Venezuelako brigadaren 6.kronika: “Madres del Barrio” Misioa Zuliako estatuan

Venezuelako ipar mendebaldean kokatua dagoen Zulia estatuan egoteko aukera izan dugu. Estatu hau Venezuelako aberatsena da bertan petroleo erreserbak daudelako. Bertako iraultzaileentzat ez da erraza bertan borrokatzea, hain zuzen ere, estatu hau oposizioak gobernatzen duelako.

Testuinguru honetan emakume iraultzailearen papera oso garrantzitsua da. Eta horien artean, aipatzekoa da “Madres del barrio” deituriko misioa. Misio hau 2006. urtean sortu zen etxean lan egiten duten eta beharrak dituzten emakumeei baliabideak eskaintzeko helburuarekin.

Matxismoaren ondorioz tratu txarrak jaso dituzten emakumeak asko dira Venezuelan, emakume hauek auto-estima erabat suntsitua eta bizitzan aurrera egiteko aukera gutxirekin aurkitzen dira eta orain arte gizarteak ez zien inolako babesik ematen.

Honekin batera askotan ez dute lan formakuntza bat izateko aukerarik izan, horietariko askok oso gaztetan izan dutelako bere lehen seme-alaba eta ikasketak uzteko behartuak izan direlako. Honela, milaka dira egoera tamalgarri batean aurkitzen diren emakumeak eta misio honekin bere bizitza berreraikitzeko eta etorkizuna beste modu batean ikusteko aukera zabaltzen zaie.

Zuliako estatuan 2500 emakume inguruk parte hartzen dute aipaturiko misio honetan. Bertan emakume hauek askatasunez hitz egiteko aukera dute, askatasun gune bat dela esan daiteke. Bestalde lan formakuntza eta formakuntza politikoa jasotzeko aukera ere izaten dute, egiten diren tailer ezberdinen bidez.

Emakume iraultzaile eta borrokalari hauekin elkartzeko aukera izan genuen. Haiekin esperientziak elkartrukatu genituen, guztion borroka eta egunerokotasuna ulertzeko aukera eman zigularik. Emakumeek gehiago borrokatu behar dute bizitzan aurrera egin ahal izateko eta askotan iraultza bikoitza egin behar izaten dute.

Guri adierazitako elkartasunean, jaso dugun beroenean, argi ikusi genuen beraien kemena. Bertatik hunkituta eta borrokan aurrera egiteko indarrez atera ginen. Benetako esperientzi aberasgarri eta ahaztezina izan zen.

GORA EMAKUMEEN BORROKA !!!