Ura eta hidrokarburoak, bizitza ona eta garapen ekonomikoaren oinarriak

Baliabide naturalen inguruan bi eragile oso garrantzitsurekin jardun dute Boliviara joandako euskal herriko brigadistek. Batetik ura eta bestetik hidrokarburoak. Boliviak bizi duen eraldaketa prozesu azaltzeko bi funtsezko elementu. Motor gisara baina baita kontraesan moduan. Bizitza onaren oinarria (pachamama) eta garapen ekonomikoaren oinarriak (extraktibismoa). Beittu zer azaltzen diguten:

FEDECOR. Federación Departamenal de Regantes y Sistemas Comunitarios de Agua Potable 1997an sortzen da uraren kudeaketaren inguruan zegoen hutsunea dela eta. Cochabambako departamentu mailan sortzen da, uraren inguruan lan egiten zutenak batu, antolatu eta autoritate moduko bat antolatzeko. Hasiera honetan, bi pertsona dira zuzendaritza lanetan nabarmentzen direnak, ondorioz, ez da parte hartze demokratikorik ematen bertako kideen artean.

2000.urtean, FEDECOR eta Bolivia osoaren etorkizuna aldatuko duen gertakaria jazotzen da. “La Guerra del Agua”. Urte honetan Cochabambako departamentua ura pribatizatzeko eta prezioak igotzeko proiektua garatzen hasten da. Injustizia honen aurrean, herria altxa egiten da. Mobilizazioaren erdigunea Cochabamba da eta FEDECOR-ek pisu handia hartzen du protesten artikulazio eta lidertzan; beste talde batzuekin batera (kokaleroak, Bartolina Sisa…). Pribatizazioa geratzea lortzen eta FEDECOR indartua ateratzen da hainbat lorpenekin: Uraren Ministerioa eratzea eta estolderia eta ur edangarriaren legea aldatzea.

Indartze honen isla bi puntu garrantzitsuetan ematen da. Lehena, Bolivia osoko erakundea osatzen dela (nahiz eta Cochabambakoa izan erreferente) eta barne antolaketa parte hartzaile eta demokratikoa bermatzea. Geroztik, Uraren Ministerioarekin erlazio iraunkorra izan arren, ez dute mobilizazioa baztertzen mugimendu sozial bat den heinean. Horren adibide Meatzaritza legearen artikulu batzuk aldarazi dituztela.

Egungo erronkak hauek lirateke: ureztatzearen teknifikazioan sakontzea eta kontzientziazioan eragitea, hezkuntza ardatz izanik. Hala ere, epe motzeko helburu nagusia, beraiek landutako “agua para la vida” lege proiektua onartzea da, uraren kudeaketa integrala barnebilduz.

YPFB. Hidrokarburoen enpresa estatala. “La fuerza que transforma Bolivia”. Nazionalizazioaren ostean hau da estatuaren zorrora diru gehien aportatzen duen enpresa askogatik. Gu Cochabamba departamentuko gas banaketaz arduratzen den filialean egon ginen. Bertako arduradunek egin ziguten harrera.

Besteak beste kontatu zigun, beren alorrean 1992an hasi ziren kapital frantseseko enpresa pribatuak zirela merkatua kontrolatzen zutenak 2006 urtera arte. Haien helburua gas hornidura unibertsala ematea dela. Hau, hala ere, ez da ekonomikoki errentagarria, beraz, konpromiso sozial gisa hartzen dute haien jarduera. Hori dela eta gasoduktoa iristen ez den lekuetara gasa garraiatu egiten dute; Bolivia guztian zehar errepikatzen den zerbait izanik.

Gaur egun, Cochabambako departamentuan herritarren erdira iristen da gas hornidura, baina 100%era iristea da nahia. Kontuan hartu behar da ekonomikoki errentagarria ez den lekuetara zabaltzen 2006ean hasi zirela; eta estatuak berak, gasoduktoetatik etxe bakoitzerainoko instalazioa egiten ari dela egun.

Prezioei dagokionez, barne merkaturako prezioak finkatuak dira (ez dago enpresen arteko lehiarik). Eta hiru prezio bereizten dira erabileraren arabera: etxekoa, industriala (merkeena) eta komertziala. Etxekoari dagokionez, prezioa ez da igo azken urte hauetan eta hilabeteko tasa 8 peso bolivianotakoa da gutxi gora behera (zerbeza batek 15 eta 20 boliviano artean balio du).

Aipagarria da motor ibilgailu gehienak gasarekin ibiltzen direla (aldaketa egitea doakoa da) eta gasolinarekin alderatuta askoz ere garbiagoa da eta erabiltzailearentzat %40 merkeagoa.

YPFB-z esan 2006ean nazionalizatu zela Evoren garaipenaren ostean. Erreferendum bidez baieztatu zen hau; horregatik du gobernuak ardura berezia prezioak finkatzen, etab.

Lan guztiak YPFB-k egin ez arren (badira estatuak kontratatutako enpresa pribatuak) gasaren jabetza osoa eta erabaki guztiak hartzeko ahalmena estatuarena da; ondorioz mozkinak ere bai. Adibide moduan, gasarengatik estatuak jasotako diru kantitate absolutuak: 2000-2005 artean (nazionalizazio gabe) 1.661 milioi dolar. 2006-2011 (nazionalizazioarekin) 12.421 milioi dolar.

YPFB erraldoia sei enpresetan banatzen da. YPFB Andina (irabazien %45) eta YPFB Chaco (%21) (gas eta petroliaren esplorazio eta ustiaketarako), YPFB Logistica(%0,11), YPFB Transporte(%20), YPFB Refinacion(%12) eta YPFB Aviación(%0,12).

Nora bideratzen den diru hau: YPFB hobetzeko, udaletara (finantziazioa hirukoiztuz), departamentuko gobernazioetara, unibertsitatetara (bikoiztuz) eta politika sozialean eredu diren bi bonotan, “Bono Juancito Pinto” 1,8 milioi umeri 54 milioi dolar entregatuak eta “Renta Dignidad” 880.000 agureri 250 milioi dolar entregatuak.

Ondorioz Boliviak burujabetza ekonomikorako oinarri materiala bermatua du.

Abuztua aurrera doa eta berarekin batera brigada. Oraindik ordea borroka esperientzia asko geratzen zaizkie iruteko. Guk hemendik esperientzia horiek batzen eta zuei eskaintzen jarraituko dugu!

Hamaika herri borroka bakarra!