Venezuelako unibertsitate ikasleen aldarrikapenak eta egoera

venezuela universidad marcha

 

Venezuelako errepublika bolivartarrean gauden euskal brigadistok, ikasle mugimenduko hainbat kolektibok deituriko manifestazio batean parte hartu dugu. Mobilizazio honen helburua Venezuelako Gobernu Bolivartarrak mahai gainean jarritako Unibertsitate Lege berriaren aurrean, ikasle mugimenduko eragileen ekarpenak plazaratzea izan da.

Lege berri honen ezaugarri garrantzitsuenak ondorengo lerroetan aipatutakoak dira:

  • Unibertsitaterako sarrera probak kentzea.
  • Unibertsitatearen demokratizazioa (pertsona bat bozka bat).
  • Ikasle kontseiluen ezarpena.

Orain arte indarrean egon den unibertsitate ereduan, sarrera probak gauzatzea ezinbestekoa zen. Unibertsitate publikoetan proba hauetara edonor aurkez zitekeen arren, ustelkeria kasuak medio, askotan sarbide probaren gainditzea erosi egiten zen, praktikan unibertsitatea elitista bilakatuz. Egoera tamalgarri honen aurrean, manifestazioan parte hartu duten eragileek unibertsitaterako sarbidea edozein eremu sozialetako pertsona guztiei ahalbidetzea eskatu dute. Zehazki baliabide gutxien dituztenen seme alabek lehentasuna izan dezaten aldarrikatu dute.

Unibertsitatearen demokratizazioa eskatzean, gaur egungo egoera iraultzea da helburua. Izan ere, orain artean gutxiengo batek (soilik unibertsitate komunitatearen %10ak) guztien izenean erabakitzeko ahalmena izan du. Honen aurrean legedi berriak unibertsitatean parte hartzen duen pertsona ororen botuaren balioa parekatzea jasotzen du.

Beste aldaketa garrantzitsu bat, ikasleek beraien ordezkariak demokratikoki aukeratzeko duten eskubidearen onarpena da. Zentzu honetan orain arte egon ez diren ikasle kontseiluak sortuko dira.
Aipatutako puntuekin ados egon arren, gaurko manifestazioan parte hartu dutenek lege honen aurrean jarrera kritikoa azaldu dute, unibertsitate eredua erabakitzeko eztabaidan gizarteko sektore ezberdien parte hartze sakonagoa aldarrikatuz. Izan ere, unibertsitateak ere iraultza bolibartarrak daraman norabide berean kokatzeko nahia azaldu du ikasle mugimenduak, aldaketa motore gisa eztabaida sozial zabala ezarriz.