Sahara okupatutik kanporatutako brigadistek protesta egingo dute Frantziar eta Espainiar enbaxadetan

Iada egun batzuk pasatu dira mendebaldeko Saharatik zazpi brigadistak kanporatu gintuztenetik. Jasotakoei erantzuteko brigadako kideok erabakia hartu dugu Marokoko Rabat hiriburuan dauden Frantziar eta Espainiar enbaxadetara joan eta bertan protesta egin zein kexa formal bat aurkezteko.

Lehenengo bost brigadistak Abuztuaren 19an batu ginen Saharako militanteekin, El-Aaiun hiriburuan. Hauen etxean instalatu bezain laster, bi ordu pasatu ostean, Marokoko polizia okupatzailea aurkitzen ginen etxera hurbildu eta bertatik kanporatu gintuzten auto batean (ez zen polizia autoa). El-Aaiuneko kanpoaldean kokatzen zen kontrol polizial batean utzi gintuzten, pasaporteak bahituta. Bertan, poliziaz beteriko gela batean sartu gintuzten banaka eta bertan argazkiak eta grabaketak egiteaz gain galdeketak egin zizkiguten. Gutako bakoitzarekin jarrera ezberdinak hartu zituzten, jarrera bortitzak ere izan zituzten bi brigadistekin, argazkitan ateratzera ukatu zen bati eskua gainean jarri eta paretaren aurka oldartzeraino. Horretaz gain, mehatxuak; terrorismo eta  espioitza akusazioak; irainak eta oihuak jasan behar izan geniteun Marokoko poliziaren aldetik. Galdeketaren ostean, ukatzeko aukerarik eman gabe taxi batean sartu eta behin barruan geundela pasaporteak itzuli zizkiguten eta Marokoko kostan kokatzen den Agadir hirira bidali gintuzten, 17 orduko bidai luze batean.

Lehenengo brigadaren kanporaketatik bi egunetara, hau da, Abuztuaren 21 ean, beste bi brigadistak El-Aaiunera iritsi ginen bertan Sahara lurralde okupatuko eragileekin lan politikoa egiteko asmotan. Kasu honetan ere, Saharauiekin batu eta bi ordutara Marokoko poliziak kanporatu gintuen, eta bi orduko kontrol polizial baten ostean (non argazkiak, grabaketak, galdeketak... ere bizi izan genituen) autobus bitartez Agadir hirira kanporatuak izan ginen baita ere.

Kanporaketaren ostean jazarpen polizial handia izan dugu brigadistok, kalez jantzitako polizien jarraipenak uneoro izan ditugularik, presio handia eginez gu Saharatik ez ezik Marokotik ere alde egitera behartzeko asmotan.
Jazarpen eta errepresio guzti honen aurrean Marokoko estatu egiturak (gobernua, polizia...) salatuko ditugu eta horretarako Espainiar eta Frantziar enbaxadetara joateko erabakia hartu dugu kexa formal bat eta protesta bat egiteko asmoz.

Enbaxadetan Saharar lurralde okupatura itzultzeko exigituko dugu, eta horrez gain legez kanpoko kanporaketa  honen erantzuleak zein izan diren argitzeko eskatuko dugu, bertan Saharar herriaren askatasuna eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzearekin batera.

Testu honen bitartez Saharar herria Marokoko estatuaren partetik pairatzen ari den errepresioa salatu nahi dugu, euren lurretatik kanporatu zein lur hauek armen bitartez bereganatzen baitituzte, Saharar askapen mugimenduko militanteak torturatu, espetxeratu, erail.... dituzte, hizkuntza debekatu diete, erabakitzeko eskubidea ukaten diete... eta  bortizkeriak aurrera darrai.

Saharar lurralde okupatuan gertatzen ari dena ezkutatzeko ahaleginak nabariak ari dira izaten Marokoar gobernuaren partetik, indar armatuen bitartez bertako egoera ezagutzera ( eta egoera hau euren herrietara eramatera) joaten diren brigadistak kanporatzea da adibide garbia. Hala ere, Euskal Herritik eta munduko beste hamaika txokotatik Saharar herriaren askapenaren alde lan egiteko hautuarekin jarraitzeko asmo irmoa agertzen dugu, munduko herri zapadu guztien askatasuna aldarrikatzearekin batera.

Hamaika herri borroka bakarra.
Sahara Hurra!