Sahara: lurralde okupatuak (Gasteizen hitzaldia)

Sahara: lurralde okupatuak

Sahararen gaineko hitzaldia emango du Julen Zulaikak Paddy Shorts Gasteizko Judimendi auzoko tabernan, Abenduaren 1ean. Aukera ona Sahararrek bizi duten okupazioaren gakoak ulertzeko. Hemen uzten dizuegu berriki argitaratu genuen iritzi artikulua:

Hitzek ez dute balio

 

Dirudienez gutxi zaio Marokoko gobernuari saharar herriaren aurka orain arte egina: okupazio basati haren hasieratan Napalm edo fosfato zuriz herritarren aurka egin izana; gartzela sekretuak, gartzela beltzak, desagertuak... Ez zaie aski azken urteetako etengabeko torturak, erahiketak, atxiloketa arbitrarioak, muntaia polizialak..., ez eta nor bere herrian arrotz sentiarazterainoko beldurra eta debekuak ezartzea, hizkuntza, bandera eta nortasuna ixilaraztea, ez da nahikoa minaz jositako 2700 km tako harresia eraikitzea…. Hau guztia eta paragrafo sarrera batean sartuko ez lirateken beste mila eraso mota gutxi dira nonbait marokiar agintarientzat. Eta  astelehenean duintasunaren kanpalekua deritzona goitik behera birrindu zuten, ur beroz haimak astinduz, helikopteroetatik gas negar eragileak jaurtiz, gomazko eta gomazkoak ez diren tiroketak eraginez, eta erahilak, eta zaurituak, eta sua, sua berriz ere duintasunaren hareetan.

 

 

Ez du Mohamed VI.ak nolanahiko eguna hautatu kanpalekua erasotzeko, negoziaketei ekiteko eguna baitzen atzokoa, ustez, New York-en biltzekoak ziren batzuren nahiz besten ordezkariak. Hitzek ordea zertarako balio dute, ekintzetan, egindakoetan, argi adierazten den heinean nahi dena. Saharar herriak 1991tik hona, garbi erakutsi du bere nahia konponbide adostu bat bilatzea dela, herrion erabakitzeko eskubidearen arabera eta horretarako eman beharreko pausu guztiak eman ditu, duintasunez, askotan ulertzea ere kosta daitekeen neurriraino. Marokoz gain, gainerako ordezkariek ordea zer egin dute? espainiar eta frantses estatuetako agintariek esaterako, esan dituztenak eta orain arte esandakoak badakizkigu, baina hitzek ezer gutxi balio dute, jarraian esandakoak egiteko asmorik ez denean. Nazio Batuen ordezkari eta MINURSO-ko soldaduek ere ezer gutxi egin dute, eta egin dutenean sahararren eskubideen alde egiteko ez da izan.

Aspalditxotik haserrea nagusitu bada lurralde okupatuetako nahiz errefuxiatu guneetako sahararrengan, orain, denborak eta batez ere eurak esango digute zein den bidea, zein den eraikiko duten borroka eta nazioarteak euren alde egitea nahi lukeena. Guri bitartean hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea heldu zaigu, sahararrei elkartasuna adieraztekoa kaleetan, marokiar zein espainiar  eta frantses ordezkariei kontuak eskatzekoa, herrion arteko xamurtasuna bazter guztietara zabaltzekoa. Inperialismoak ez dezala zirrikiturik aurkitu gurean, azter ditzagun beraz, zein diren sahararren kontura aberasten ari diren enpresak, fosfato eta bestelako mineralen ustiaketetan, saharar uretatik aberasten ari diren arrantzontziak, ez gaitezen hitzetan gera, saharar herriak gureak bezala izan dezala bere burua ordezkatzeko eskubidea behingoz, hitzek benetako balioa izan arte behintzat: Gora Sahara askatua! Sahara horra!