Palestinako brigadaren 4.kronika: eguneroko errepresioaren salaketa

Aurreko kroniketan Beit Omar herriari buruz hitz egin genuen. Gogoratuko duzuenez, bertako egoera latza da. Beit Omarreko ekonomia iturri indartsuena nekazaritza da eta lurretik bizi dira, baina herria inguratzen duten sei koloniek ura kendu eta landa eremuak lapurtzen dizkiete.
 
Egoera hau salatzeko, larunbatero kolonia baten parean kokatzen diren nekazal eremu palestinarrera inguratzen dira. Soldaduek ez diete pasatzen uzten, baina normalean nahiko manifestazio baketsuak izaten dira; herritarrek bere hitza soilik erabiltzen baitute soldaduei egoera azaldu nahian.

Gaur bizitakoa, berriz, ez da oso lasaia izan. Beit Omarrera etorri gara larunbateko hitzorduan parte hartzera, herritar eta bestelako jende internazionalekin batera. Lurretara iritsi garenerako, militarrak zain genituen. Martxa hasi eta gutxira, soldadu barrera batek ez digu aurrera jarraitzen utzi. Soldaduek sekulako harropuzkeriarekin eta palestinarrentzat hain gogorra den egoera brometan hartuz, mehatxu artean probokatu gaituzte.

Probokazioei aurre egiteko, manifestariak lurrean eseri gara eta soldaduek bost minutuan alde egiteko esan digute "eremu militar itxia" zeritzoten lekutik. Kasurik ez egitean, bultzaka eta kolpeka bidali gaituzte bertatik, baina tartean "sound bombs"-ak jaurti dizkigute (bonba moduko hauek ondoan lehertzean, ezer entzun ezin duzula uzten zaituzte).
 
Bitarte honetan baita ere, palestinar bat atxilotzen ari zirela, besoa hautsi diote eta base militarrera eraman dute. Tentsio momentu handiaren barruan, palestinar batzuk korrika atera dira eta soldaduak beren atzetik joan dira, hauetako bat tirokatuz. Zorionez, ez dute zauritu eta ihes egitea lortu du. Egoera nahasi honetan jada manifestaziotik urrun zeuden bi lagun atxilotu dituzte; bata palestinarra eta bestea kataluniarra. Momentu horretan manifestariak soldaduengana hurbildu gara berriz ere, gure haserrea adierazteko. Bertan protestan parte hartzen zuten beste bi israeldar atxilotu dituzte.
 
Momentuz dakigun gauza bakarra, Hebroneko Kiryat Arba'a koloniako base militarrera atxilotuak eraman dituztela da. Oraingoz palestinarrak besteengandik banatu eta deklaratzeko zain daudela jakin dugu. Besoa hautsi dioten gizona ez dute tratatu oraindik eta ia bost ordu pasa dira eraman dutenetik. Berri gehiagoren zain gaude.
 
1, 2, 3, 4, OCCUPATION NO MORE!!

Informazio gehiago hemen