Unibertsitatea, zentro kulturala, errefuxiatu gunea, landa eremua... okupazioa nonnahi

Palestinako egonaldiaren erdian utzi dute Hebron, eta denbora ziztu bizian agortzen delakoan ailegatu dira Nablusera. Baina, Nablusen pasatako 5 egunak ere , konturatu gabe igaro zaizkie brigadistei. Nablus Zisjordaniako hegoaldean kokatzen den Palestinako hiri garrantzitsuetarikoa da.

Bertan unibertsitatea, Tanweer zentro kulturala edo Balata errefuxiatu gunea ezagutu dituzte. Balatan kilometro karratu batean, 30.000 errefuxiatu bizi dira. Beraietako batzuekin hitz egin eta lehen eskutik jaso zuten Palestinar herriaren zapalkuntza. Okupazioa landa munduan nola bizi duten gertutik ezagutzeko aukera ere izan dute Jordaniako bailaran eta manifestazio berri batean parte hartu dute, konfrontazioan amaitu dena. Hemen brigadisten kronika:

Orain arte ezagutu ditugun hiriekin konparatuz, antzekotasunak aurki diezaiokegu, baina aldi berean, ez du Hebronekin -adibidez-, zer ikusirik. Bertako jendearen mentalitateari erreparatuz, Nablus askoz “liberalagoa” dela esan daiteke, ez da Hebron bezain kontserbadorea. Belorik gabeko emakume ugari ikus daitezke espazio publikoetan. Halere, autobusetan emakumeak eta gizonak ondoan esertzea saihesten dute.

An-Najah National University. Nablusen aurkitzen da palestinako lehen unibertsitatea, eta egun inportanteena dena. Hau bisitatzeko aukera izan genuen, bertako FPLPko arduraren eskutik. Lehenengo pertsonan ikusi genuen unibertsitateko giroa, kurtsoa jadanik hasita baita. Unibertsitateak Palestinan, ez dira ez pribatuak ez publikoak, tarteko kudeaketa sistema bat daukate. Baina, bereziki garestiak dira ikasketak, hemengo bizi maila kontuan izanik: EHUn kurtso bat bezala ordaintzen dute lauhileko bakoitzeko, eta medikuntzan adibidez, 100 shekel/ordua ordaintzen dute (25 euro gutxi gora behera).

Tanweer zentroarekin harremanetan. Nablusen izan dugun kontaktu nagusiena Tanweer deituriko zentro kulturalarekin izan da. Bertan, zenbait gazteek -eta ez hain gazteek- aktibitate ugari antolatzen dituzte, non Palestinako errealitatea oso presente dagoen. Gainera, Palestinaren egoerari buruzko informazioaren hedapen internazionalari leku berezia eskaintzen diote. Hain zuzen ere, zentro honetan Euskal Herriari buruzko aurkezpena egin genuen brigadistok. Bildu ziren 20 bat pertsonek adi entzun zuten azaldutakoak, eta bukaeran, hainbat galdera interesgarri erantzun genituen. Argi gelditu zen bi herriek bizi dituzten egoeretan puntu komun anitz daudela.

Zentro honetan ere, ekonomian eta politikan aditua den unibertsitateko doktore batekin bildu ginen, Palestinaren egoeraz jabetzeko lagungarriak diren datu eta informazioa eskuratuz.

Balata errefuxiatu gunea. Nablusen aurkitzen den Balata errefuxiatu gunea ezagutzea ezinbestekoa izan dugu. Izan ere, Balata, Zisjordania osoko errefuxiatu gunerik jendetsuena da. Kilometro karratu batean, 30.000 errefuxiatu bizi dira ( Aida camp-en baino 5 aldiz gehiago). Oso eredu ona da Palestinako errefuxiatuen auzia ulertzeko beraz. Gunea 1950ean sortu zen: NBEk 99 urtetarako alokatzean eremuko lurrak. Balatan aurkitzen den Jaffa center deituriko zentro sozialaren koordinatzailearekin batu gara. Azaldu digunaren arabera 1. intifada bertan sortu eta 2. intifada oso indartsu egon zen, eta bietan “liderra” izan zen Balata. Gunerik zigortuena ere izan da: intifada garaian espetxe moduko bat bihurtu zen eta ehundaka hildako, zauritu, atxilotu... izan ziren. Umeek eskolarik gabe egon ziren tarte luzez, jendea etxetik ezin atera egon zen- 3 egunetik behin 2 orduko baimena erosketak egiteko-, eremuan sarrera bakarra utzi zuten-eta bertan check point-a kokatu-.... Eta gaur egun ere, errepresioak dirau. Astero atxilotuak daude, etengabeko erasoak, kanpoan lan egiteko baimenen ukapena…Gainera, zerbitzu eskasak eta langabezia nagusia da.

Biztanleri kopuru altua dela eta, etxeak bata bestearen segidan eraiki behar izan dituzte, eta honek hainbat arazo sortu ditu: eguzki eza dela eta gaixotzen da jendea, ez daude espazio irekiak ( parkeak, zuhaitzak…), ez dago intimitaterik ( ez etxe barruan ez kanpoan)... Jaffa zentroan, laguntza psikologikoa ere eskaintzen dute Balatako biztanleei. Bertako koordinatzaileak dioen moduan, hemen bizi den jendeak oso bizitza konplikatua baitauka, imajinatu ahal diren zentzu guztietan.

Balatako emakume taldeko bi kideekin elkartzeko abagunea izan dugu ere, eta gunean egunero bizi diren zailtasunez aparte, emakume izateagatik pairatzen dutena entzuteko aukera izan dugu. Inguru bortitzean bizi dira palestinarrak, baina, emakumeek biolentzia gehigarria bizi dute: okupazioak sortutakoari, gizartean ematen den biolentzia eta genero indarkeria gehitu behar zaiolako. Palestinako gizartean berdintasunagatik borrokatzea zaila badute, okupazioak askoz gehiago zailtzen du borroka hau.

Balata errefuxiatu gunean izandako azkeneko hitzordua, izan ditugun elkarrizketarik hunkigarrienetako bat da. Balatako kale estuetatik Palestinaren okupazioaren prozesu guztia bizi izan duen 76 urteetako agure baten etxean bertaratu baikara, bere bizipenak entzuteko asmoz. Jaio zen herria deskribatu digu, kaleratuak izan baino lehen dauzkan oroitzapenak konpartitu ditu, irribarre egiten duelarik. 1948an Al Nakba nola bizi zuen eta Balatara nola ailegatu zen azaldu digu. Kontaketa erdian bere ilobari zerbait eskatzen dio arabiarrez. Denbora gutxian, plastikozko poltsa batekin agertzen da mutikoa. Gizonak poliki-poliki poltsak daukan korapiloa askatzen du, eta oroitzapenez betetako argazki batzuk ateratzen ditu, aspaldi bere etxeko giltza izan zenarekin batera. Geroago, koadernotxo bat ateratzen du. Bere semeak atxilotu edo akatu zituzten datak ditu bertan idatzirik. Harro kontatzen digu bere seme guztiak espetxetik pasa direla -edo bertan daudela-.

Nahiz eta 40 urte pasa euren lurretara bueltatuko dela sinesten du agureak. 3.intifada hasia da bere ustetan, eta “sua zeruraino” ailegatuko dela zin egiten digu. Guk bitartean, armekin baino, boligrafoekin lagundu dezakegula esaten digu, munduari mezu zuzena helarazten.

Balata atzean uzten dugun bitartean, gero eta argiago ikusten dugu errefuxiatuen auziarekin bukatu arte, Palestinan ez dela konponbidea eta bakea posiblea izango.

Jordaniako bailara. Okupazioa landa munduan nola bizi duten gertutik ezagutzeko asmoz, Nablusetik gertu dagoen Jordaniako bailarara joan gara. Gure kontaktuarekin elkartu, eta ahal dugun moduan komunikatuz, bertako herriak ikusi ditugu. Basamortu moduko ingurunea daukate bertan, eta ur guztia Israelek kontrolatzen du. Eremu honetako jendeak egunerokotasunean dauzkaten zailtasunak kontaezinak dira. Kotxean gaudelarik, goiz horretan haien etxetik bota dituzten 2 familien etxe eraitsiak ikusi ditugu, bertan soldaduek entrenamenduak egiteko erabiltzen dute eskualde hori, nahiz eta jendea hor bizi. Berehala, C eremuan sartzeko check point-a gurutzatzen dugu. Soldaduak pasaporteak eskatu eta nora goazen galdetu digu. Arazorik gabe aurrera egiten dugu. Kotxeko gidariaren identifikazioa ez dute eskatzen, eta eskerrak, keinuekin dio bestela atxilotuko zutela. C eremuaren barruan dagoen baserria eta lurrak dituen familiarekin egon gara tea hartzen, asentamenduez inguratuta dagoen eremuan. Ez da batere erreza administrazio eta autoritate israeldarraren barruan bizi eta lan egitea. Furgoneta bateko atzealdetik bailarako inguru ederretatik ibiltzen gara, Jordania urrunean ikusten dugularik. Gure palestinar lagunak oso pozik daude, eta kantatutan hasten dira gu txaloka jarraitzen ditugun bitartean. Bueltatzerakoan, soldaduekin topatzen gara berriro, eta irribarre batekin Tel Aviv-era joateko gomendatzen digute, hemen “soilik area eta gameluak daudelako”.

Erresistentzia aktiboaren adibide: Sebastya herria. Nablusetik gertu dagoen beste herri bat da Sebastya. Oso herri zaharra da, eta erromatarren garaiko hainbat eraikin historiko daude bertan. Israelek, eraikin guzti hauek C eremua bilakatu ditu, eta beraz, herriko jendeak ezin ditu ezta ukitu ere. Jende asko joan behar izan du, lurra landu eta turismo dendak izateko duten debekua dela eta. Halere, oso kementsua da: ondoan zeuden kolonoek ospa egin zuten eguneroko erasoez nazkatuta, eta asentamendu berriak eraikitzeko proiektua atzera botarazi zuten, horretan lanean zeuden makinak saboteatu zituztelako. Egun hauetan ez dira soldadu gehiegi ikusten, Gazan daude gehienak.

Kufr Kadoom-en ostiraleko mania. Lehen aipatutako Tanweer zentroan geratuta gaude. Ostirala da, musulmanentzat egun sakratua. Palestina osoan maniak eta bestelakoak egiteko aukeratzen duten eguna ere. Aurreko ostiralean Hebronen bizitakoa eta gero, ez da gutxi mani honetatik espero duguna. Taxi-furgoneta bat hartu eta tanweer-eko jendearekin Nablus ondoan dagoen herri batera abiatu gara. Bertan, ostiralero egiten den mania, orain soilik kolonoek erabili dezaketen errepidea palestinarrentzat berrirekitzea exijitzeko burutzen dute. Halere, aukera erabiltzen dute momentuko beste salaketa batzuk egiteko -gaur egun, Gazako sarraskia salatzeko-. Mania hasi baino lehen, errepidera gerturatu gara, eta jada tentsioa zegoen: herriko jendeak errepidea harriekin moztuta daukate. Bulldozerra hauek kentzera doanean, jendeak harriak eta pinturazko botilak botatzen dizkio. Manian herriko 100 bat pertsona batu dira, gehienek aurpegia estalia daramatenak. Umeek daramatzaten Gazako sarraskiaren argazkiak eta mezuak ikusten dira ere, bandera palestinarrekin batera. Konfrontazio etengabea egon da mania errepidera ailegatu denetik, eta “terrenoa irabazteko” lehian, alde batetik zerutik harriak eta botilak ikusten ziren. Beste aldetik, kaka likidoa botatzen zuen txorrota eta gasa. Gurekin zetorren lagun bat anbulantziak eraman behar izan du, gas pote batek buruan kolpatu baitu.

Oraindik dardarka, eta gas, kaka eta izerdi usainarekin, Ramallah-rako bideari ekin diogu.