Sionismoari hariak moztuz

TITIRIJAI SIONISTA ISRAELI BOIKOTEgunotan Titirijai'09 Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdia ospatzen ari da eta, besteak beste, talde israeldar-sionista batek parte hartuko du bertan abenduaren 6an. "Israeli boikota" lelo hutsa ez delako, elkartasuna lantzeko tresna baizik, argi eta garbi utzi nahi diegu ez direla Euskal Herrian ongietorriak.

Ia urtebete igaro da Gazako sarraskia izan zenetik. Mobilizazio handiak izan ziren orduan, kalera atera ginen Israelek aurrera eramaten duen genozidioa salatzeko, palestinarrei elkartasuna adierazteko, "Euskal Herriak Israeli boikota!" lelopean. Baina sionistek palestinarrei zuzendutako garbiketa etnikoak ez du etenik, palestinarrek jasaten duten errepresio bortitzak ez du etenik, ezin ditugu ahaztu ere 11.000 preso politikoak, milioika errefuxiatuak, apartheid harresia... Horregatik elkartasunak ez du etenik behar.

Egunotan Titirijai'09 Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdia ospatzen ari da eta, besteak beste, talde israeldar-sionista batek parte hartuko du bertan abenduaren 6an. "Israeli boikota" lelo hutsa ez delako, elkartasuna lantzeko tresna baizik, argi eta garbi utzi nahi diegu ez direla Euskal Herrian ongietorriak.

Nahiz eta sarritan sinetsarazi nahi diguten politika eta zenbait esparru nahasteak ez duela zentzurik, kirola ez dela politika, artea ez dela politika, musika ez dela politika; jakin badakigu zapaltzaileek behin eta berriro erabiltzen dituztela jarduera ezberdinak mezu zein ideologia politikoak han eta hemen inposatzeko. Mundu osoan ematen diren trikimailuak dira hauek eta noski Israelgo estatu sionista ez da salbuespena. Nonahi aurkitzen ditugu israeldar abeslariak, artistak, filmak, kirol taldeak, eta abar beraien jardun “apolitikoan”. Baina zein interes ezkutatzen da ekintza hauen atzean? Zer etekin ateratzen die sionismoak bere espora hauei? Helburua politikoa da, noski, nazioartean izaera demokratiko bat irudikatzea, bere izatea zilegi egitea eta bere irudia normalizatzea hain zuzen.

Antzerki talde honen bisita dela-eta "Israeli boikot ekimena" antolatzaileekin bildu zen "elkartasunez manifestua" (Palestinako 200 eragile sozialek sinatutakoa) txontxongilo talde israeldarrari helarazteko eskatuz. Manifestuan agertzen diren aldarrikapenen inguruan zein iritzi zuten eta ia aipatutako minimoekin ados zeuden jakitea zen asmoa. Elkartasunez manifestuaren oinarria hau da: palestinar errefuxiatuak etxera bueltatzeko eskubidea izatea; Gaza zein Zisjordaniako kolonizazio eta okupazioarekin amaitzea nazioarteko legeria zein NBEren erabakiak aintzat hartuz; eta bazterkeria etnikoari amaiera ematea Israelgo estatuan bizi diren herritar palestinarrei beraien eskubide zibil zein politikoak bermatuz.

Baina erantzunik ez, isiltasuna izan da nagusi, ordezkatzen duten estatuarekiko konplizitatea bezain nagusi. Erabiltzen dituzten panpinen papera betetzen baitute Israelen atzaparrek erabiltzen dituzten harietatik helduta. Israeli aurpegi dotore eta demokratiko bat marrazten saiatzen diren txotxongiloak baitira. Gonbidatuta zaudete, beraz, antzezlan honi zein beste edozein adierazpen israeldar-sionistari boikota egitera.

Aspaldi ereindako haziak fruituak ematen hasiak dira: Veolia garraio entrepresak “Apartheid tranbia”-ren eraikuntza bertan behera utzi behar izan zuen bere aurkako boikot kanpaina zela eta kontratu bat edo beste galtzean, Suediako Malmö-n Israel eta Suediaren arteko Davis Kopako tenis partida ateak itxirik jokatu behar izan zen, kanpoan 5.000 laguneko manifestazioa zegoen eta, Turkian Europako Kopako saskibaloi partida bertan behara utzi behar izan zen zaleen presioagatik… eta batailaz bataila garaipena iritsiko da Hegoafrikako apartheidarekin gertatu zen bezala, Euskal Herrian ere sionismoak bataila bat galdu behar du.

Euskal herritarrok lekuko solidarioa eskuartean hartu behar dugu, izan ere instituzio publiko gehienek (udaletxe gutxi batzuk salbu) eta enpresa pribatuek Palestinarekiko errukia erakusten duten bitartean Israelekin negozioak, harreman normalizatuak, eta bere zilegitasuna baino ez baitute erakusten. Bisita sionista bat ematen den bakoitzean, Israel seinalatu eta zuzenean bere izaera faxista salatu behar dugu. Boikota da bidea: arlo eta frente guztietan sionismoari hariak moztu, Palestinak askatasuna lortu arte.

Baita Titirijai jaialdian ere.