Sahara okupatura joango dira brigadak berriz, iazko esperientziaren ondoren

Gaur 8-n argitaratutako artikulu honetan Saharako lurralde okupatuetan iaz egon ziren brigadistek euren esperientzia kontatu dute

Aurten ere antolatu du Askapenak brigada kanpaina. Izena emateko epea martxoaren 31n amaitzen da

Hitzik gabeko komunikazioak sekulako indarra izaten du, ideiak, esperientziak eta sentsazioak trukatu beharra sentitzen dutenen artekoa bada. Hori bertatik bertara ikusi ahal izan zuten iaz Aaiun Sahara okupatuko hiri nagusia bisitatzeko aukera izan zuten euskal brigadistek, GAUR8ri jakinarazi diotenez.

Esperientzia paregabea eta aberasgarria, inoiz ahaztuko ez duten horietakoa: haiek nazioarteko elkartasuna behar-beharrezkoa dute, hor ipini baitute egungo egoera negargarritik noizbait irteteko itxaropen guztia; eta euskaldunak, egoera injustu baten aurka borrokan ari diren sahararrei laguntzera joan ziren, haiek bizi duten egoeraren lekuko izatera. Horrelakoetan hizkuntza bera ezagutzea ez da hain ezinbesteko, beharra bi aldeetan sentitzen denean komunikazioaren zubia eraikitzea askoz ere errazagoa izaten baita.

«Hedabideek ezkutatutako egoera da Marokok okupatuta daukan lurraldekoa», idatzi zuen Iñaki Etaio brigadistak GARA egunkarian orain hilabete batzuk. «Bertako berriak tarteka baino ez zaizkigu iristen. Soilik aparteko gertakariren batek Marokoko erregeak ezarritako zentsura hori hankaz gora botatzea lortzen duenean, 2010eko azaroan Gdeim Izikeko kanpamendua desegin zutenean gertatu zen bezala», erantsi zuen.

Iaz hamaika euskaldun joan ziren Aaiun hirira Askapenak antolatutako brigadekin: bederatzi emakume eta bi gizon. Horietako lau Iparraldekoak ziren, «frantsesak» Marokoko segurtasun indarrentzat. Gainerakoak, «espainolak».

Erabat militarizatuta

Bizpahiru aste egin zituzten lurralde okupatuan. Bertako ekintzaileekin pasa zituzten egun gorabeheratsu haiek.

Ramadan hilabeteak erabat baldintzatu zien bidaia, bertakoak musulmanak izanik egunsentitik ilunabarreraino baraua egitera behartuta baitaude, eta erretzea, lurrinak ematea eta harreman sexualak izatea ere debekatuta baitute.

Bidaiak berak ez zien arazo handirik eragin. Ezerosotasuna besterik ez. Hegazkinez iritsi ziren Marrakex Marokoko hegoaldeko hirira. Aaiunera iristeko autobusez 14 ordu egin behar izan zituzten. Sekulako beroa, udari dagokionez. Haize epelak besarkatu zituen brigadistak Marokora iritsi zirenetik.

Marokoko segurtasun indarrek jarritako sei kontrol pasa behar izan zituzten bidean. Euskaldunak izateagatik ez zuten arazo berezirik sumatu. Agian lagunduko zuen batzuek frantses Estatuko pasaporteak eramatea, besteek Estatu espainolekoak erakusten zituzten bitartean. Euskal Herrian jartzen diren kontroletan beldur gehiago pasatzen dutela diote. «Kanpotar hutsa izateagatik kontrolean gerarazi eta pasaporteak eskatu zizkiguten». Bi brigadatan banatuta bisitatu zituzten Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuak.

«Aaiunera bertara iristean, lehen inpresioa izaten da dena militarrez josita dagoela. Harresi baten barrura sartuko bazina bezala. Lehenengo ikusten duzu ezkerrera dagoen kuartela; eskuinean, Ospitale Militarra, Eskola Militarra hareago, erregearen argazkiak bazter guztietan, kartel handitan jarrita, baita Marokoko banderak ere», kontatu digu Eneritz Arzallus brigadista errezildarrak. «Hiriak berak bertan behera utzitako lekua dirudi. Itxura hori du. Aaiun hiriburu grisa dela esanez deskribatuko nuke». Okupazioak eragindako tristuraren kolorea.

Ramadan hilabetean joan zirenez, ia inor ez zuten ikusten egunez. «Denak lotan zeudela zirudien. Eta itzaletan. Gauez bizi dira Ramadan garaian».

Horrelako bidaiak egin ahal izateko ezinbestekoa da aurrez kontaktuak izatea, norengana jo jakitea. Orduan posible da bertako ekintzaileen egoera ulertzea. Eta eguneroko bizitza horretan sekulako garrantzia dauka Poliziaren jazarpenak.

Euskal brigadistak hirira iritsi eta berehala konturatu ziren Polizia gainean zutela. Autobusetik jaitsi eta auto zuri bat ikusi zuten geltokian; ostatura joan eta auto bera beraien atzetik. «Ostatuko sofa batean jarrita pasatzen zuten egun osoa polizia horiek. Gaua ere bertan pasatzen zuten bi agente haiek. Edozein lekura joanda, igual izaten genituen hiru auto atzetik. Edo motorrak, edo oinez zihoazen agenteak. Inolako disimulurik gabe gainera. Izan ere, nahita egiten dute hori, sahararrei beldurra eragiteagatik. Saharakoentzat oso normala da egoera hori, Polizia okupatzailea beti gainean izatea».

«Zer iruditu zitzaizuen erabat zirraragarria?», galdetu diegu. «Zer gogoa duten bertako egoera kanpoan salatzeko. Edozein bileratan esango dizute ‘mesedez zabaldu’ hemen gertatzen ari dena; beraien itxaropen guztia hor jarrita daukate».

Sahararren harrotasuna

Ia bi urte lehenago, Sahara okupatuko herritarrek sekulako mobilizazioa egin zuten Gdeim Iziken. Begirale batzuek esaten dute han hasi zela gero Arabiar Udaberria izenaz ezagututako fenomeno iraultzailea. «Horrenbeste jende elkartu arren Poliziak zein jarrerarekin bidali zituzten, hori da kontatzen duten lehen gauza. Atxiloketak, presoak… kristoren minarekin kontatu ziguten bizitakoa».

Aste batzuk lehenago, bestelako egoera bizi izan zuten Gdeim Iziken. Okupazioari aurre egiteko gai direla erakutsi zien esperientzia paregabea. 20.000 pertsona inguru elkartu ziren (joan eta etorri ibiltzen ziren sahararrak kontuan hartuta), hiriburutik kilometro batzuetara, elkarrekin egoera injustu bat salatzeko asmo sendoarekin.

Kanpamendua eraikitzea oso garrantzitsua izan zen beraientzat, brigadistek kontatu digutenez. «Beraien gizarte propioa eraikitzeko gai direla ikusi zuten askok, okupatzaileen beharrik ez daukatela alegia, nahiz eta erregimenak beren herri harrotasun hori suntsitu nahi duen. Eta horretarako era guztietako tresnak erabiltzen ditu. Herri moduko bat antolatu zuten, beren esku zeuden tresnak erabilita, zailtasun askorekin. Ura eman behar zuten, janariak banatu… Baina sortzen diren arazo guztiak oso erraz konpontzen dira horrelako elkartasun giroan, guztiek lortu nahi duten askatasunak bidean azaldutako oztopoek baino indar handiagoa baitu».

«Mutilak eta neskak nahastuta ibiltzen al ziren mobilizazio erraldoi hartan?», galdetu du GAUR8k. «Borroka egin behar denean bai, baina eguneroko bizitzan ez. Bilerak egiteko garaian ez dago horrenbesteko ezberdintasunik, baina etxean bai. Neska sukaldean, eta, mutila, salan». Etxean, betiko ohiturak eta mugak. Borrokan, eraiki nahi duten gizarte berriaren baloreak, sexuen arteko berdintasuna barne. «Neskak harria bota behar badu, bota egingo du. Edo bileran bere iritzia azaldu behar badu, lotsarik gabe egingo du».

Euskal neskak ez ditu inork neska izateagatik okerrago tratatu, ez zuten horrelako sentsaziorik izan, behintzat. «Gure taldeko mutilen pare tratatu gintuzten», dio Arzallusek.

Azken egunetan lagun berrien etxeetan bizitzeko aukera izan zuten. Zer edo zer ulertzera iritsi ziren, nahiz eta hizkuntza bera ez hitz egin. Batek ingelesez hitz batzuk, besteak gaztelaniaz, eta keinuak eta komunikatzeko gogoa, batez ere. Hitzik gabeko komunikazioak sekulako indarra hartzen baitu beharra dagoenean, elkartasuna nagusi denean.

«Azken gauean bertako bi neskarekin lo egin genuen gela berean. Hiru ordu komunikatzen egin genituen, pozik, logurari ‘itxoiteko’ esanez, keinuka, hizkuntza berean egiterik ez genuen arren. Zein diferente ikusten ditugun gauzak!», esan dio GAUR8ri Arzallus Ikus-entzunezko Komunikazio ikasleak.

Martxoaren 31n amaituko da izena emateko epea

Aurten ere antolatu du Askapenak brigada kanpaina. Izena emateko epea martxoaren 31n amaitzen da. «Joan-etorriko internazionalismoa bultzatzeko lan tresna politiko» horietan esku hartu nahi dutenek brigadak@askapena.eus posta elektronikoko helbidera bidali behar dute mezua. Askapena.org webguneko ezkerreko zutabean, goiko aldean, aurkituko du irakurleak ekimenari buruzko informazio gehiago eta kanpainarako prestatutako txartela.

Antolatzaileek gogorarazi dute «euskal herri langile antolatua beste herrien esperientziez aberastea» dela brigaden helburuetako bat. Aldi berean, Euskal Herriko borrokaren berri emateko aukera ere eskaintzen dute tresna politiko horiek. «Zentzu horretan, gure herriak bezala, inperialismo-kapitalismoari men egiten ez dioten herrien borroka esperientziak trukatzea funtsezkoa da», erantsi dute.

Aurten ere «herri boterearen adierazgarri garrantzitsuak diren prozesu, herri, auzo edo lantegietako esperientziak ezagutu beharrean gaude». Argentina, Uruguai, Venezuela eta Bolivia bisitatuko dituzte horretarako.

Bestalde, lehen eskutik ezagutu nahi dituzte estatuen errepresio gordinari erantzuteko sortu diren erresistentzia esperientziak. Baita horien ezaugarriak ere. Horretarako Palestina eta Sahara okupatua bisitatuko dituzte. Noiz? «Hori zehazterik ez dugu oraindik», esan diote GAUR8ri Askapenakoek. Bertako egoeraren arabera erabaki beharko dutela erantsi dute. «Horiexek dira aurtengo brigaden ildo nagusiak. Joan-etorriko elkartasuna gauza dezagun!».

Jose Angel Oria (Gaur8)