Palestinako egoeraren azterketa

obama zionistAEBetako hauteskundeen emaitzaren ostean, "aldaketa"-ren aldeko diskurtsoa nagusi izan da Barack Obamaren izendapena dela eta. Palestinaren kasuan, ordea, itxaropenarako arrasto gutxi ikusten dira. Gogoratu beharra dago, Alderdi Demokrataren hautagai izandatu eta berehala Washingtongo lobby juduaren egoitzara joan zela Obama. Hau izan zen bere lehen ekitaldi publikoa izendapena lortu eta gero. Bertan, argia baino argiagoa izen zen presidente berria: Israelen "segurtasuna"-ren aldeko jarrera ez zuen aldatuko eta Jerusalem Estatu sionistaren hiruburutzat hartzen zuela berretsi zuen.

Honekin, lobby judua lasaitu eta egungo status quo delakoaren alde egiten zuen. Hau da, okupazioren alde zegoela eta palestinarren zapalkuntza ez duela begi txarrez ikusten. Hauteskundeen ostean egindako azterketek nabarmentzen dutenez, AEBetako juduen %78k Obamaren alde bozkatu zuen.
Hauteskundeen ostean harturiko lehen erabakien artean, beste batek ere Israelen txaloak jaso zituen: Rahm Emanuel gabineteburu [Europako lehen ministroen parekoa] izandatzea. Emanuel judua da eta Israelen aldeko jarrerak behin eta berriz azaldu ditu.
Beraz, Palestinarekiko Obamak izango duen jokabidea eta Bushek izan duena ez dira aldatuko. Are gehiago, erabat antzua den Annapolis prozesuaren ildotik irekitako "elkarrizketekin" jarraitzeko borondatea agertu dute Obamaren ingurukoek. Hau da, okupazio mantentzea eta palestinarrak zapalduak izaten jarraitzea bermatzen duten egoera luzatzea.
Honekin batera, Ehud Olmert ustelkeria akusazioak direla eta dimititu ondoren, hauteskunde legislatiboak izanen dira Israelen. Tzipi Livni, Kadima alderdian Olmerten oinordeko izendatu zutena, Gobernua osatzeko akordio batera heltzeko ez da gai izan. Alderdi Laboristarekin hitzarmena sinatu bazuen ere, Shas alderdi ultraortodoxo sefardiak ezinbestekoa zuen sostengua ukatu zion. Bi arrazoi argudiatu zuten Shaseko kideek. Alde batetik, Livnik ez zuela nahi semealaba ugari dituzten familiek [horrelakoak izaten ohi dira ultraortodoxoenak] jasotzen dituzten dirulaguntzak jasotzea. Bestetik, Mahmud Abbasen Aginte Palestinarrerekin egiten diren "elkarrizketetan" Jerusalem ez ziotela emango argi eta garbi ez uztea.


Livnik soilik juduentzako Jerusalem baten aldeko aldarria egin ez badu ere, Atzerri Aferetako ministro gisa horren aldeko lana burutu du. Annapolisen ez zen inoiz Jerusalem egungo estatusa [1967an indarrez okupatu zuten Ekialdeko Jerusalem] kolokan jarri.
Inkestek diotenez, Kadimak hauteskunde horiek gal litzake, Likudeko Benjamin Netanyahuren mesedetan. Netanyahu "gaiztoaren" irudia ordezkatzen du Israelgo politikan eta Aginte Palestinarrekin ez dela hitz egin behar nabarmendu du. Afera horren aurrean ez dagoela "bigunik" izaterik.

Livni eta Alderdi Laboristako Ehud Barak defentsa ministroaren Gobernua izan da Gaza setiatu eta bertako biztanleak gosez eta egarriz hiltzen utzi duena. Beraz, Netanyahu boterera heltzea palestinarrentzat berri txarra bada ere, Livni eta Barak bertan jarraitzea ez da, inolaz ere, berri ona.
Jerusalemgo udal hauteskundeetan antzeko eskenatokia izan da. Meir Porush rabbi ultraortodoxoa eta Nir Barkat laikoa izan dira lehian. Jendarte politikan izan ditzaketen desberdintasunen gainetik, biok soilik juduendako Jerusalem baten alde egin dute, Ekialdeko hiriaren zatiaren anexioa defendatzen dutelarik. Halere, Mendabaldeko komunikabideak "ona eta gaiztoaren arteko lehia" bezala azaldu dituzte hauteskunde hauek. Euskal Herriko egunkari "aurrerakoi" batek positibotzat jotzen zuen Barkat hautatua izatea.
Annapoliseko prozesua hasi zutenak, egoera kaxkarrean daude gaur egun. George Bush AEBtako Presidentzia atzeko atetik utzi behar izan du, Ehud Olmert ustelkaria salaketengatik kargua utzi behar izan du eta Mahmud Abbasen popularitatea ere oso maila baxuan dago, ustelkeria nagusi den Aginte Palestinarraren buruan.
Batasun nazionalaren bila saiakerak izan dira indar palestinarren artean, baina beste behin ez dira inora heldu. Egipton talde guztiak biltzekoak ziren, al-Fatah, Hamas eta ezker palestinarra PAFH barne. Baina, azkenean, alderdien arteko tirabirak zirela eta, ez zen bilerarik egin. Halere, Annapoliseko "elkarrizketaren" bidea antzua dela frogatua geratu denean, ezinebestekoa egiten da palestinarren batasuna nazionalaruntz pausuak ematea. Hori bai, batasuna horretarako minimo batzuk behar dira, hau da, okupazio sionistari aurre egiteko erabili behar da palestinarren arteko akordio nazionala.

Pasatu da onura partidistak lortzeko okupatzaileekin hitzarmenak sinatzeko garai.