Palestinako koiuntura-azterketa

Israeli boikotIsraelgo Armada Gazan burutzen ari den sarraskiak Estatu sionistaren benetako itxura eman du. Mundu osoko komunikabideetan azaldu dira Gazako biztanleek pairatzen duten egoera isladatzen duten irudiak. Baina Gazako hiritarren sufrimendua ez zen abenduaren 27an hasi. Urteak dira lurralde palestinar honek Israelen blokeo kriminala pairatzen duela.

Milaka eta milaka izan dira egoera honen salaketa egin duten testigantzak: ospitalerako bidean zain zeuden minbizia duten gaixoak egunak Israelgo checkpointean zain eman eta gero hil dira, erregairik ez izateak erietxeetako elektrizitatea sortzeko generadoreak erabiltzea ezinezkoa egiten du, Nazio Batuek ez zuten gasolina nahikorik errefuxiatuen artean ezinbestekoa zuten oinarrizko jakiak banatzeko, ... Gogoan izan behar da bertako biztanleen %70 1948ko Nakbaren errefuxiatuak direla.
Guzti hori jakina zen, baina ez du nazioarteko komunitatea delakoaren arreta piztu. Agintari zein komunikabideek abenduaren 19an Hamasek suetena apurtu zuela errepikatu dute behin eta berriro azken egunotan. Modu honetan, erasotuak erasotzaileen parean jartzeko aukera izan dute.
Baina, ze motako suetenaz ari gara? Suetena deitu al daiteke milioi eta erdi pertsona blokeopean eta oinarrizko gairik gabe mantentzeari? Suetena al da eraso basatiari ekin baino lehen Israelek azken asteotan 20 palestinar baino gehiago hiltzeari?
Ez dirudi hori sueten bat denik. Ez da justizan oinarrituriko bake bat lortzeko prozesu bat abiatzeko baldintzarik onena, Estatu espainoleko Atzerri ministro Miguel Angel Moratinosek adierazi duen bezala, sarraskiaren aurreko egoerara bueltatu behar zela eskatu zuenean. Blokeora? Urik, janaririk, elektrizitaterik, sendagairik eta erregairik ez izatera?
Egoera hori ezin zela mantendu nabarmendu ondoren, suetenak ez zuela luzatuko aldarrikatu zuen Hamasek. Jarrera guztiz logikoa da. Baina, jarrera hori ez da bakarrik Hamasena. Alderdi islamista honek Gazan lan egiten duten taldeekin bildu zen erabaki hau hartu aurretik. Guztiak bat egiten zuten Hamasekin sasisuetenetik onurak ateratzen zuen bakarra okupatzaile sionista zela adierazterakoan. Hori esan dute bai Palestina Askatzeko Herri Frontea (PAHF) eta Palestina Askatzeko Fronte Demokratiko (PAFD) talde ezkertiarrek bai Jihad Islamikoa talde islamistak ere.
Beraz, komunikabide nagusien "bertsio ofizialak" bi "akats" ditu. Lehena, abenduaren 19a baino lehen suetena ez zegoela dagoeneko indarrean Israelek hartu zituen konpromisoak (erasorik ez egitea, blokeoarekin amaitzea eta suetena Zisjordaniara hedatzea) bete ez zituelako. Bigarrena, Hamasek "apurtu" zuela suetena, erabaki hori Gazan aritzen diren talde politikoek (ezkerrekoak eta islamistak) hartu zutelako.
Hamas guztiaren arduraduna azaltzen da komunikabideetan, terrorista dela nabarmenduz. Ez dena esaten 2006ko urtarrilean egin ziren hauteskundeetan Gaza eta Zisjordaniako palestinarren bozken %44 lortu zuela. Ez dena esaten garaipen hori lortu zenetik, bai Israelek bai AEBek bai EB-k ez ziotela gobernatzen utzi, diruiturriak moztuz. Egia da Hamas talde islamista dela eta ezkerreko ikuspegitik haien jendarte programa kritikagarria dela oso. Baina egia da baita ere Hamasek okupazio sionistari aurre egitea duela helburu nagusitzat.
Okupazioari aurre egitea erabakitzen dutenak zigortzea eta okupatzaileen aurrean makurtzen direnak txalotzea estrategia zaharra da Palestinan. Hamas (edo PAHF edo Libanoko Hizbullah) terroristak dira AEB eta EB-rentzat. Aginte Palestinako buru Mahmud Abbas, berriz, "moderatua" da eta George Bush eta Ehud Olmertekin biltzen delako.
Sarraskiaren ostean plazaraturiko komunikatuan, PAHFek Abbasen dimisioa eskatu zuen, "ezin baita onartu gure herriko semealabak akabatzen dituztenekin mahai berdinean eseritzea". Honekin batera, palestinarren batasuna nazionala lortzea ezinbestekotzat jo du PAHFek, beti ere okupatzaile sionistari aurre egiteko eta Palestinako askatasuna lortzeko. Bide hori da palestinarrei geratzen zaien bakarra.
Hirugarren intifada aipatu dute askok ere. Ez dago beste aukerarik. Gazako azken sarraskiak dagoneko hilzorian (edo hilda) zegoen Annapoliseko prozesuaren hilobia izan da ere. Abbasek ezin izango du elkarrizketarik egin ez eskuak odolez zikinduta duen Israelekin ez sionistei sostengu osoa eman dieten AEBekin. Aginte Palestinarrak berak amaitutzat eman ditu elkarrizketa hauek. Bide antzua zen eta Abbasen ingurukoek ere hori esatera behartuak izan dira.
Dena den, Israelen partetik ez dago asmorik Annapoliseko komeriarekin aurrera jarraitzeko. Otsailean hauteskundeak izango dira Israelen, eta inkesten arabera, badirudi Benjamin Netanyahuren Likud alderdi eskuindarra nagusituko dela. Aginte Palestinarrerekin mintzatzea ere ez duela egingo adierazi dute. Nahiz eta Tzipi Livniren Kadima nagusitu, egoera ez da hobea izango. Livni (Atzerri ministroa) eta Laboristen buru Ehud Barak (Defentsa ministroa) Gazako sarraskia burutu duen Gobernuaren kide nagusiak dira, eta hortik ez da gauza onik aterako palestinarrentzat.
Ikusgarria izan daiteke hautes-kanpainan entzun beharko direnak, palestinarren aurka nork emago duen egur gehiago erakusteko lehian arituko baitira alderdi israeldarrak.
Barack Obama AEBtako presidente berrian jarri dute askok itxaropena, batez ere Europako sozialdemokratak. Alferrik da. Alderdi Demokratako hautagaia izendatu eta gero Obamak egin zuen lehenengo gauza lobby sionistaren egoitzara joan (bulego eta guzti du lobby sionistak Washingtonen, ez da gauza teorikoa) eta Presidentziara heltzen zenean Israelek bere burua defendatzeko eskubidearen alde zegoela adierazi zuen. Horrela, beltz demokrata bat Etxe Zurian heltzera sionistengan sortzen zuen kezka ezabatu zuen. Israelek bere burua defendatzeko eskubideaz ari direnean, Gazako sarraskiaz ari dira. Horrela ulertzen dituzte gauzak. Honekin batera, Jerusalem Israelgo Estatuaren hiriburu banaezina dela aldarrikatu zuen Obamak, gatazkari irtenbidea ixten.
Nazioarteko komunitatearen jarrera, beste behin, lotsagarria izan da azken egunotan. Sarraskia izan den bitartean ez dute ezer. AEBek sostengua adierazi dio Israeli "terrorismoaren aurkako borrokan". EB mutu egon da, lau egunetara sueten berri bat -blokeoaren egoerara bueltzatzea- etorri da eta Hamasi egotzi dio gertatutakoren ardura aurreko suetena apurtzeagatik. Laguntza humanitarioa bidaltzeko bonba jaurtiketa etetea eskatu dute ere. Gero berriro sarraskiarekin
jarraitzeko?
Lakuako Gobernuko Javier Madrazo (Ezker Batua) kontseilariak ere laguntza humanitarioaren diskurtsoa erabili zuen Gasteizko Parlamentuan aurrekontuak eztabaidatzen ari ziren bitartean.Hori bai, lepoan kefiyah edo zapi palestinarra zuela.
Baina diskurtso hori faltsua da. Afera ez da nola antolatzen gara Gazara laguntza bidaltzeko -laguntza hori ezinbestekoa badute ere-, sarraski gehiago izan ez daitezen gatazka konpontzea baizik. Hori izan beharko luke eragile politiko baten ardura, ez GKErena egitea.

Bide batez, bitxia da Gasteizko gobernuko kontselari batek Espaniar estatuko gobernuari Israelekin harreman komertzialak eten ditzala eskatzea eta berak parte hartzen duen gobernuarentzat errezetarik ez edukitzea.


Palestinari elkartasuna adierazteko modurik eraginkorrena boikotarena da.
Elkarte palestinarrek horrela eskatu dutelako eta Israeli min egiten diolako. Gazan Israel munstro bat dela erakutsi du. Ezin da gure artean "Ekialde Hurbileko demokrazia bakarraren" mozorroarekin ibili. Adierazpen sionista orori boikota egin behar diogu Euskal Herrian, arlo ekonomiko, politiko, kultural, hezkuntza edo kirolean.
Hori da bidea: Israelekin loturak apurtzea. EB-k ezin dio Israeli Europara esportzatzeko erreztasun eman, nahi duen bezala. Israelekin harreman diplomatikoak apurtzen ez duen estatua sionismoaren konplizea izanen da. Gazako sarraskiaren konplizea.