Palestinako brigadaren 2.kronika: Bethlehem, harresitutako hiria

Bethlehem. Jesus haurtxoaren jaiotzak ezagun egin zuen hiria. Errege Magoak etorri omen ziren haurtxoaren jaiotza ospatzera. Oraingoan, ordea, sionistak izan dira Bethlehemera bisita egin dutenak. Eta urrea, mirra eta intsentsuaren ordez, okupazioa, harresia eta apartheida ekarri dituzte.

Jerusalemetik 8 kilometrotara egon arren, bertakoek denbora luze pasatzen dute hiri batetik bestera mugitzeko; are gehiago, hiri honetako biztanle askorentzat gartzela bihurtu da beraien bizilekua, debekatuta dutelako harresia gurutzatzea. Hiri honetako gure lehenengo geldiunea Phoenix Cultural Centre izan zen. Bertan Naji Owda gizarte langilearekin denbora luzez hitz egiteko aukera izan genuen, baita egoitza honen parean kokatutako Dheisheh errefuxiatu gunea ezagutzekoa ere. 'Phoenix' izena ez da kasualitatez jarritakoa.

2002an lur militarrak okupatu eta haur nahiz gazteentzako leku bat eraikitzen hasi ziren auzolanean. 2003 bitartean hiru aldiz eraitsi zuten zentrua israeldar militarrek. Eraso larriak izan arren, ez zituzten bertakoen ilusioak desagertarazi eta behin eta berriz suspertu izan dira, phoenix hegaztia bezalaxe.

Gaur egun errefuxiatu gune honetako haur, gazte, emakume, kolektibo eta bestelako elkarteentzako topagune bihurtu da zentrua. Aurrera ateratzen dituzten ekimenen artean antzerki, margolaritza, informatika... tailerrak daude. Horretarako, zentruan bertan liburutegia, gimnasioa, antzokia, haurreskola, jantokia, sukaldea eta erabilera anitzeko gela ugari dituzte.

Hau guztia aurrera atera da bertako jendearen auzolanari esker eta inguruko erreferentzia gune bilakatu da. Phoenixeko helburu nagusiak kanpamenduetan beren beharrak asetzeko lekurik ez dutenentzat guneak ahalbideratzea da, baita etorkizuneko belaunaldiei formakuntza ematea ere.

Dheisheh Camp-az gain, beste bi errefuxiatu gune daude Bethlehemen: Aida Camp eta Al-Azza Camp. Aidan ere izan gara, Dheisheh eta gero handiena da. Kanpaleku hau harresi eta check pointez guztiz inguratuta dago. Beste kanpamendu guztietan bezala, hemen ere ur eta elektrizitate hornidurak israeldarrek kontrolatzen dituzte. Honek esan nahi du haiek nahi bezala ireki eta isten dituztela txorrotak, egunetan zehar milaka pertsona urik gabe utziz. Hau saihesteko familiek ura pilatzen dute teilatuetan kokatutako bidoietan edo, bestela, ura erostera behartuta daude prezio oso altuetan.
 
Kanpaleku hauetako kale iskin bakoitzean istorio bat topatzen da. Nahiz eta gehienak gogorrak izan, jendeak ez du irrifarrik galtzen eta indarrez jarraitzen du lanean, haien oinarrizko eskubideen eta lurraren alde.
 
Gora herri askeak!