Petrolioa, gezurrak, guda eta Nobel sariak.

obamaAzken bi asteetan Irakekin zerikusia duten  hainbat albiste izan ditugu:

Toni Blair-ek, Britainia Handiko presidente ohiak,  BBCn honako adierazpenak egin ditu:  “suntsipen handiko armak egon edo ez, legitimatuta sentitzen naiz berriz ere Irak inbaditzeko, baina agian beste argudio batzuk erabili beharko genituzke mehatxuaren inguruan”. Aldi berean, guda justifikatzeko erabilitako gezurrak frogatzen dituen gobernuaren txosten bat argitaratu da.

Eta bitartean, AEBko presidenteak, Afganistan eta Irakeko guden gaurko protagonistak, Latinoamerikako herri demokratiko eta iraultzaileen kontrako 7 base militar jarri dituenak, Bakearen Nobel Saria jaso du Norvegian, Hollywoodek prestatutako inperialismoaren aldeko gidoi bat irakurriz.

Baina prentsak honekin entretenitzen gaituen bitartean, inbasioaren helburuak gauzatzen doaz, eta albiste nagusia izan ez bada ere, aurreko astean Irakeko erregaien esplotaziorako bigarren lizitazioak banatu zituzten. Nola ez, Shell britainiarra eta Exxon Mobil estatubatuarra bertan zeuden. Iraken, kanpoko enpresek kontrolatuko dituzten petrolio zelaien esplotazioaren bidez,  egunero 14 milioi barril merkatura zabaltzeko gaitasuna izango dute. Gaur eguneko kontsumo mundiala 82 milioi upeletan dagoela kontutan izanda, enpresa hauek merkatu mundilaren ia %20 kontrolatuko dute. Eta petrolioa nahikoa ez balitz, orain dela hilabete www.rawstory.com webguneak jakitera eman zuen bezala, Shell-ek eta Pentagonoak datozen 30 urteetan Irak hegoaldeko gas natural guztia kudeatzeko akordioa dute.

Argi dago zertarako egiten diren inbasioak. Bakearen Nobel Saria eman beharrean, ekonomiarena jaso beharko lukete, Obama, Bush, Blair eta gainerakoek.