Palestinako brigadaren 7.kronika: Aitortu gabeko herriak

Gure azkeneko geltokia Negueveko desertuan izan da. Israelen barruan bagaude ere, arabiarren aurkako injustiziek bizitza bizitzea ere ia ezinekoa egiten dute bertan bizi direnentzat. Beduinoez ari gara, hain zuzen ere. Beduinoak, tradizioz, desertuan bizi izan dira eta komertzianteak izan dira; euren bizitza aurrera eraman dute. 1948ko Nakba ondoren, ordea, haien egoera okertuz joan da Israelgo estatuak oinarrizko eskubideak zapaltzen dizkietelako egunez egun.

Berez israeldar hiritartasuna badute ere, ez dituzte hiritarren baimenneta eskubideak bermatuta. Beduinoen 45 herri ez daude herri bezala aitortuta, beraz aitortuta dauden 7 herri bakarretatik kanpo eraikitzen dituzten etxe guztiak ilegalak dira, beraien lurrak badira ere. Hau kontrolatzeko hegazkinak noiznahi pasatzen dira herrixketik, eraikin berriak identifikatu eta botatzeko.

Herritar hauek ez dute urik, ez dute elektrizitaterik, ez eskolarik, ezta mediku zentrurik ere. Harriarria da, izan ere, beduinoen inguruan ur tanke pila bat daude eta tentsio altuko elektrizitate kableak euren etxeen gainetik pasatzen dira; baina beraiek esin dituzte erabili, baliabide hauek inguruko kolonia eta israeldar herrientzat baitira, kilometro askotara badaude ere. Beduino ugarik ez du lan egiteko aukerarik, horregatik %90 soldaduska egitera joaten da boluntario; bertan hiru urte pasa ondoren, lan egiteko eskubidea lortzeko aukera baitute. Tamalgarria da errepresioaren parte bihurtu behar izatea oinarrizko eskubide bat lortzeko.

Kasurik gogorrenetako bat Alaraqibekoa da eta horregatik bihurtu da, beharbada, erresistentziaren sinbolo. Azkeneko urtean 27 aldiz eraitsi dituzte euren eraikuntzak eta hala ere bertan jarraitu dute tinko. Aurretik oso herri langile eta aberatsa zen Alarakib, 6000 olibondoz inguratuta. 500 biztanle izatetik 50 izatera pasa dira orain, egoera jasanaitza bihurtu delako. Herritar hauen babes bakarra bertako hilerria da, militarrek ez dutelako erasotzen, ez baitute erlijio gatazka delikaturik nahi. Beraz orain herria hilerriaren barruan sortu dute eta hildakoek babesten dituzte bizirik daudenak.

Be'er Sheva

Herri ez aitortuen ingurune honetan Be'er Sheva hiria dugu. Hasiera batean hau ere beduinoa zen; gaur egun, hiri judutar hau, militarrentzako pasabidea da eta soldadu nahiz metrailetak ohiko paisaia dira bertan. Gazarekin duen gertutasuna dela eta, palestinar erresistentzia armatuaren helburu arrunta bihurtu da. Honen adibide argia da azkeneko gertakizunena, Be'er Shevatik Eilatera zihoan autobus israeldar bat tirokatu zuten, 7 lagun akabatuz. Nor izan zen ez da jakin oraindik, Hamasek ez baitzuen atentatua beregain hartu. Arrazoi askorik behar ez duten arren, justifikazio ederra izan zen Israelgo estatuarentzat Gazako hildakoen tasa igotzeko. Gertakari honen arira, Israelek eta Hamasek au-eten bat akordatu zuten, baina gobernu sionistak akordioa beste hildako bat eraginez hautsi zuenean, Gazatik misilak bidali zituzten berriz ere Be'er Sheva aldera.

Amaierarik gabeko istorioa dirudi honek.