoentzat».
Noa abeslaria eta Maccabi saskibaloi taldea, Israelen irudi demokratikoa indartzeko sekulako lana egiten duten horietakoak dira. Horien jarduera zertxobait oztopatzeagatik eta, batez ere, Israelen aurkako mezuak jende askorengana irits daitezen ahalegintzeagatik zigortu zituzten Zulaika eta Sagasti.
Zarauztarrak 2008an egin zuen bere protestaldia, beste lagun batzuekin batera. Donostian Noa abeslariak eskaini zuen kontzertua eten egin zuten eta informazioa banatu zuten bertan zeudenen artean. Beraien ekintzak entzule asko haserretu zituen. Poliziaren gehiegizko jarduerak, berriz, bat baino gehiago ekintzaileen alde jarri zuen.
Edonola ere, ekintzak ez zuen oihartzun handirik izan, batez ere telebistak ezer eskaini ez zuelako. Eta Palestinan bertan izan al zuten protestaldiaren berririk? «Zuzenean ez nuen protestaren aldeko mezurik edo eskerrik jaso, baina badakit protestaren berri izan zutela, eta poztekoa da, noski, milaka kilometrotara bizi den jendearen gertutasuna nolabait sentitzea», esan du Zulaikak.
Askoz ere oihartzun handiagoa izan zuen Zurbaoko protestaldiak. Telebista bertan zen. Palestinaren aldeko mezurik egon bazegoen pabilioian, baina telebistak ez zituen horiek eskaini. Telebistak zer eskaini behar duen erabakitzen dutenentzat Israelgo bandera erakustea harro sentitzeko moduko zerbait dela dirudi, eta Palestinakoa aireratzea, berriz, kartzelara joateko modukoa.
Horiek horrela, beste zerbait pentsatu beharra zegoen sionisten «normaltasun festa» apurtzeko. «2009ko urriaren 29an egindako protesta ekintza ez zen bat-bateko beroaldi baten ondorioa izan, hilabete askotako lanaren emaitza baizik –esplikatu du Sagastik–. Maiatzean bildu ginen lehen aldiz Komite Internazionalistetako bi kide Jesus Vazquez Saski Baskoniako gerentearekin. Lior Eliyahu jokalari israeldarraren fitxaketan atzera egin zezatela eskatu genion. 50 orrialdeko txostena helarazi genion, Tel Aviveko Maccabik eta Eliyahuk berak Israelgo Armadak burututako sarraskiekin izandako lotura azalduz».
2008ko abenduan eta 2009ko urtarrilean, Israel azken urteotako txikiziorik handiena eta larriena egiten ari zen Gazan. Une horretan, Maccabiko zenbait jokalarik, tartean Eliyahuk berak, «Armadaren irudia zuritzeko kanpaina mediatiko batean esku hartu zuten, eta soldaduei babesa ematen agertu ziren argazkietan. Vazquezek giza eskubideekiko kezka azaldu zigun eta txostena Josean Querejeta presidenteari helaraziko ziola agindu zigun. Handik astebetera fitxatu zuten Eliyahu».
Tel Aviveko Maccabi Gasteizen jokatzekoa zen urriaren 29an. «Zenbait eragilek Israelgo Estatuko kirol enbaxadoreen presentziaren aurkako protesta antolatzeari ekin genion». Pankarta erraldoiak, banderak, esku-orriak, Palestinako banderaren koloreetako 9.000 puxika... «Baina badakigu nola jokatu ohi duten komunikabideek horrelakoetan eta susmoa geneukan protesta guztiz isilaraziko zutela. Horregatik, hedabideek ezkutatu ezingo zuten zerbait, benetan ikusgarria izango zen zerbait, egitea pentsatu genuen», erantsi du.
Partidaren egunean, «pabilioitik kilometro erdira dagoen garagardotegi batean, topagunean, Ertzaintza geneukan zain eta hainbat lagun identifikatu eta materiala lapurtu ziguten».
Hala ere, lortu zuten pankarta batzuk kiroldegira sartzea. Sekulako segurtasun neurriak ikusi zituzten. «Bazter bakoitzean, eskailera bakoitzean, izkina bakoitzaren atzean, ertzainak zeuden, eta Polizia Autonomikoaren dispositiboa zuzentzen, itxura guztien arabera Mossadekoak ziren kalez jantzitako agenteak. Partidaren laugarren laurdenean geundela, apenas ikusi zen protestarik, pankarta bat edo bandera bat zabaltzeko edozein ahalegina oztopatu eta solidarioak identifikatzen baitzituzten».
«Hiru ekintzaile geunden prest kantxara atera eta Palestinako bandera bisitari sionisten muturren aurrean aireratzeko –gaineratu du–. Ez genuen batera egin behar, jakin bagenekielako ekintza konprometitua zela eta ondorio fisiko zein penalak handiak izan zitezkeela. Batek saiatu eta huts eginez gero, hurrengoa joango zen atzetik. Ez zen batere erraza, ez genuen ikusten kantxaraino iristeko moduko zirrikiturik eta ertzainak bizkar gainean geneuzkan. Polizien begirada gero eta mesfidatiagoek iragarri zidaten momentua zela».

A ze adrenalina!
«Orain edo inoiz ez! Zirt edo zart, krispeta ontzi bat eta koka-kola eskuetan, eskaileretatik behera abiatu nintzen, kantxarako bidea mozten zuen hesitik bost metrotara iritsi, krispetak eta koka-kola bota, alkandoratik tira egin eta ‘Palestina Askatu’ eta ‘Stop Apartheid’ leloak utzi nituen erakusgai paparrean eta bizkarrean... Korrika bizian abiatu, hesia salto egin, telebistako kamera saihestu, publizitate gainetik salto egin, eta dagoeneko kantxan nengoen Palestinako bandera aireratzen. Segurtasun pribatukoek baino azkarrago egin nuen korrika. Bost segundoren buruan bi lagun bota zitzaizkidan gainera, gero hirugarren batek hatzak sudur-zuloetan sartu eta hiruren artean arrastaka atera ninduten. Momentu horretan beste zenbait solidario pankarta erraldoi bat zabaltzen saiatu ziren. Ez zuten lortu, ordea». Sagastik gerora jakin ahal izan zuen Zurbao Palestinaren aldeko leloak oihukatzen hasi zela. Eta pankartadunak jipoitzen ari ziren ertzainei «que se vayan, diles que se vayan» abestu ziela. Orduan, brigadista haserretzen duen gauza bat gertatu zen: «Euskal Telebistako esatariak, jarrera lotsagarria erakutsita, ‘que se vayan’ garrasiak solidarioei zuzenduta zeudela esan zuen». Euskal Herrian ekintzak ez zuen apenas oihartzunik izan. GARA egunkarian oso kronika polita idatzi zuen Arnaitz Gorritik, Baskoniaren partidari egunkariak emandako orrialdeetan: “Ekaitza bat lotsaren kontra”. Gainerako hedabide gehienetan, ekintzaren eduki politikoaren inongo aipamenik ez zuten egin.
Egun berean, Israelgo “Haaretz” egunkarian, partidaren kronikan, ekintzaren aipamena egin zuten. Israelgo kazetak honakoa zioen: «Laugarren laurdenean Palestinaren aldeko protestak izan ziren eta ekintzaile bat kantxara atera zen Palestinako banderarekin». Hemengo hedabide batzuek sionistak baina sionistago izan nahi dutela dirudi.
Ekintzak izan zuen Sagastik inoiz ahaztuko ez duen saria: «Lehengoan Euskal Herrian hitzaldiak ematen zebilen Haifako neska gazte bat heldu zitzaigun Gasteizera. Lehendik ez genuen elkar ezagutzen. Maccabiren aurkako protestaz solasean hasi ginen eta izugarrizko poza hartu zuen jakin zuenean YouTube atarian ikusita zuen bideo horretako ekintzaile zoroa ni nintzela». Oraindik ere harro-harro dago brigadista. 
 

Donostia

Julen Zulaika: «Palestinari baietz esateko era bakarra Israeli ezetz esatea da»

 
2008ko abenduan egin zen Julen Zulaika zarauztarraren zigorra eragin zuen protesta. «Noa kantari israeldarra zetorren Donostiako Victoria Eugeniara, bi kontzertu ematera. Une horretan Gazan sartu berri ziren soldadu israeldarrak, 1.400 hildakotik gora eragin zituen erasoaldian, eta kantariak adierazpen batzuk egin zituen israeldarrek defendatzeko eskubidea zutela aldarrikatuz», kontatu digu Zulaikak. Beraz, kanpoaldean kontzentrazioa deituta zegoela-eta, “Israeli Boikota” lelopean, bertan parte hartu behar zuela erabaki zuen. «Bigarren kontzertuan, bertara, barrura, sartu ginen hiru kide, eta kontzertua hasi eta gutxira, ‘Palestina askatu, Israeli boikot’ oihuka hasi ginen, esku artean afixak genituela. Noa kantariak eten egin zuen kantaldia eta agertokitik atera zen. Gutxi iraun zuen protesta uneak, kalez jantzitako ertzainak gainera salto egin zigutelako, niri eta beste bati, oso modu bortitzean atera gintuzten, iletik tiraka eta esku eta sorbaldan zenbait lesio eraginez. Gu oihuka hasi ginen unean ikusle gehienek gure aurka jo zuten, ‘fuera, fuera’ eta horrelakoekin. Hala ere, Poliziaren bortizkeria ikusita, inguruko jendeak, Poliziari txistu egin zion; gogorkeria salatzeko modu bat izan zen».
Epaiketa izan zuten hilabete batzuetara. Ordena publikoa apurtu izana egotzi zieten; 70 euroko isuna eta astebeteko etxe barruko arrastatzea ezarri zieten. «Arrastatzea urtebete pasa ondoren bete  genuen», esan dio GAUR8ri.
«Euskal Herrian zergatik ez du arrakasta gehiago izan Israeli Boikota kanpainak?», galdetu diogu. «Palestinari elkartasuna adierazteko modurik eraginkorrena Israeli boikota egitea dela jendeak ez duelako guztiz barneratu –esan digu zarauztarrak–. Palestinako herria bera da boikota egiteko deia luzatu zuena nazioartean, eta Askapenak eta beste zenbait eragilek bere baitan jaso genuen borroka edo lan ildo hau. Askotan, ordea, jendeari kosta egiten zaio subjektua den herria aintzat hartu eta herriaren eskakizunak bere egitea, nahiz eta behin eta berriz hori izan eskatzen dutena. Bestetik, kirolari edo kantariei egindako boikota begi txarrez ikusten du hainbat jendek, ez gara ohartzen, agian, sionismoak kirola eta arte mota desberdinak estatu demokratiko baten labela lortzeko darabiltzala, eta Palestinari baietz esateko bide bakarra Israeli ezetz esatea dela, palestinarren eskubideak errespetatzen ez dituen bitartean betiere».
Merezi al zuen? Berriz egingo al zenuke? «Nik uste dut herri zanpatuok eta beste herri zanpatuei elkartasuna  adierazten ari garenok, badakigula, traba, isun eta abarrak iritsi arren, aurrera egitea besterik ez dugula».
 

Gasteiz

Koldo Sagasti: «Estatu sionistaren normaltasun itxura deuseztatu egin behar da»

 
Baskonia Tel Aviveko Maccabiren aurkako partida jokatzen ari zela, Koldo Sagasti kantxaratu egin zen Palestinaren aldeko mezua sionisten etxeetara ere iritsi zedin. Baita palestinarren etxeetara ere. 3.001 euroko isuna ezarri diote, eta sei hilabetez kirol pabilioi publikoetan sartzeko debekua. «Berriz egingo nuke, dudarik gabe», esan dio GAUR8ri.
Sagastiren iritziz, Israelen aurkako boikotari eutsi beharra dago. «Azken lau urteotan Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak kanpainak eman dituen fruituak oso garrantzitsuak izan dira eta horrek erakutsi digu bide zuzenean gaudela –adierazi du gasteiztarrak–. Hegoafrikako apartheid errejimenaren aurkako boikot kanpainak 24 urte behar izan zituen lehen emaitzak emateko. Israelgo apartheid-aren aurkako boikota, ordea, arrapaladan hasi da lorpen esanguratsuak biltzen, batez ere, iragan urtarrileko Gazako triskantzaren ostean. Michel Warschawskik, Alternative Information Center erakundeko sortzaileak, zioen boikot kanpaina Palestinako erresistentziaren nazioarteko frontea dela. Argi dago apartheid errejimena bertan behera uzteko aurrerapausoak eman daitezen, gauzak aldatzeko eskumena daukaten estatuek eta agintariek presioa sumatu behar dutela, eta presio hori gizarte zibiletik etorri behar zaie. Ez da bakarrik palestinar eta israeldarren arteko kontu bat, Ekialdean kapitalismoaren abangoardia den errejimen arrazista eta teokratikoa deusezteko borroka da, palestinarrengatik eta gizaki ororen duintasunagatik. Gure borroka horretan egingo dugun ekarpena honakoa izango da: apartheid errejimenak irauten duen bitartean Estatu sionistaren enbaxadoreak ez daitezela ongi etorriak izan gurean, gure aldetik presio hori suma dezatela, eurek eta eurei sostengu ekonomikoa, ideologikoa eta morala ematen dietenek». Sagastik gogorarazten digu Veolia enpresak Jerusalemeko tranbiaren proiektuan zuen parte hartzea bertan behera uztea eragin duela kanpainak. Gainera, Britainia Handiko unibertsitateek Israelgoekiko harreman akademikoak etetea ere kanpaina horren emaitza izan dela. Ekartzen du gogora ere Ingalaterrako sindikatu guztien boikotaren aldeko aho-batezko adierazpena onartu zela.
Palestinarren aldeko ekintzaile eta brigadistaren ustez, kanpainak ez du oraindik arrakasta handirik izan gurean «ezjakintasunagatik eta konplexuengatik. Oraindik jende asko dago, baita ezkerreko mugimenduetan ere, erlijioen arteko gatazkatzat daukana Palestinakoa. Arazoaren muina sortzetik izaera arrazistan oinarritutako Estatu artifiziala da, okupatutako populazioaren eta okupatzaileen artean apartheid-a ezarri duen Estatua».