Sergio Quijada, El Salvadorreko militante internazionalistari, eginiko elkarrizketa

Sergio Quijada FMLN alderdiko kidea eta militante internazionalista Euskal Herrian izan da eta Mondraberri Atarian elkarrizketatu dute.

Sergio Quijada salvadortarra Euskal Herria eta Espainia inguruan izan da zenbait astez. Egubakoitzean iritsi zen Arrasatera, Askapenak gonbidatuta, eta gurean izan zen El Salvadorreko eta Hego Ameriketako egoera politikoaren eta egungo koiunturaren inguruko irakurketa Askapenako kideekin banatzeko. Horrekin batera, beste alderdi politikoko kideekin iritziak elkartrukatzeko aprobetxatu du egonaldia. Besteak beste, egubakoitzean, Inazio Azkarragaurizar alkateak harrera egin zion Sergio Quijadari.

Gaur egun, Sergio Quijada FMLN  edo Frente Farabundo Martí para la Liberación Nacional alderdi politiko ezkertiarreko alkatea da Nejapa herrian. Gurekin berba egiterakoan, El Salvadorreko gatazka hurbildu digu Quijadak.

Hamarkada bat iraun zuen Gerra Zibilak astindu zuen El Salvador eta 1992an, sinatutako bake akordioen fruitu, FMLNk armak utzi eta bide politikotik eraman zuten bere aldarrikapen eta borroka. Prozesuaren gainean, zehaztasun handiagoz egiten digu berba Sergio Quijadak.

FMLNren aldarrikapen borroka nolakoa izan da denboran? Zein garapen izan du?

70. hamarkadan, ideologikoki borroka hasi zen eta herritarrak mobilizatu eta biltzen hasi ginen. 1978. urtean, lehenengo ekintza armatuak hasi ziren. Bi urte geroago, ostera, indar popularren lehenengo aldarrikapen militarra egin zen FMLN sortzeko eta 1980a eta 1992a bitartean, Gerra Zibila izan genuen. Hura prozesu luze eta handia izan zen, odola isuri zuena. 1992an, ostera, bake akordio batzuk sinatu ziren eta aro berri bati ekin genion. Nahiz eta batzuek nahi zutena izan ez, gutxienez Historiarentzat aurrera pausu bat izan zen. Izan ere, bi aldeak elkarrekin eseri ahal izan ziren eta akordio batera iritsi.

Zeintzuk dira zehazki FMLNren aldarrikapenak?

Herrialde justu bat aldarrikatu izan dugu beti, bidezkoa eta guztientzako aukerekin. Momentu honetan, gure aldarrikapena harat doa, izan ere, mugimendu asko izan da azkenaldian eta estrategian ere mugimenduak gertatzen dira. Orain, borroka klase politikoak egiten du herritarren izenean.

Zein izan zen bide politikoari heldu eta armak uztearen arrazoia?

Herriari entzutea. Eta hori da egin behar duguna, edozein aldarrikapenetan, egingo den edozein proiektutan, jendeari entzun behar zaio eta uste dut, egin genuen guztitik hori dela alderik garrantzitsuena.

FMLNk parte hartu zuen lehenengo hauteskundeetan, nola joan ziren gauzak?


1994an, alderdi politiko moduan, lehenengo hauteskundeetan hartu zuen parte FMLNk eta biltzar legegilean ordezkaritza handia lortu genuen, gauza oso garrantzitsua. Izan ere, borroka herri masatik dator eta denboran haziz joan gara. Nejapa El Salvadorreko metropoli-barrutian FMLNren lehenengo alkatetza izan zen. Orain bertan, ostera, 262 alkatetzatik, 98 dauzka FMLNk eta beste batzuetan koalizioan gaude. Prozesuak aurrera jarraitzen du eta nahiz eta ez izan oso-osorik FMLNren prozesua, 2014ko hauteskundeetarako FMLNren proiektu bat izatea espero dugu, sozialismorantz pausuak emateko. Jendearengana heldu eta bere beharrei erantzutea nahi dugu, hori uste dugu dela zuzena.

Aldaketak eman al dira FMLNk botere politikoa eskuratu duenetik?

Bai. Aldaketarik esanguratsuena hezkuntza eta osasunean eman da. Orain, eskola doakoa izateko egitasmoa daukagu indarrean eta edalontzi bete esne ematen diegu guztiei egunero. Izan ere, batzuk, jan barik etortzen dira eskolara. Bestalde, gogoratu behar dugu, ama gehienak senargabeak direla eta arazo oso handia da hori. Uste dugu osasuna eta hezkuntza gobernu lokal baten barruan izan daitezkeen balore garrantzitsuenak direla herritarrentzat etorkizun on bat lortzeko.

Gaur egun, zeinek osatzen du zuen oposizioa eta zein jarrera dauka zuengana?

Gaur egun, hedabideek eta enpresa handiek blokeo bat ezarri diote FMLNk hartzen duen edozein neurriri. Eskuin oligarkikoaren blokeo bat daukagun honetan, beharrezkoa da aliantzak egitea eta proiektu berri eta ezberdin bat egitea. Ez da erraza, baina jendeak ogia nahi du, lana, hezkuntza… Herritargoaren gehien-gehiena nekazaria da eta uste dut, orain, gure eginbeharra betetzen ari garela osasunarekin, hezkuntzarekin… hauek ezkerraren proiektu sozialak dira eta salvadortar bakoitzaren bizitza markatu duten borroka faktore garrantzitsuak.

Zu Euskal Herrian bizitakoa zara, ezta?

Bai, Muskizen egon nintzen bizitzen. 2000. urtetik 2003. urtera. Urte batzuk lehenago, zinegotzia izan nintzen Nejapan, 2003 eta 2004 bitartean kudeatzaile administratiboa izan nintzen alkatetzan eta bizitzaren kontuak medio, Euskal Herrira etorri eta bertan ikasi nuen master bat. Urte bi egon nintzen Euskal Herrian eta zuen kultura eta aldarrikapen borroka ezagutu nituen.

Hemengo gatazka ezagututa, moduren bateko antzekotasunik ikusten al duzu El Salvador eta Euskal Herriaren artean?

Nik Euskal Herriko hauteskundeak ezagutu ditut eta hainbat gauzatan ikusten ditut antzekotasunak. El Salvadorren zein Euskal Herrian batasuna behar da. Uste dut baietz, ezkerreko bloke on bat egon behar dela, adostua. Ezin daiteke guztiaren irtenbidea izan eta beti ez da desiragarriena. Baina espero dut aurretik geratzen den bidean, erabaki zuzenak hartzea eta herriari nahi duena erabakitzen uztea.

Azaroaren 10ean, Internazionalista Eguna ospatuko da Altsasun. Zer adierazi nahi duzu honen harira?

Oso garrantzitsua da euskaldunok daukazuen prozesua. Izan ere, Euskal Herrian eta aldi berean, nazionalistak eta internazionalistak izan zaitezkete eta hori eskertzekoa da. Herrialdeen arteko mugak gizakiak berak sortu ditu eta uste dut aldarrikapenezko edozein borrokarako prest eta irekita egon behar garela. Herrialdeetan kasu eta arazo ezberdinak daude, batzuk antzerakoagoak, beste batzuk ez, baina aurrera egiteko bloke handi eta ireki bat behar dugu sozialismora iritsi arte.