Palestinako brigadaren 1.kronika

Aurtengo Palestinako brigadaren lehen geltokia Jerusalem izan dugu. Ikusi ahal izan dugunez, kontrastez beteriko hiria da; hiri zaharrak judutar, musulman eta kristauentzat daukan garrantziagatik. Dena den, indarrak ez dira berdin banatzen eta hiriaren gehiengoaren kontrola Israelen estatuak dauka.

Palestina eta Israelen arteko gatazkaren gaur egungo egoeran murgiltzen hasteko, Alternative Information Centerreko kide batekin egoteko aukera izan dugu. Bertatik atera dugun ondorio nagusia zera da: Israel eta Palestinaren aldeko negoziazio bat ematea zaila dela momentuz. Alde batetik Israelek koloniak eraikitzeari ezin dio utzi, bere sistema finantziarioaren zati handi bat bertan duelako.

Banketxeek konstruktoreei kredituak ematen dizkiote bertan eraikitzeko
eta, era berean, etxeak erosten dituztenei. Azken finean Israelek
bertan du negozioa eta. Kolonia hauek eraikitzeari utziko balio, ziklo
hau etengo litzateke, sistema ekonomikoaren gainbehera sortuz eta,
honek atzetik ekarriko lituzkeen ondorio politiko eta sozialekin.

Beste aldean Palestinaren paralisia dago. Al Fatah eta Hamasek batasun
nazionalerako akordioa sinatu zuten maiatzean. Proposamen ezberdinak
jaso zituzten, baina oraindik ez dute aurrera pausurik eman.
Alternative Information Centerrekoek aditzera eman zigutenez, Hamasek
bere aldetik azkeneko ekimenekin, Gazako biztanleriaren egoeraren
okertzea besterik ez du lortu.

Honen isla da Gilad Shalit soldaduaren bahiketarekin gertatutakoa: Israel presionatu nahi zuten baina ez zuten erantzunik lortu. Al Fatahren apostua porrota izan da. Israelen aurrean burgesia palestinarra kaltetzen ez duen edozein estatu mota onartzeko prest agertu omen da, baina Israelek eskaintzen duena ez da
minimo horietara iristen ere. Honen guztiaren aurrean, paralisis egoera orokortu egin da alderdi ezberdinetara. Aldaketaren bat ikusteko, hurrengo hilabeteetan zer gertatuko den zain daude.

Bestelako aldaketa mota bat eskatzen dutenak Israelgo "suminduak" dira. Larunbatean Jerusalemgo euren kanpamenduetako bat ezagutu eta haietako batzuekin hitz egiteko aukera izan genuen. Haien eskaeren artean, etxebizitzen prezio duinagoa, produktu ezberdinen merkeratzea eta pribatizazioaren desagerpena bezalako aldarrikapen sozialak zeuden.

Argi utzi ziguten ez zirela eskaera politikoak eta, gainera, ez zuten Palestinaren okupazioaren aurkako jarrerarik erakusten. Gaueko bederatzietan, kanpalekuetatik atera zen manifestazioa, zenbait hedabideen arabera 28.000 pertsona batu ziren Jerusalemen, Israel osoan ia 300.000 izan omen ziren Tel Aviv eta Haifakoarekin kontatuta. Guri, ordea, ez zitzaigun hainbeste lagun zeudenik iruditu, nahiz eta manifestazio jendetsua eta indartsua izan zen.

Gure aldetik lanean jarraituko dugu Palestina eta Euskal Herriaren
arteko zubia eraikitzen. Ea hurrengo geldiunea zein den.

2011ko Palestinako brigadistak